BARKATZEAK ON EGITEN DIGU (Mt 18,21-35)
Urteko 24. igandea A 2020-09-13

Psikoterapia-eskola handiek ez dute aztertu, esateko, barkatzearen indar sendatzailea. Duela gutxi arte, psikologoek ez zioten aitortzen zerikusirik nortasun sano baten hazkunderako. Uste zuten ─eta uste izaten jarraitzen dute─, oker, barkazioa jarrera erlijioso hutsa dela.

Bestetik, kristautasunaren mezua sarritan murriztu izan da jendeari barkazioa eskuzabal eman dezan aholkatzera; portaera horren oinarritzat Jainkoak eskaintzen digun barkazioa emanez; eta beste ezer irakatsi gabe, bihotzez barkatzera iristeko egin behar izaten den ibilbideaz. Horrenbestez, ez da harritzekoa barkazio-prozesuaz jende asko ia ez-jakitun izatea.

Halaz guztiz, barkazioa ezinbestekoa da elkarbizitza sano baterako: familian, zeinetan eguneroko bizitzako urradurek sarritan eragin baitezakete tirandurarik eta gatazkarik; adiskidetasunean eta maitasunean, zeinetan jakin beharrekoa izaten baita nola jokatu balizko umilazioen, engainuen eta leialtasun-gabezien aurrean; bizitzako askotariko egoeratan, zeinetan izaten baitugu erreakzionatu beharrik, erasoak, zuzengabekeriak eta abusuak direla eta. Barkatzen ez dakiena, betiko gera daiteke zauriturik.

Bada hasieratik argitu beharreko zerbait. Batzuek barkatzeko ezgai ikusten dute beren burua, haserrea mendekuarekin nahasten dutelako. Haserrea mindura-erreakzio sanoa da jasandako irainaren, erasoaren edo zuzengabekeriaren aurrean: gizabanakoa asaldatu egiten da, kasik senez bezala, bere bizia eta duintasuna defenditzeko. Aitzitik, gorrotoa, erresumina eta mendekua lehen erreakzio hori baino harago joan ohi dira: pertsona mendekatzaileak kalte egin nahi izate du, umiliatu eta suntsitu gaitz egin dion hura. Barkatzeak ez du esan nahi haserrea erreprimitu behar dela, nahita nahiez.

Alderantziz, lehen sentimendu horiek erreprimitzea kaltegarri ere gerta daiteke, baldin eta pertsonak haserrea bere baitan metatzera jotzen badu, geroago jende errugabe edo norberaren kontra altxatuko dena. Osasungarriagoa da haserrea aitortu eta onartzea, norbaitekin, agian, errabia eta sumindura partekatuz. Ondoren errazagoa izango du baretzea eta erabakitzea, ez duela joan nahi erresumina eta mendekuaren fantasia elikatzen, horrek kalte handiagoa egingo liokeelako.

Jainko barkatzaileagan sinestea, orduan, egundoko akuilu eta indar gertatuko zaizkio fededunari. Jainkoaren baldintzarik gabeko maitasuna bizi duenari errazago gertatzen zaio barkatzea.
Jose Antonio Pagola