ABUZTUAREN 9a: GURUTZEKO TERESA BENEDIKTA MARTIRI SANTUA (EDITH STEIN)
Edith Stein 1891n jaio zen Breslaun (Polonian; garai hartan Alemanian), judu-familia batean, juduen Yom Kippur jai handi egunean.
Hasiera batean historia eta psikologia ikasketak egin zituen. Baina filosofia zuen bere ametsa. Pil-pil zeuden garai hartan fenomenologiaren sustatzaile izan zen Edmund Husserlen (judua eta fedegabea) tesiak, eta hauei atxiki zitzaien Edith. Husserl bera izan zuen irakasle eta tesi-zuzentzaile. Urte horietan Max Scheler-ekin harremanak izateko parada izan zuen. Bi filosofo hauekiko laguntasunak aski ireki zioten katoliko izateko bidea.
Baina nagusiki, Adolf Reinach, hau ere Husserlen laguntzailea, eta emazteak lagundu zioten azken urratsa ematen. Adolfek asko, baina ez gutxiago honen emazteak. Adolf hiltzean, alargunagana joan zen Edith, jota eta nahigabez hiltzen aurkituko zuelakoan. Alderantziz izan zen: bere esperantza agertu zion alargunak: egun batean senarrarekin topo egingo zuelako segurtasuna aitortu eta erakutsi zion. Harriturik gelditu zen Edith
Husserlen laguntzaile izan zen Edith 1916-1918 bitartean. Gero bere bidea egin zuen Edithek. 1921ean Avilako Teresaren Bizitza autobiografikoa irakurri zuen, hasi eta buka. «Liburua itxi nuenean, esan nuen: hau da egia». Bere irakurgaien artean zituen Itun Berria eta Loiolako Ignazioren Gogo Jardunak.
1922an bataiatu zuten eta eman zioten sendotza. Amak, judu izanik, bere erabaki hura onartu ez ziolako asko sufritu zuen. (Aita hila zuen, bera 2 urteko zela).
Laster hasi zen Karmeldar komentu batera joan nahi zuela esaten. Laguntzaile zuen apaiz batek atzerazi egin zion gogo hori, artean munduan egiteko handia zuela esanez. Hala, idazteari eta irakasteari eman zion.
1933an, nazien gobernu berriarekin, juduen kontrako holokaustoa hasi zen: judu-irakasleei beren lanbidea uzteko gomendatu zioten naziek. Edithek eta aholkulariek ikusi zuten, iritsia zela aspaldiko amets hura betetzeko garaia, ezin zuelako jarraitu irakasle. Eta Koloniako karmeldar komentuak ateak ireki zizkion. Etxera joan amari agur esatera, eta besarkatu bien malko artean, eta 42 urteko zela hasi zuen nobiziotza 1934an. Eta 1938an egin zuen behin betiko profesioa, Edith izenaren ordez Gurutzeko Teresa (Avilako Teresari zion debozioagatik) Benedikta (San Benitogatik). Urte berean, nazismoaren beldur, Holandako karmeldar komentu batera jo zuen. Han ere batere seguru ez, alemanek Holanda hartu zutenean. 1942an Gestapok atxilotu, eta 51 urteko zela martiri hil zen, bere ahizparekin batean. Joan Paulo II.ak santu deklaratu zuen 1998an. Eta Europaren zaindari-kide 1999-07-12an.
IRAKURGAIEN OTOITZALDIA
LEHEN IRAKURGAIA Paulo santuak Erromatarrei 8,18-39
Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean. Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea. Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren –ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik–, badu itxaropena esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko. Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte. Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain. Salbatuak gaude, bai, baina itxaropenetan bakarrik. Eta itxaro duguna begien aurrean bagenu, hori ez litzateke itxaropena izango, inork ez baitu itxaroten begien aurrean duena. Baina ikusten ez duguna itxaro badugu, iraupenez behar dugu zain egon.
Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde .
Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia. Aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen, eta, horrela, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu zituenak, deitu ere egin zituen; deituak, berriz, zuzentzat onartu zituen, eta zuzentzat onartuak aintzaz bete.
Horiek horrela, zer esango dugu? Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka? Bere Semea bera ukatu ez zigunak, baizik eta gu guztion alde heriotzara eman zuenak, nola ez dizkigu harekin batera gauza guztiak dohain emango? Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratuak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristo da hil zena; are gehiago, piztu ere egin zena, eta orain Jainkoaren eskuinaldean gure alde erreguka ari dena! Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? Liburu Santuak dioen bezala:
Zuregatik egunero hilzorian gauzkate;
hiltzeko ardiak bezala garabiltzate.
