Urteko 26. igandea A (2020-09-27)
Aste Santua irailean (Mateo 21,28-32)
Pandemiak, aurten, haur askori eragin dio Lehen Jaunartzea ospatzera, ez maiatzean, baizik eta irailean. Izan ere, Eliza Katolikoak ez du inolako birusen beharrik gertakizunen hurrenkera aldatzeko. Urte liturgikoa hemendik bi hilabetera bukatuko dugu (azaroaren 22an); horregatik, gaurko igande honetan hasita Jesusen azken irakaspenak entzuteari ekingo diogu, Astelehen Santu deitu ohi dugunean barna.
Hiltzerainoko borroka tenpluan
Bezperan, garaipentsu sartu da Jesus Jerusalemen, tenplua garbitu du, animalia-saltzaileak eta moneta-trukatzaileak kanporatuz, eta eraikin sakratuan herren eta itsuak sendatu ditu, tenpluan sartzea debekatua zuen jendea, alegia. Aise imajinatzen ahal da apaizen eta lege-maisuen (gaurko moralisten, kanonisten eta teologoen ordezkarien) haserrea. Egun horretan, erramu-igandean, protesta egitera mugatu dira. Biharamunean, ordea, Jesus Jerusalemera eta tenplura itzuli denean, botere erlijiosoa eta politikoa duten talde guztiek erasoko diote, txandaka, galderarik konprometituenak eginez, bera kondenatu ahal izateko.
Lehen galdera, zuzenekoena, apaizek eta senatariek (botere politikoaren ordezkariek) egin diote, bezperan gertatua gogoan hartuz: «Zein aginpidez ari zara egiten hau guztia? Zeinek eman dizu aginpide hori?» Aukerabide estu baten aurrean dago Jesus. «Jainkoak emana duela», erantzuten badu, biraolaritzat sala dezakete. «Nik neurez dut», erantzuten badu, zorotzat emango dute edota iraultzaile arrunt batetzat. Zuzeneko erantzunari izkina egin eta tranpa bat jarri die. Israelgo buruzagi erlijioso direnez, eta halakoak direlakoan galdetzen diotenez, eman diezaiotela beren iritzia sona handiko beste pertsonaia batez: Joan Bataiatzaileaz. «Joanen bataioak non zuen jatorria, Jainkoagan ala gizon-emakumeengan?» Haiek, alde batera edo bestera jartzearen arriskuaz konturaturik, «Ez dakigu» erantzun diote. Eta Jesusek labur moztu du kontua: «Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez ari naizen hau egiten». Eta, berehala, kontraerasora jo du, igande honetan irakurriko dugun parabola honekin: bi semeenarekin (Mateo 21,28-32).
Ez mihi luze, bai lan zale
Jesusek proposatu duen istorioa hain ulerterraza da, non haren etsaiak tranpan erori baitira. Aita bat eta bi semeak. Bietan zeinek bete du aitaren nahia? Protesta eta guzti aitaren esana egin duen seme gaizki heziak ala gogoak eman diona egin duen seme abegitsu eta irribarretsuak? Begi-bistakoa da erantzuna: lehenak. Inporta duena ez da hitz politak esatea; ez dio inporta protesta handiak egitea ere. Inporta duena, aitak nahi duena egitea da. Inporta duena, «ez mihi luze, bai lan zale» izatea da.
Jesusek, ordea, ondorio txundigarri bat atera du honetatik. Hobe modu txarrean bizi, baldin eta azkenean Jainkoak nahi duena egitea, jainkozaletasun-itxurak egin baina azkenean Jainkoaren nahia betetzeari uko egitea baino. Ebanjelioko hitz mingarriez esanik: hobe prostituitu edo lapur izan, baldin eta azkenean konbertitzen bazara, edozein erakunde edo instituzio erlijiosoko izan baina azkenean konbertitzeko gai ez bazara baino.
Zertan datza konbertsioa? Beste ezusteko bat. Kontua ez zen Jesus eta haren mezua onartzea, baizik eta, ebanjelioaren lehen urrastzat, Joan Bataiatzailea, zuzentasunaren eta Jainkoaren leialtasunaren bidea azaldu zuen hura, onartzea. Horrela, agintariek erantzun nahi izan ez dioten galderari erantzun dio Jesusek zeharbidez: «Non zuen jatorria Joanen bataioak, Jainkoagan ala gizakiengan?» Joanen bataioa Jainkoaren gauza zen, bide zuzena markatzen zuen haren predikuak. Prostituituek eta zerga-biltzaileek, seme protestagile baina esaneko izan denak ordezkatzen dituen haiek, sinetsi zuten Joanengan. Agintari erlijiosoek, seme abegitsu bezain faltsua izan denak ordezkatu dituen haiek, berriz, ez zuten sinetsi harengan.
Bere buruari harrika ematen?
Parabolaren interpretazio honetan, ematen du –gauza bitxia−, Joanen eta Jesusen aurka jarri dela. Biek beren alde dituzten lekukoak sinesgarri ez den jendea da, prostituituak eta jende ustiatzailea; uko egiten dietenak eta isildu direnak, berriz, jende erlijiosoa da, izen onekoa, apaizak. Aukeratzen hasita, gaur egun, pertsona jainkozale bakar batek ere ez luke onartuko drogadikto eta prostituitu banaka batzuen iritzia Gotzain Batzarrak erabakitakoaren aurka.
Gainera, Jesusen garaiko judu jainkozalea (gure garaiko kristau jainkozale asko bezala) konbentziturik dago, ez duela zertan konbertitu. Eta zerbaitetan aldatu beharrik izango balu, bidea ezin erakutsi izango lioke jende arrotz eta dudagarriak, Joan Bataiatzailea, Martin Luther King, Oskar Romero, Pedro Casaldaliga edo Frantzisko aita santua bezalakoak.
Horrela, zentzu betea hartzen dute Jesusen hitzek: «Zerga-biltzaileek eta prostituituek aurrea hartu dizuete Jainkoaren erreinurako bidean». Erreinu horretan sartzeko, biziera berri batera jo beharra du gizakiak, aurreko bizierarekiko eten drastiko eta mingarria egin behar badu ere. Erakunde erlijiosoak irmo eutsiko dio bereari; are gehiago, parabolaren argudioaz baliatuko da Joani eta Jesusi uko egiteko. Baina erreinua handituz joango da sinesgarri ez den, baina Jainkoari beste era batean leial izateko bidea erakusten dioten horiengan konfiantza ipini duen jende horrekin. Lehen irakurgaian, Ezekiel profetak dioen bezala, hausnartzeko eta konbertitzeko gai den jende horrekin.
José Luis Sicre