Urteko 27. igandea A (2020-10-04)
Maitasun-kantutik hilketa-kantura (Mateo 21,33-43)
Lehen ekitaldia: Jerusalemeko tenpluaren ataria. K.a. 735. urte inguruan.
Murmurioa isilduz doa. Isiltasuna egin denean, bildua den jendeari hitz egiten hasi zaio Isaias: «Maitasun-kanta bat abestuko dut. Nire adiskideak mahastiari dion maitasunaz». Jendetzak irribarre egin du,ezin sinetsiz Ez du imajinatzen profeta hori maitasun-kanta bat abesten. Gauzarik ohikoena berak salatzea du eta deitoratzea.
Isaiasen adiskideak mahasti bikain bati eskaini dion gogobeteko lanaz ari da kanta: lurra aitzurtu, babestu, landare ona landatu, begiratoki bat eraiki eta, uzta oparo baten zain, dolare bat egin. Denbora baten buruan, mahastiak, mahats eder eta gozoa eman ordez, mahats garratza eman du.
Zitara alde batera utzi eta jendetzari begira-begira jarri da Isaias: «Orain zuei dagokizue epailearena egitea nire adiskidearen eta beraren mahastiaren artean. Egiten ahal zuen nire adiskideak mahastiarengatik egin zuena baino gehiago?»
Jendea isilik eta Isaiasek aurrera: «Esango dizuet zer egingo duen nire adiskideak: mahastiaren hesia botako du ardi eta ahuntzentzat barruti izan dadin, mandoek eta zezenek zapaldu dezaten; hondatuko du laharrak eta karduak estali dezaten, eta eragotziko die hodeiei haren gainera euri egitea.
Etenaldi bat egin eta berriro galdetu dio profetak jendeari: «Zein da nire adiskidea eta zein beraren mahastia?» Baina ez dio eman inori astirik erantzuteko: «Zuek zarete Jaunaren mahastia, Israelgo eta Judako gizon-emakumeok. Gauza asko egin du zuentzat Jainkoak, eta espero zuen trukean zuzenbidea eta zuzentasuna biziko zenituztela, ondo jokatuko zenutela lagun hurkoarekin. Baina soilik hilketak egin dituzue eta intziria eragin.
Bigarren ekitaldia: Jerusalemeko tenpluko atarian. Gure aroko 29. urte inguruan.
Jesusek kontatu berri die apaizei eta senatariei bi anaien parabola; adierazi die, segidan, prostituituek eta zerga-biltzaileek aurrea hartu dietela Jainkoaren erreinurako bidean. Berehala, erreakzionatzeko eta erantzuteko astirik eman gabe, diotse:
−Entzun beste parabola hau. Bazen mahasti bat landatu zuen jabe bat; hesi batez inguratu zuen, dolare bat eraiki…
−Hori ezaguna dugu −komentatu du ahots batek ozenki−. Hori ez duzu zeurea, Isaiasena da.
Jesus ez da asaldatu. Eta parabolak ustekabeko norabidea hartu du bat-batean. Isaiasen mahastiak ez bezala, Jesusen honek eman du fruiturik. Arazoa ez dagokio mahastiari, baizik eta mahasti-langileei, uko egin diote fruituak legezko jabeari emateari.
Drama hiru etapatan garatu da. Lehen bietan, jabeak morroi batzuk bidali ditu, eta langileek zigortu, erail edo harrikatu egin dituzte. Hirugarrenean, bere semea bera bidali du jabeak. Hura ere erail dutenean, Jesusek, Isaiasek bezala, entzuleei begira-begira jarri eta beren iritzia eskatu die: «Zer egingo die langile haiei?»
Isaiasen kasuan ez bezala, entzuleek parte hartu dute oraingoan, epai benetan izugarri gogorra jaulkiz: mahasti-langile horiek heriotza merezi dute eta mahastia beste langile ondraduago batzuei ematea.
Hiru irakaspen handi
1.- Isaiasek, mahastiaren kantuan, gaur oraino kristau askori arrotz gertatzen zaion ideia bat azpimarratu du: Jainkoak digun maitasuna lagun hurkoa maitatuz ordaintzen da. Jainkoak gauza asko egin ditu israeldarren alde; baina eskatzen diena, ez da kultu-ekintzak eskaintzea, baizik eta zuzentasuna eta zuzenbidea bizitzea. Jesusek esango du, bigarren agindua (lagun hurkoa maitatzea) lehen agindua (Jainkoa maitatzea) bezain garrantzizkoa dela. Eta bere lehen gutunean, Joanek dio: «Jainkoak horrenbeste maite bagaitu, guk ere maitatu behar ditugu… geure anai-arrebak».
