Urteko 19. igandea A 2020-08-09
HOMILIA
Anai-arrebok!
«Neu naiz, ez beldur izan». Jesusen hitzak dira; gaurko ebanjelioan, Jesusek ikasleei esanak. Aldi guztietako ikasleei Jesusek esanak. Jesusen garaikoei, eta gaurkoei. «Izan konfiantza» esan nahi dute, ez zeure indarrean, ez zeure otoitzean, ez edozein pertsona batengan. Izan konfiantza JESUSENGAN.
Har dezagun gogoan ebanjelioa bera. Geure bizitzan behin eta berriz geure begi aurrean jarri al izateko. Beste batzuei kontatu al izateko.
Jesusek egin berria zuen ogien ugaltzea, goseak zen jendeari jaten emateko. Arratsa zen. Berehala, ikasleei itsasora jotzeko esan zien, betiko lekura joateko. Bera, berriz, mendira joan zen, zeruko Aitarekin egoteko. Ia gau osoa eman zuen Aitarekin hizketan.
Goiz aldera, ikasleengana abiatu zen. Ordurako urrunera joanak ziren. Jesus urean oinez ikusi zuten, baina ez zuten ezagutu. Mamu bat zela uste izan zuten. Eta izutu ziren. «Neu naiz. Ez beldurtu», esan zien.
Eta Pedrok, beti bezala protagonista, beti bezala gogotsu: «Zu bazara, agindu iezadazu zugana joateko». «Zatoz», Jesusek. Pedrok jauzi egin zuen. Baina hasiera bateko konfiantza galdu eta ikaratu zen. Eta Jesusek eskua luzatu zion. Biak txalupara igo, eta haizea baretu zen.
1.-Jesus otoitzean. Ohitura handia zuen Jesusek otoitzerako leku bakarti batera joateko. Aitari eskerrak eman beharra zuen hainbeste jenderi jatekoa emateko modua eman ziolako. Eskatu beharra zion Aitari ikasleentzat: argitu zitzan, indartu zitzan, konfiantza eman ziezaien. Aitarekin egon beharra zuen, harengandik hitz animagarri bat entzuteko; une hartan berean ikasleak itsaso zakarrean borrokan ari ziren bezala, bera ere, Jesus bera ere, bihotz barneko itsaso zakar barnean nahasturik zebilen; Jesusek ere, bizitza guztian izan zuen tentazioa: harriak ogi bihurtzeko; gauza miresgarriak eginez jendea beregana ekartzeko. Bere bizitza aurkezteko, Aitarekin egon beharra zuen. Gauzak bereizi beharra zuen. Ogien mirari hura bera ez ote izan gauza handiak egiteko tentazioan erotzea?
2.-Modu sinplean agertu zitzaien Jesus ikasleei itsaso zakarrean. Konfiantza esnarazi zien: «Ez beldur izan. Neu naiz». Eskua luzatu dio Pedrori. «Zergatik ikaratu zara?» Beti bezala, leun-leun.
3.- Jesus txalupan ikusi dutenean, ikasleak ahuspeztu egin dira, adoratu egin dute: «Benetan, Jainkoaren Semea zara zu», aitortu dute. Artean ez diete ikasleek hitz horiei beren esanahi osoa emango. Baina, hitz horiekin adierazi dute, Jesusek harreman berezi-bereziak dituela Jainko Aitarekin.
Senideok, kristau-tradizio osoaren arabera:
−Itsasoak gaur egungo bizitza adierazten du; itsasoa batzuetan bare-bare izaten da, beste batzuetan harro-harro; ez dugu sumatzen Jesus geurekin dugula; zergatik? Ez ote, nola barealdian hala harroaldian, egoismoa nagusi dugulako? Ez dugulako izaten gogoan benetan nork geure «nia» beste ezer? Bestea gogoan hartzeak Jainkoa gogoan hartzea dakar. Jainkoa gogoan hartzeak bestea gogoan hartzea dakar.
−Haize zakarrak munduko bizitzako ezbeharrak, atsekabeak, larrialdiak adierazten ditu. Larrialdiak: maila pertsonalean, familiarrean, herrian, munduan, Elizan… Zein da horrelakoetan gure jarrera. «Ez beldur izan. Neu naiz» esaten digu Jesusek.
−Txalupak Eliza adierazten du. Eliza, zentzu zabalean harturik. Ez katolikoak bakarrik, ez kristauak bakarrik, baizik gizadi osoa. Jesus txalupara igo denean, haizea baretu da. Txalupak elkartasuna esan nahi du: familia, elkartea, gizartea. Bakarrik ez gara ezer. Elkarrekin ahalmen handia dugu.
Bukatzeko, San Agustinen hitz hauek; bere ondoan izango balu bezala, Pedrori mintzo zaio Agustin, gutako bakoitzari: Jaunak «makurtu eta eskutik hartu zaitu. Zeure indar hutsez ezin jaiki zara. Estutu ezazu zugana jaitsi den haren eskua».
Dionisio Amundarain