Urteko 20. igandea A 2020-08-16
HOMILIA

Anai-arrebok!

Emakume atzerritar baten fedeak harriturik utzi du Jesus. Emakume hau Palestinaz kanpo bizi zen; gaur egungo Libanon. Esan dio Jesusek: «Andrea, bai handia dela zure fedea: bete dadila nahi duzun hori». Behin baino gehiagotan harritu izan da Jesus, judu ez diren batzuek agertu izan dioten konfiantzagatik. Zer pentsatua eman beharko liguke honek txikitatik kristau-giroan bizi izan garen kristauoi: Nolakoa da gure fedea?, nolakoa Jesu Kristorekiko gure konfiantza?

Mezu-muin hori gogoan dugula, gatozen ebanjeliora.

Jesus, ikasleekin, judu-lurraldeaz kanpora joan da. Bat-batean, emakume bat oihuka hasi zaio; paganoa da emakumea. Jesusek ezentzunarena egin dio. Baina emakumeak ez du amore eman. Ikasleak lotsatu egin dira Jesusek ezentzunarena egiteaz. Emakumeari kasu egiteko eskatu diote. Eta Jesusen erantzuna: «Israelgo jende galduagana bakarrik bidali nau Jainkoak». Azkenean, emakumea hurbildu eta Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan dio: «Lagundu nazazu, Jauna». Eta Jesusen erantzun harrigarria: «Ez da gauza egokia, seme-alaben ogia txakurrei ematea». Eta emakumeak: «Bai, hala da, baina txakurrek ere jaten dituzte mahaitik eroritako apurrak». Bihotza bete-betean hunkitu dio Jesusi fede honek. Eta halaxe agertu dio emakumeari: «Andrea, handia da zure fedea». Eta une hartantxe sendaturik gelditu zen emakume paganoaren alaba.

Senideok, pasadizo honek, hasteko, problema handi bat planteatu digu. Niri behintzat bai. Nola ulertu Jesusen lehen bi erantzunak: batetik, «Israelgo jende galduagana bakarrik bidali nau Jainkoak»; bestetik, «Ez da gauza egokia, seme-alaben ogia txakurrei ematea».

Saiatu naiz, erantzuna adituei galdetzen. San Agustinek, gizon on huts bezala, erantzun dit: «Jesusek emakumea zirikatu egin nahi izan du, nolako fedea duen ikusteko». Erantzun honek ez nau konbentzitu; uste dut, testua behartzea dela hori; uste dut, testuak ez duela horrela ulertzeko aukerarik ematen. Beste aditu batzuek iskin egin diote arazoari: bazterretik pasatu dira, arazori heldu gabe.

Ni neu, honetara iritsi naiz. Jesus gizon bat da; gu bezalakoa; gizona denez, pixkana doa ikasten eta ezagutzen Jainkoaren gogoa zein den. Lukas ebanjelariak diosku: «Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez» (2,53) Nik uste, hori Jesusen bizitza osoari aplikatu behar zaiola: azkeneraino izan da gizon, eta azkeneraino joan da ikasiz.

Horiek horrela, Jesus bere garaiko gizona zen, bere garaiko ohiturak eta modak eta ikusmoldeak bizi zituen. Juduentzat ez zen gauza egokia emakume batekin hitz egitea etxetik kanpo; askoz gutxiago emakume atzerritar batekin. Pentsamolde hori bizi zuen, beraz, Jesusek. Baina kanaandar emakumearen fedeak begiak ireki zizkion. Ulertu zuen, Jainkoaren salbazio-nahia unibertsala dela. Ez bakarrik juduak, baizik eta mundu guztia salbatu nahi duela.

Horrelako zerbait gertatu zitzaion Pedrori ere. Izan zuen Jesus berpiztuaren esperientzia. Hartua zuen Mendekoste egunean Espiritu Santua. Baina, artean, ez zen jabetzen judu ez zirenak ere salbatu beharrekoak direla. Behin batean, Kornelio paganoaren etxean aitorpen handi hau egin zuen: «Nork uka diezaieke [pagano] hauei bataioko ura, guk bezala hartu baitute Espiritu Santua?» (Eginak 10,47)

Senideok, Jesus bezala, Pedro bezala, gaurko kristauok ere gero eta hobeto ezagutuz goaz Jainkoaren borondatea, Jainkoak eman digun egitekoa. Eta kristau banakoak bakarrik ez. Eliza osoa ere bai. Garai batean aintzat hartzen ez ziren gauzek leku handia hartzen dute gaur egungo Elizaren ikuspegian:
−emakumeek, nola Elizan, hala gizartean bizi duten bazterketa;
−gure lur hau, gure planeta hau, maitatu eta zaindu beharra;
−katoliko ez diren beste erlijioetako eta inolako erlijiotako ez direnekiko errespetua;
−pobreekiko inoiz ez bezalako ardura;
−familia mimatzearen ardura;

Ez luzatzeko, aipatu bekarrik, hiru eginbehar edo konbentzimendu handi:
1.-Kristaua ezin bizi da bakarrik; ezin bizi da, trikua bezala, hesiturik; ikuspegi unibertsala izan eta bizi behar du; mundu osoa da Jainkoaren kreazio, gizadi osoa da Jainkoaren seme-alaba.
2.-Munduan oreka bilatzen saiatu beharra: emakumearen eta gizonezkoaren artean, pobreen eta aberatsen artean; ez bakarrik gizabanako bezala, baizik eta herri bezala harturik; esaterako, 2017an 865 atentatu izan ziren 5.220 biktima hildako eraginez; horrek badu, hondo-hondoan arrazoi bat baino gehiago.
3.-Ebanjelioko kanaandar emakumearen etsenplua gogoan hartuz, har dezagun gogoan fedez eta konfiantzaz egindako otoitzaren indarra.

Jesus bera eta Andre Maria izan ditzagula bidelagun, argi-emaile, laguntzaile eta poz-emaile.
Dionisio Amundarain