URTEKO HOGEITA BATGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Emanen dauzkitzut Dabiden etxeko giltzak )

Izai profetaren liburutik 22,19-23

Hau dio Jaunak Xebna errege-jauregiko buruzagiari:
19 “ Kenduko zaitut zure kargutik, zauden lekutik botako.
20 Eta egun hartan nere zerbitzaria deituko dut
Eliakim, Hilkiazen semea.
21 Zure soinekoa eta zure gerrikoa jantziko diozkat,
eta zure nagusigoa emanen diot.
Aita izanen da Jerusalemeko bizilagunentzat,
eta Judako herriarentzat.
22 Lepoan ezarriko diot Dabiden etxeko giltza:
harek idekia ez du nehork hetsiko,
harek hetsia ez du nehork idekiko.
23 Itzea zur gogorrean bezain sendo ezarriko dut,
bere aitaren etxearentzat errege-alki ospetsuaren pare izanen da.

Irakurgai hunekin Ezekias Judako erregearen denboran gira. Ezekias (716 – 687 J.K. aitzin)
errege ontzat emaiten du idazleak, idolatriari eta sorginkeriari gerla egin baitzioten. Bainan
erresumako gauzek gaizkirat egin zuten. Ezekiasen aitak Asiriarren nagusitasuna onartu zuen.
Ondorioz, zerga ezin-jasanak ordaindu behar ziren. Ezekiasek libertatea amesten zuen, batean
Asiriarren kontra altxatuz, bestean Egiptoaren laguntza eskatuz.
Anartean, Ezekiasek bazuen jauregizain bat, Xebna, bere ametsa sakelen betetzea zuena
(hemen sartzen gira gaurko irakurgaian). Izai profetak, Jainkoaren izenean, erraiten dio :”Kenduko
zaitut zeure kargutik, zauden lekutik botako.” Eta hala gertatu zen : Eliakimek ordaindu zuen kargu
hortan. Harrigarri kausi daiteke, Jainkoaren Hitza emaiten daukun Biblia, errege mutil batzuren
aferetan sar dadin. Bainan, hain xuxen, hemen da erakaspena : Jainkoa gure bizian bilatu behar
dugu, ez beste nunbait. Gure egun guzietako xoko-mokoetan agertzen da. Adibidez, hemen,
Jainkoak ez du Ezekias erregea laguntzailerik gabe utziko : Xebna berekoi hura kendu eta Eliakim
gizon zuzena emanen dio lankide.
Mezu sustatzailea dugu beraz hemen. Profetak mezutzen du Jainkoak ezarriko dituela
gauzak haxean : Xebna mutil tzarra kanporat, Eliakim gizon zuzena giderretan, “itzea zur
gogorrean bezain sendo.” Pasarte hunek gaurko ebanjelio zatiarekin pare egiten du : alde batetik
Eliakim eta bestetik Petri. Bat “itzea” bezain sendo, bestea “harria” bezain. Eliakimek Daviden
erregetzaren gakoa sorbaldan, Petrik “zeruetako erreinuko gakoak” eskutan.

Salmoa 137

Leloa: Zuhauk egina ez utz, Jauna, baituzu beti bihotz ona.

Eskerrak zuri, eskerrak, Jauna, bihotz osoz,
Otoizka entzun nauzulakotz.
Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko,
Tenplo alderat belauniko.
Eskerrak zuri, on baitzare on eta zuzen:
Zuk hitza funski atxikitzen.
Nik zuri oihu egin orduko, zuk ni entzun;
Zer indar gaitzaz bete nauzun.
Zoin gora Jauna: maitatzen ditu apalduak,
Urrundik uzten hanpatuak.
Zuk duzu, Jauna betiereko bihotz ona,
Sekulan ez utz hasi lana.

