SUFRIMENDUA ARINDU (Mateo 15,21-28)

Urteko 20. igandea A 2020-08-16

Jesusek oso adi erreparatzen dio bizitzari. Horretan du ikusten Jainkoaren nahia. Sakon erreparatzen dio kreazioari eta Aitaren misterioa atzematen du, txikienak samur zaintzera gonbidatzen duena. Bihotza ireki dio jendearen sufrimenduari eta Jainkoaren ahotsa entzuten du, halakoari oinazea arintzera dei egiten diona.

Jesusek, Tiro eta Sidon aldean, emakume pagano batekin izan zuen topo egite baten oroitzapena gorde digute ebanjelioek. Harrigarria da kontaera, eta argitzen digu nolakoa zuen Jesusek Jainkoari leial izateko bidea.

Emakume bat, bakarrik eta etsirik, bidera irten zaio. Gauza bat bakarrik daki egiten: garrasi egin eta errukia eskatu. Bere alaba, gaixo eta burutik egina ez ezik, «deabru gaizto batek» hartua du. Infernu du bere etxea. Bihotz urratutik erregu hau dario: «Jauna, lagundu nazazu».

Jesusek, espero zitekeen guztiaren kontra, hotz baino hotzago erantzun dio. Bokazio jakin eta zehatz bat du berak: «Israelgo ardi bide galduei» zor die bere bizitza. Ez du bere egitekoa mundu paganoan burruntzalia sartzea: «Ez da on seme-alaben ogia txakurrei botatzea».

Zakarra da esaldia. Baina emakumeak ez du hartu iraintzat. Segur dago eskatu diona gauza ona dela eta, Jesusen irudia berrartuz, hitz miresgarri hauek jaulki dizkio: «Arrazoi duzu, Jauna; baina txakurrek ere jaten dituzte beren nagusien mahaitik eroritako apurrak».

Bat-batean, argi berri batek argitu du Jesus. Arrazoi du emakume honek: gura duen hori bat dator Jainkoaren nahiarekin, honek ez baitu ikusi nahi sufritzen inor ere. Hunkiturik eta mirespenez esan dio: «Emakumea, bai handia dela zure fedea!, bete dadila gura duzuna».

Jesus guztiz segur zegoen bere misioa zein zen esateko; baina, orain, emakume pagano bati berari irakasten utzi dio eta zuzenketa bat egiten. Sufrimenduak ez du lur-mugarik. Egia da Jesusek bere misioa Israelen duela, baina Jainkoaren errukiak sufritzen ari den edozein pertsonagana iritsi behar du.

Sufritzen ari den pertsona batekin topo egiten dugunean, Jainkoaren nahiak dirdira egiten du han argiro eta bete-betean. Haren sufrimena arindu dezagun nahi du Jainkoak. Hura da lehenengo gauza. Beste guztia ondoren dator. Hori izan zen Jesusek jarraitu zuen bidea Aitari leial izateko.

Jose Antonio Pagola