JAINKOA ONBERA DA GUZTIEKIN (Mateo 20,1-16)

Urteko 25. igandea A 2020-09-20

Dudarik gabe, Jesusen parabolarik harrigarrienetakoa da eta zirikagarrienetakoa. «Mahastiko langileen parabola» deitu ohi zitzaion. Baina mahastiaren jabea da protagonista. Ikertzaile batzuek, gaur egun, «guztientzat lana eta ogia nahi zituen ugazabaren parabola» deitzen diote.

Gizon hau, bera irten da plazara askotariko langile-taldeekin hitzartzera. Lehenengoekin goizeko seietan hitzartu da, beste batzuekin bederatzietan, beranduago eguerdian eta arratsaldeko hiruretan. Azkenik bostetan, lanaldia bukatzeko ordubete bakarrik falta zenean.

Arraroa da beraren jokabidea. Ez du ematen mahastiaren ardurak eragin dionik. Nahi duena, jende hori lanik gabe gera ez dadin da. Horregatik irten da azken orduan ere, inork dei egin ez dienei ere lana emateko. Eta, txundigarria, lanaldia bukatzean, iluntzean afaltzeko behar duen denarioa eman dio bakoitzari, baita irabazi ez dutenei ere. Lehen ordukoek protesta egin dutenean, erantzun die: «Inbidia izan behar al duzue ni onbera naizelako?».

Zer iradoki nahi du Jesusek? Jainkoak ez al du jokatzen geure artean izaten ditugun zuzentasun eta parekotasun-irizpideekin? Gertatzen dena, ez ote da, pertsonaren merezimenduak neurtu baino gehiago, Jainkoak gure premiei erantzun nahi diela?

Ez da erraza sinestea Jesusek erakusten duen Jainkoaren onberatasun ezin atzeman horretan. Bati baino gehiagori gertatuko zaio eskandalagarri Jainkoa guztiekin onbera izate hori, merezi ala ez, fededun nahiz agnostiko, beraren izenari dei egin nahiz berari atzea eman. Baina horrelakoa da Jainkoa. Eta egiten ahal dugun gauzarik onena, Jainkoari Jainko izaten uztea dugu, geure ideiez eta eskemez bera gesaltzen saiatu gabe.

Kristau ez gutxik Jainkoaz eratu izan duen irudia «nahastura» bat da, osagai nabarrez eta, are, kontraesanekoz oratua. Alderdi batzuk Jesusengandik datoz, beste batzuk zuzentasun-min den Itun Zaharreko Jainkoagandik, beste batzuk norberaren beldur eta mamuengandik. Hartara, sorkari guztiei Jainkoak dien maitasuna galdurik edo itxuragabeturik gelditzen da.

Kristau-elkarte batean, zeregin garrantzizkoenetako bat, Jesusek bizi izan zuen Jainkoaren esperientzian gero eta gehiago sakontzea da. Jainko horren lekukoek bakarrik ereingo dute munduan beste esperantza bat.

Jose Antonio Pagola