MARIA, JESUSEN JARRAITZAILE LEIALA Lukas 1,39-56
2020-08-15 Jasokundea
Ebanjelariek, Andre Maria aurkeztean, Jesusen Amaganako gure debozioa errepiztu dezaketen moduko ezaugarriez horniturik agertzen digute. Ikuspegi horrek Andre Maria maitatzen laguntzen digu, hartaz gogoeta egiten, hura imitatzen, hari otoitz egiten, harengan konfiantza izaten, espiritu berriaz eta ebanjelikoagoaz.
Fededun handia da Andre Maria. Jesusen lehen jarraitzailea. Bere Semearen egintzak eta hitzak bihotzean hausnartzeko gai izan den emakumea. Semeak iragarri duen eta pobreen salbatzailea den Jainkoa kantatu duena. Ama leiala, bere Semea pertsegitua, gaitzetsia, gurutzean josia izan denean haren ondoan jarraitu duen Ama. Kristo berpiztuaren lekukoa, ikasleekin batean Espirituari, Jesusen Eli-zak beti bidelagun izanen duen Espirituari, ongi etorri egin diona.
Lukasek, bere aldetik, Mariaren kantika geure egitera gonbidatzen gaitu, Jesusenganako geure bidean kantika haren espirituak gida gaitzan uztera, zeren «Magnificat» kantikan distiratzen baitu bere dirdira osoan Andre Mariaren fedeak eta hark identifikatzen baitu bete-betean bere Seme Jesusekiko ama bezala.
Jainkoaren handitasuna aldarrikatuz hasi da Maria: «pozik da nire bihotza Jainkoagan, ene salbatzaileagan, zeren bere zerbitzari honen apaltasunean ezarri baititu bere begiak». Zoriontsu da Maria, Jainkoa bere xumetasunari begira jarri dela sumatu duelako. Horrelakoxea da Jainkoa apalekin. Bere Aita bedeinkatzean Jesusek agertu duen gozotasun bera agertu du Andre Mariak bere kantikan, «jakintsuei eta adituei» ezkutatu eta «jende xumeari» agertzen zaiolako. Mariak xumeen Jainkoagan duen fedeak Jesusekin sintonizatzeko era eman digu.
Jainko «ahaltsua» aldarrikatzen du Mariak, «haren errukia haren fededunengana iristen delako belaunez belaun». Jainkoak bere errukiaren zerbitzura jarri du bere ahalmena. Haren errukia belaunaldi guztietara iristen da. Gauza bera diosku Jesusek: guztiekin da errukitsu Jainkoa. Horregatik diotse aldi guztietako bere ikasleei: «izan zaitezte errukitsu, zuen Aita erru-kitsu den bezala». Bere ama-bihotzetik, beste inork ez bezala sumatu du Mariak Aita eta Ama den Jainkoaren samurtasuna, eta Jesusen mezuaren giharrean sarrarazi gaitu: Jainkoa maitasun errukitsua da.
Andre Mariak, orobat, pobreen Jainkoa aldarri-katu du, zeren «boteretsuak beren aulkitik botatzen dituelako» eta zapaltzen jarraitzeko indarrik gabe uzten; aitzitik, «apalak goratzen ditu», beren duintasuna eskura dezaten. Pobreei lapurtu izan dietena eskatzen die aberatsei eta «esku hutsik uzten ditu»; aitzitik, gose direnak «ondasunez bete ditu», bizi gizatiarragoaz goza dezaten. Gauza bera oihukatzen zuen Jesusek: «azkenak lehenengo izanen dira». Jesusen Berri Onari ongi etorri egitera garamatza Mariak: Jainkoa pobreen Jainko da.
Beste inork ez bezala erakutsi digu Andre Mariak Jesusi jarraitzen, Jainkoa errukitsu dela hots eginez, mundu haurridetsuagoa izan dadin lan eginez eta xumeen Aitagan konfiantza izanez.
Jose Antonio Pagola