JESU KRISTORI BIZIKI ATXIKI Mateo 16,13-20
Urteko 21. igandea A 2020-08-23

Ez da erraza Jesusen galderari egiati erantzuten saiatzea: «Eta zuek, nor naizela ni diozue?» Benetan, zein da Jesus guretzat? Jesusen irudia hogei mendetan barna irudi eta formula bidez iritsi zaigu, debozio, esperientzia eta kultura-interpretazio… bidez, aldi berean haren aberastasun ezin atzemana azaldu eta ezkutatu digutelarik.

Baina, gainera, gutako bakoitzak geu garen hartaz birjantzi ohi dugu Jesus. Eta geure desirak, ametsak, interesak eta mugapenak proiektatzen ditugu berarengan. Eta, kasik konturatu gabe, txikiagotu eta itxuragabetu egiten dugu bera, gorestera jotzen dugunean berean ere.

Jesusek, ordea, bizirik jarraitzen du. Eta kristauok ezin disekatu izan dugu bera geure eskastasunez. Ez digu uzten bera mozorrotzen. Ez digu uzten bera etiketa batera murrizten, ezta bera erritu, formula edo ohitura batzuetara mugatzen ere.

Jesus beti gertatzen zaio nahasbide beragana jarrera irekiz eta egiatiz hurbiltzen zaionari. Uste genuena ez bezalako azaltzen da beti. Beti irekitzen ditu zirrikitu berriak gure bizitzan, desegiten ditu gure eskemak eta erakartzen gaitu bizitza berri batera. Zenbat eta gehiago ezagutu bera, hainbat eta sakonkiago jabetzen da bat, hasi besterik ez dela egin hura ezagutzen.

Arriskutsua da Jesus. Gizon-emakumeen alde egin duen buru-eskaintza sumatzen dugu beragan, gure egoismoa agerian ipiniz. Zuzenaren aldeko grina sumatzen diogu, gure segurtasunari, pribilejioei eta egoismoari astindu ederrik ematen diena. Bihotz-samurtasuna sumatzen diogu, geure zirtzilkeria agerian ipintzen diguna. Askatasuna, geure milaka esklabotasuni eta morrontza-mirabetzari pitzadura eragiten diena.

Eta, nagusiki, Jainkoarekiko irekitasun, hurbiltasun eta bertakotasun-misterio bat atzematen dugu beragan, erakartzen eta geure bizitza Aitari irekitzera gonbidatzen gaituena. Jesus ezagutzen, berari geure burua eskaintzen diogun neurrian joango gara ezagutzen. Bide bakarra da beraren misterioan sakontzen joateko: berari jarraitzea.

Beraren urratsei apal-apal jarraitzea. Berarekin batean geure burua Aitari irekitzea, beraren maitasun eta samurtasun keinuak berregitea, bizitzari beraren begiez begiratzea, beraren zori doloretakoa partekatzea, beraren piztueraren zain bizitzea. Eta, dudarik gabe, askotan otoitz hau egitea geure bihotzetik: «Sinesten dut, Jauna, lagundu nire sinesgabetasun honi».

Jose Antonio Pagola