GAUZAK EZ DIRA BETI EMATEN DUTEN BEZALAKO
(Mateo 21,28-32)

Urteko 26. igandea A 2020-09-27

Argienetakoa da parabola eta soilenetakoa. Aita bat bere bi semeei hurbildu zaie, mahastira lanera joan daitezen eskatzera. Lehenak biribilki erantzun dio ezetz: «Ez dut nahi». Gero, ordea, pentsatzen jarri eta lanera joan da. Bigarrenak menekotasun nabari-nabariz erreakzionatu du: «Jakina, joango naiz, jauna». Baina dena hitz huts geratu da, ez da joan mahastira.

Parabolaren mezua ere agerikoa da, eta eztabaidaz gainekoa. Jainkoaren aurrean, garrantzizkoa ez da «hitz egitea», baizik betetzea; erabakitzailea ez da promes egitea edo aitortzea, baizik haren nahia betetzea. Jesusen hitzak ez du ezer berezirik.

Berezia dena, Mateo ebanjelariaren arabera, Jesusek gizarte hartako buruzagi erlijiosoei bota diena da: «Egiaz diotsuet: zerga-biltzaileek eta prostituituek aurrea hartu dizuete Jainkoaren erreinurako bidean». Egia ote Jesusek dioena?

Lege-maisuak etengabe mintzo dira legeaz: beti dute ezpainetan Jainkoaren izena. Tenpluko apaizek atsedenik gabe goresten dute Jainkoa; beterik dute ahoa salmoz. Inork ez luke esango Aitaren nahia egiten ari ez direnik. Baina gauzak ez dira beti ematen duten bezalako. Zerga-biltzaileek eta prostituituek ez diote hitz egiten inori Jainkoaz. Duela asko ahaztu ziren haren legeaz. Halere, Jesusen arabera, apaiz nagusien eta lege-maisuen aurretik doaz Jainkoaren erreinurako bidean.

Zer ikusten ahal zuen Jesusek jende guztiak gutxiesten zituen gizon-emakume haiengan? Agian, beraien apaltasuna? Agian, bihotz irekiago bat Jainkoari eta beronen barkazioaren premia handiagoa? Agian, ulermen eta hurbiltasun handiagoak berak gizarteko azkenak zirenez? Agian, jende horrengan harrokeria eta nagusikeria txikiagoak lege-maisuengan eta apaiz nagusiengan baino?

Kristauok hitz oso ederrez bete dugu hogei mendeko geure historia. Kristau-irakaspena kontzeptu sakonez eratutako sistema ziragarriak eraiki ditugu. Halaz guztiz, gaur eta beti, Aitaren zinezko borondatea bete, Jesusen ebanjelioa egitatez oratzen dutenek betetzen dute, xume eta konfiantzaz bihotza haren barkazioari irekitzen diotenek.

Jose Antonio Pagola