URTEKO 23. IGANDEA A 2020-09-06

SARRERA

Senideok, Jaun Berpiztuak deitzen gaitu, beste behin, bere heriotza eta piztuera ospatzera. Kristo da gure fedearen oinarria, gure indarraren iturburua, bidean argi egiten digun argia.
Kontuan har dezagun, alabaina, Jaunak deitzen gaituela bere misterio nagusia ospatzera, ez bakarka, baizik elkartean. Gaurko irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, elkartearen garrantzia azpimarratzen digute; baita guztiok eta bakoitzak dugun erantzukizuna ere, elkarte hori benetakoa izan dadin.
Gizon-emakumeon artean, batak bestea zentzaraztea, zuzentzea, batak besteari kargu hartzea, solidaritate-modu bat da, maitasunean oinarritua. Oker dabilen bati kargu hartzeak, ondorio sozial eta pertsonal handiak izan ditzake; gaurko lehen irakurgaiak garrantzi handia ematen dio; baita Kristok ere ebanjelioan. Jakina, kargu hartzea apaltasunez egin behar da, eta maitasunak eraginda: dagokionarekiko eta gizartearekiko maitasunez.
Pentsa dezagun, Jaunak onartzen gaituela ospakizun honetan eta bizitza guztian, eta bidelagun dugula bera beti. Haren ondoan anai-arreba gara fedean.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (33,7-9)

Ezekiel profetak, Jerusalemek gainean duen hondamendia (K.a. 587) iragarri beharra sentitu du. Betebehartzat du eginkizun hori; bere orduan iragartzen ez badu, hondamendiaren erantzule izango da. Konbentziturik dago Ezekiel, konbertsioa posible dela aipatu bi maila horietan; esperantza bizi duen gizona da; zeren Jainkoak ez baitu nahi bekataria hiltzea, bizitzea baizik.
Horrenbestez, Ezekielek, geure anai-arreben salbamen-auzian, guztiok eta bakoitzak dugun erantzukizuna gogoratzen digu. Denok gara familia bereko kide; hargatik, denok behar diogu bide okerrean dabilen lagun hurkoari lagundu. Ezekiel, hitz batean, elkartearen zelatari, begirale, zaintzaile sentitzen da. Horra bere burua kristautzat ematen duen pertsona ororen bidea.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (13,8-10)

Bigarren irakurgai hau, bat dator hein handian lehenengoarekin: maitasuna da kristau-bizitzaren eta giza bizitzaren muina.
Legeko eta profeten arau guztiak biltzen ditu maitasunaren legeak. Itun Zaharretik dator irakaspen hau. Hona zer dakarren Lebitarrak liburuak (19,18): «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Neu naiz Jauna». Horixe bera hots egin du Paulok. Horixe da Jesusek esan diguna ere: Jainkoa maitatu lagun hurkoa maitatuz..
Hauxe da Paulok proposatzen digun araua. Azken batean, Jainkoaren onginahi salbatzailea aintzat hartzea da kontua.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (18,15-20)

Gaurko ebanjelioa, elkarteari buruzko hitzaldia izenekoan dator. Kode edo jokabide labur bat tartekatu du ebanjelariak, elkarteko gatazka-kasuez ari da. Zehazki, anai-arreba arteko zuzenketaz edo zentzarazpenaz.
Elkarte bateko bizitzan, halako batean pertsona baten bekatuari aurre egin beharra gertatzen da. Nola jokatu? Lehenik eta behin, ez da zuzena ezikusiarena egitea. Askoz okerragoa izango litzateke, ezikusiarena egite hori konplizitate zital baten ondorio izango balitz. Gogora dezagun bata bestearen erantzule garela. Hasiera liburuan (4,9) irakurtzen dugu Kainen kasua; Kainek Abel bere anaia hil ondoren: «Jaunak esan dio Kaini: “Non da zure anaia?” Eta Kainek: “Ez dakit…”. Jaunak orduan: “Zer egin duk?”»
Guztiok jaso dugu mandatua, anaia edo arreba bide txarretik ateratzen saiatzekoa.
Horiek horrela, gaurko ebanjelioak bi puntu azpimarratzen ditu nagusiki. Batetik, guztiok dugu erantzukizuna kristau-elkartea behar bezalakoa izaten saiatzeko; hori dela eta, elkarteko kide bat ondo ez badabil, lagundu egin behar diogu, begiak ireki eta bide zuzenera jo dezan. Bestetik, otoitzaren indarra agertu digu Jesusek; elkartean otoitz egitean izango dugu, nagusiki, Jesus geurekin, elkartetik kanpo denari laguntzeko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztion alde: Kristogan anai-arreba ditugun guztien fedearen ardura izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Geure elkartean otoitz egiten, gero eta beroago izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, gaixo eta kartzelan direnen alde: geure maitasuna agertzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eskolara bidean laster hasiko diren guztien alde: jakin dezaten, inoiz baino beharrezkoagoa dutela erantzukizunez jokatzea. Eska diezaiogun Jaunari.