2.- Jesusentzat, Isaiasentzat ez bezala, arazoa ez da mahastia txarra eta agorra izatea. Aitzitik, ematen du fruiturik bere sasoian. Gaitza agintari erlijiosoengan dago, mahastia jabetza pribatutzat hartzen baitute, benetako jabea aintzat hartu gabe. Horregatik, modu ulertezinean liturgiak alde batera utzi duen iruzkin bat dakar Mateok bukaeran: «Jesusen parabolak entzun ondoren, apaiz nagusiak eta fariseuak jabetu ziren beraien kontra zihoazela» (45. txatala). Guztiz jarrera okerra izango litzateke, igande honetako homiliaz baliatzea, bertaratu den jendeari eraso egiteko, nahikoa eta gehiago egiten baitu gu jasatearekin. Benetan interpelaturik gu geu sentitu beharko ginateke, kristau-elkartearen baitan erantzukizun berezi bat dugunok.
3.- Bere azken bertsioan (ikus honen segidako ataltxoa), parabolak Jesusen garrantzia eta garaipena azpimarratzen ditu. Profeta (morroi) guztien ondoren, Jesus bera da «semea», Jainkoak bidali ahal izan duen baliotsuena. Eta agintari erlijiosoek gutxiesten eta mespretxatzen duten arren, Elizaren eraikin berriaren zimentarri bilakatu da bera.
Parabolaren historia korapilatsua
Parabola hau Mateoren ebanjelioan bakarrik datorrenez, ezbaia dago adituen artean: benetan Jesusek kontatua den ala ebanjelariak asmatua. Daitekeen da, ordea, beste aukera bat: parabola Jesusek kontatua izatea, baina Mateok geroago egokitua.
Azken hipotesi honetan, jatorrizko parabola morroiak, profetak, bidaltzeaz bakarrik ari bide zen, mahasti-langileek zigortu, erail edo harrikatu zituztenez bakarrik. Eta hitz hauekin bukatu bide zen: «Horregatik diotsuet, zuei kendu egingo dizuela [Jainkoak] Jainkoaren erreinua, eta fruitu emango duen herri bati emango diola».
Jesus hil zutenean, lehen kristauek uste izan zuten horixe zela krimenik handiena, eta semea bidaltzeari eta hiltzeari dagozkien hitzak Mateok gehitu bide zituen. Eta Jesusen garrantzia azpimarratzeko ildo berari jarraituz, Sal 118,22ko hitzak gehitu bide zituen: «Etxegileek baztertu zuten harria, zimentarri da orain. Jaunak egin du hori, begi-bistako miraria izan da». Metafora-aldaketa handia da. Mahasti-langileak etxegile bihurtu dira, eta semea harri bat da. Etxegileek baztertu egin dute, ez dutelako jo zimentarritzat, arku guztiaren zamaren euskarritzat. Alabaina, Jainkoak leku pribilegiatu batean ezarri du. Gehitze honekin, parabolak argitasuna galdu du, baina agintari erlijiosoei ohartarazi die, beraien krimenak ez duela ezertako balio izan, eta kristauak poztarazi ditu Jesusen piztueraz ziurtasuna emanez.
Jainkoaren bakea eta bera lortzeko modua (2. irakurgaia: Flp 4,6-9)
Pauloren gaurko irakurgaia hitz hauekin hasten da: «Ez izan ezeren kezkarik», eta geroxeago oso antzeko bi promes errepikatzen ditu: «Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak», eta «Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue». Beti beharrekoa dugu bakea, are beharrezkoagoa gaur egun. Paulok hiru baliabide eskaintzen dizkie filipoarrei bakea lortzeko: 1) otoitza, erregua eta eskerrak ematea; 2) gogoan hartzea bertute edo merezimendu den oro; 3) beragandik hartu, berari entzun eta beragan ikusi zuten guztia praktikatzea.
Baliabide hauez gogoeta egin eta praktikatzen baditugu, lortuko dugu Jainkoaren bakea.
José Luis Sicre