Erran daiteke salmo hunek Izraelen historia guzia kondatzen duela laburzki. Historia hori
salmo guzitan aurkitzen dugu : Jainkoaren eta Izraelen arteko elkargoa da. Jainkoak Izrael hautatu
du bere profetatzat. Izraeli agertu dion segeretua hau da : Jainkoa amodio dela. Hori behar du
Izraelek oihukatu mundu guziari. Hori bera dio salmo hunek ere. Bidenabar erran dezagun salmoan
aipu den « Ni » hori Izrael osoa dela.
– « Eskerrak zuri, eskerrak Jauna, bihotz osoz. » Deuteronomioko pasarte ezagun baten
oihartzuna dugu hau : « Zeure Jainko Jauna bihotz osoz…maitatuko duzu ». Eta zergatik eskerrak
eman ? « Otoizka entzun nauzulakotz », galdegiten nuena eman dautazulakotz.
– « Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko. » Fededuna oraidanik zeruko liturgian sartzen
da. Han kantatzen dute Jainkoaren zerbitzariek : “Saindu, saindu, saindu, diren guzien Jainko
Jauna!”
– “Eskerrak zuri, on baitzare, on eta zuzen.” On eta zuzen, edo hobeki itzuliz « osoki leial
eta egiazale » Jainkoa bera da, Jalgitza liburuak dionaz (Jal 34,6) : « Jainko bihozbera eta
urrikalkorra (naiz), berant-haserre, osoki leial eta egiazalea. »
– salmoa hunela bururatzen da : « Sekulan ez utz hasi lana » gure huts eta bekatuengatik,
ezen « zuk duzu Jauna, betiereko bihotz ona. » Segurtamena badugu beraz Jainkoa ez dela etsituko
barkatzetik.

Bigarren irakurgaia

( Salbamenduko mixterioaren barnatasuna )

Jondoni Paulok Erromanoeri 11,33-36

Haurrideak,
33 zein barna Jainkoaren aberastasuna, zuhurtzia eta jakitatea!
Bai, ezin ikertuak haren erabakiak, ezin adituak haren bideak!
34 Nork ote daki Jaunaren gogoaren berri?
Nor izan da haren kontseilari?
35 Nork eman dio hari lehenik,
gero harenganik ordaina ukaiteko?
36 Harenganik, haren bidez eta harentzat dira guziak.
Hari aintza betiere! Amen.

Lerro hauek Jondoni Pauloren hausnarketa bat bururatzen dute. Paulo bere baitan inarrosia
da : mila urte hartan Izrael herria egiazko Jainko bakarraren mezularia zen. Jainkoak elkargo egin
zuen Egiptoko esklabotasunetik ihes atera zuen herriarekin. Leialtasun osoa eta etorkizun argitsua
hitzeman zion. Mendez mende, eta bereziki ateka gaixtoenetan, profetek oroitarazi zion herri
hautetsia zela, Jainkoarekin egin hitzarmena sendoa zela, hartan fida zadin : « Nazioneen argitzat
ezarri zaitut, nere salbamendua lurraren bazterreraino hel dadin. » (Is 49,6)
Eta horra orai dena uzkali dela : asmo eder hortan girixtinoek urradura bat egin dutela iduri
du. Judu herriaren erdian Jesusen segitzaileek fede berritu bat bezala sortu dute. Paulo bera
horietarik da. Urradurak bihotza erdiratzen dio : herri hautetsiak baztertua iduri du. Bainan ez,
Jainkoa leiala da : hitza hitz. Gaitzetik ongia aterako du.
Bainan nola ? Paulok berak ez daki, bainan Jainkoaz segur da, eta etorkizuna Jainkoak
hitzeman hura izanen da. Orduan, mirespenean sartzen da (gaurko irakurgaia) : « Zein barna
Jainkoaren aberastasuna, zuhurtzia eta jakitatea !… » Jainkoaren zuhurtzian sinestea, Paulok
badaki nehork baino hobeki Izraeli zor zaiola. Giristinoek (heieri mintzo da Paulo) ez dezatela hori
ahantz. Alabainan Pauloren inguruko giristinoak grekoak dira gehienak, eta grekoek goren gorenean
daukatena filosofia da ; erran nahi baita gizonaren zuhurtzian sinestera ekarriago direla Jainkoaren
zuhurtzian baino.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Petriren fedearen gainean Jaunak jarri du bere Eliza,
eta herioaren indarrak ez zaizkio nausituren.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 16,13-20

