ZOAZTE BIDEGURUTZEETARA Mateo 22,1-14
Urteko 28. igandea A 2020-10-11
Jesusek oso ondo ezagutzen zuen landa-jendearen biziera latz eta aspergarria. Bazekin nola egon ohi ziren larunbata iritsi zain, lanetik «liberatzeko», arnasa hartzeko. Jaietan eta ezteietan gozatzen ikusi ohi zituen. Zein esperientzia gozoagorik jende harentzat, jai-otordu batera gonbidatua izan, auzokoekin eseri eta eztei-jai bat partekatzea baino?
Jainkoaz zuen esperientziak eraginik, Jesus hitz egiten hasi zitzaien era harrigarri batean. Bizitza ez da lan-bizitza hau bakarrik, kezka, pena eta atsekabe-bizitza hau bakarrik. Jainkoa azken jai bat prestatzen ari da bere seme-alaba guztientzat. Guztiok ikusi nahi gaitu eseririk bere ondoan, mahai baten beraren inguruan, zorion bete-beteko biziaz betiko gozatzen.
Ez du aski Jesusek Jainkoaz horrela bakarrik mintzatzea. Berak gonbidatzen zituen guztiak bere mahaira, eta gonbidatzen zituen bekatariak eta jende gogaikarria ere. Guztientzat nahi zuen izan berak azken jairako Jainkoaren gonbit handi. Beraren deia gogotik hartzen zutela ikusi nahi zituen, guztien artean giro adiskidetsuago eta anai-arreba artekoago bat prestatzen, azken jairako egoki presta zitzan.
Zertan da gaur egun gonbit hori?, nork iragartzen du?, nork entzuten du?, non jaso daiteke jai horren berririk? Geure ongizatearekin aserik, gure probetxurako ez denari sorgor, ez dugu nabari Jainkoaren beharrik. Ez ote gara ari ohitzen, pixkana-pixkana, azken esperantzaren beharrik gabe bizitzera?
Mateoren parabolan, lur eta negozio-jabe direnek gonbitari uko egin diotenean, erregeak diotse zerbitzariei: «Zoazte bidegurutzeetara eta gonbidatu aurkituko dituzuen guztiak ezteietara». Ordu arte entzun gabea zen agindu hori, baina Jesusek sentitzen duena islatzen du. Hainbeste uko, hainbeste gutxiespen eta guzti, ospatuko da jaia. Jainkoa ez da aldatu. Gonbidatzen jarraitu behar dugu.
Orain, ordea, gauzarik onena «bidegurutzeetara joatea» da, hainbat jende noraezean dabil haietan, lurrik eta negoziorik gabe, jai batera inork gonbidatu gabe. Horrelako jende horrek uler dezake gonbita beste inork baino hobeto. Jende hori gogora daiteke Jainkoaz dugun azken premiaz. Jende horrek erakusten ahal digu esperantza.
Jose Antonio Pagola