Baina guztiotan erraz ateratzen gara garaile, maite izan gaituenari esker. Bai baitakit ziur, ez herio eta ez bizi, ez aingeru eta ez goiko beste indar, ez oraingo eta ez geroko, ez inolako botere, ez ortziko eta ez lur azpiko indar, ez inolako beste izakik, ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik.
ERANTZUN SALMO (Mt 5, 44-45. 48)
Maitatu etsaiak, egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde
R. Horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete.
Izan on-onak, zeruko zuen Aita pn-ona den bezala.
R. Horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete.
BIGARREN IRAKURGAIA
(Gurutzeko Teresa Benediktaren «Gurutzearen Zientzia» liburutik)).
BIZIAREN ARTEA IREKITZEN ZAIE GURUTZILTZATUAGAN SINESTEN DUTENEI
Kristo legearen uztarriaren menpeko egin zen, legea osorik betez eta legeagatik eta legearen bidez bizia emanez. Horrela, bizia onartu nahi dutenak liberatu zituen. Baina ezin hartu dute bizi hori, baldin eta berek berena eskaintzen ez badute. Izan ere, Kristo Jesusengan bataiatuak izan direnak, Kristo Jesusen heriotzan izan dira bataiatuak. Haren bizian murgildu dira, haren gorputzaren atal bilakatu eta hark bezala sufritu eta hura bezala hiltzeko, haren atal gisa. Bizi hau ugari etorriko zaigu egun aintzatsuan; halere, orain jadanik, haragian bizi garelarik, bizi hartan partaide gara, baldin eta sinesten badugu Kristo gugatik hil dela, guri bizia emateko. Fede hau dela medio, harekin bat egiten dugu, atalek buruarekin bat egiten duten bezala; fede honek haren biziaren iturria ireki digu. Horregatik, Gurutziltzatuaganako fedea, hau da, berekin eskainia den maitasuna duen fede bizi hau, biziaren ate bihurtu da guretzat eta aintzaren hasiera; horra nolatan den Gurutzea gure aintza: Jainkoak libra nazala harrotzetik, Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeaz izan ezik; Kristo gurutzean hil zenez gero, mundua hilik dago niretzat eta ni munduarentzat.
Kristo aukeratzen duena hila da munduarentzat eta mundua berarentzat. Bere gorputzean daramatza Kristoren zauri-markak, ahul sentitzen du bere burua eta gizon-emakumeek mespretxaturik; alabaina, arrazoi beronengatik, sendo eta indartsu sentitzen da, ahuldadean egiten baitu distira Jainkoaren indarrak. Hau ezagutzen duela, Jesusen ikasleak, gurutzea lepoan hartzeaz gainera, bere burua gurutziltzatzen du gurutzen hartan berean. Jesu Kristorenak direnek gurutziltzatu egin dute haragia beronen bizio eta irritsekin batean. Borroka latza egin zuten beren naturaren aurka, bekatuaren bizitza beraien baitan hil zedin eta, horrela, Espirituagan bizitzeari tarte zabala emateko. Borroka honetarako adore berezia behar da. Baina Gurutzea ez da azkena edo helburua; Gurutzea gorapena da eta zerua agertuko du. Gurutzea ez da zeinu bat bakarrik, baita Kristoren arma-jantzi ezin garaitua ere: artzain-makila zeinekin energiaz jotzen baitu Kristok zeruko atea eta irekitzen. Gauza hauek guztiak beteko direnean, Jainkoaren argia zabalduko da eta beteko ditu Gurutziltzatuaren jarraitzaile guztiak.
ERANTZUN SALMOA (Galaziarrei 2, 19b-20)
Kristorekin batera gurutziltzaturik nago; bizi naiz, baina ez naiz ni; Kristo bizi da nigan.
R/ Maite ninduen, bere bizia nigatik emateraino.
Eta haragi honetan bizi naizen artean, Jainkoaren Semeaganako sinesmenaz bizi naiz.
R/ Maite ninduen, bere bizia nigatik emateraino.
OTOITZA
Gure arbasoen Jainkoa, Teresa Benedikta martiri santuari zeure Seme gurutziltzatua ezagutzeko grazia eman zenion eta bera heriotzaraino imitatzeko ahalmena. Teresa erregutzaile dugula, emaguzu gizon-emakume guztiek ikus dezatela Kristogan beren Salbatzailea eta, beronen bidez, kontenplatu ahal zaitzatela betikotasun osoan. Zurekin bizi baita, Espiritu Santuarekin batean, menderen mendetan. AMEN.