13 Jesus Filiperen Zezareako eskualderat etorri zen,
eta bere dizipulueri galdegin zioten:
“ Gizonaren Semea nor dela dio jendeak? ”
14 Heiek ihardetsi:
“ Batzuek Joanes Bataiatzailea dela; beste batzuek Eli,
beste batzuek Jeremi, edo profetetarik bat.”
15 Jesusek berriz:
“ Eta zuek, nor naizela diozue?”
16 Zimun Petrik ihardetsi zuen, erranez:
“ Zu Mesias zira, Jainko biziaren Semea.”
17 Orduan, Jesusek erran zion:
“ Dohatsu zira, Zimun, Jonaren semea,
hori ez baitauzu ez haragiak ez odolak agertu,
bainan bai zeruko nere Aitak.
18 Eta nik erraiten dautzut: zu zira Petri (Harri),
eta harri horren gainean eraikiko dut nere Eliza,
eta herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko.
19 Zeruetako Erreinuko gakoak emanen dauzkitzut:
lur huntan lotuko duzuna,
zeruan ere lotua izanen da,
eta lur huntan libratuko duzuna,
zeruan ere libratua izanen da.”
20 Orduan dizipulueri manatu zioten
nehori ez erraiteko Mesias zela.

Zezareako gertakari hau Jesusen bizian bihurgune bat izan zen. Kondaira hau bururatu
orduko Matiuk idazten du : “Ordutik hasi zen Jesus bere dizipulueri erakusten Jerusalemerat joan
eta…hilen zutela, eta hirugarren egunean piztuko zela.” Bizkitartean ez da deus berririk erraiten :
Jesusek bere burua “Gizonaren Semea” deitzen du -bainan hori jadanik bederatzi aldiz errana da
Matiuren Ebanjelioan- eta Petrik “Jainkoaren Semea” emaiten dio izen, bainan ez da hola mintzatu
diren guzietan lehena.
Lehen titulua “Gizonaren Semea”. Izen hori Daniel profetak aipu du lehen aldikotz : “Gauikuskarietan, gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen.” (Dn 7,13) Urruntxago
Danielek dio gizaseme hori ez dela gizabakar bat bainan herri bat :”Goi-goikoaren herri sainduari
emanen zaio erregegoa, eta harena izanen da betiko.” (Dn 7,18). “Gizonaren Semea” titulua bere
gain hartuz, Jesus Jainkoaren herriaren buru ezartzen da beraz.
Emaiten zaion bigarren titulua : “Jainkoaren Semea” da. Hori ere ez da lehen aldikotz
agertzen. Matiuren Ebanjelioaren hastean berean (4. kap.), debruak titulu hori emaiten dio Jesusi
”Jainkoaren Semea bazira.” Uste bide du Jesus bere botereaz baliatuko dela. Bainan, alderantziz,
Jesusek konfiantxa osoa egiten dio bere Aitari, eta haren Hitza du janari.
Gero, Tiberiadeko lakuaz bestaldean, bi debrudunek diote Jesusi oihu egiten : « Zer behar
duzu gutarik, Jainkoaren Seme ? » (Mt 8,28)
Beste behin, dizipuluak Galileako lakuan zoatzilarik untzia, Jesus agertzen zaiote, gauaz.
Petrik haren biderat joan nahi du uraren gainean oinez. Abiatzen da, bainan laster dudatzen du eta
urean sartzen hasten. Eta Jesusek : « Fede gutiko gizona ! Zergatik dudatu duzu ? ». Eta Petrik :
« Zinez, Jainkoaren Seme zira zu ! » (Mt 14,22-33)
Egungo Ebanjelio zatian, Zezareako eskualdean, Petrik fede aitorpen garbia egiten du :
Jesusi ez dio titulu bat edo beste emaiten, bainan biak batean. Jesusek galdegiten du : « Gizonaren
Semea nor dela dio jendeak ? » Petrik errepostu : « Jainko biziaren Semea. » Jesusek gauza bera
eginen du Apez Nagusiaren aitzinean. Hunek : « Zinez erraguzu Mesias, Jainkoaren Semea zu ote
ziren. » Jesusek ihardetsi : « Zuk erran duzu. » (Mt 26, 63-64) Hemen ere Jesus ez da Jainko
ospetsu eta indartsu agertzen, bainan gizonen eskuetarat eman amodioa bezala.
Petrik Jesus nor den ezagutu orduko, Jesusek Berri Onaren zabaltzera igortzen du : « Zu zira
Petri (Harri), eta harri horren gainean eraikiko dut neure Eliza… » Petrik sinetsi duelakotz.
Elizaren zutabe bakarra fedea da.
« Eraikiko dut neure Eliza » Jesusek du beraz Eliza eraikitzen. Ez gira gu eraikitzaileak.
Galdegiten zaukuna da entzun dezagun Jainkoak agertu nahi daukuna. Eta Kristo delakotz
eraikitzaile, gauden segur herioaren indarrak ez zaizkiola Elizari nagusituko.