Urteko 19. igandea oharpenak (2020-08-09)

SARRERA

Senideok, urteko 19garren igandea ospatzen dugu gaur. Bai lehenengo irakurgaian, bai ebanjelioan, gauza bat azpimarratzen da: beti eta egunero, geure fedea aztertu beharra dugula; ea, egiaz, benetako Jainkoaren fedea ala beste zerbait dugun. Hitz batean esateko, ea, Elias profetaren kasuan bezala, Jainkoaz dugun irudiaren eskema aldatu beharra dugun.
Eliasek pentsatu zuen, Jainkoa modu handiosean, boteretsu eta indartsu agertzen zitzaiola munduari. Alabaina, Horeb edo Sinai mendian ikasi zuen, Jainkoa xume-xume agertu ohi dela.
Bestetik, ebanjelioaren testuinguruak agertzen digun bezala, Jainkoa giza historian agertzen zaigu: jendea goseak zegoen, eta Jesusek jaten eman zion. Ondoren, Aitarekin egotera jo zuen Jesusek, jendearekin nola jokatu Aitarekin hitz egiteko, Jainkoari eskerrak emateko; batez ere, Jainko Aitari entzuteko.
Beraz, batetik, Jainkoa naturako gorabeheretan agertzen zaigu; Eliasen kasua; bestetik, eta batez ere, gizon-emakumeen historian agertzen zaigu.

LEHEN IRAKURGAIA 1 Erregeak liburutik (19,9a.11-13a)

Eliasen garaian arrisku handian zegoen Yahverekiko fedea. Atzerriko jainkoen kultua ezarri zuen erregeak. Sasi-jainko horiek, agintarien ustez, zuzentzat ematen zuten indarkeria, tolerantziarik eza eta desjabetzea, erregearen boterea bermatzeko. Elias kontra jaiki da. Eta bere berotasunean, sasi-jainko horien profeta-saila hilarazi du. Ondorioz, areagotu egin da beraren kontrako pertsekuzioa eta ihes egin beharrean gertatu da. Horeb mendi aldera jo du eta han konturatu da Jainkoa ez dagoela ez ekaitzean, ez suan, baizik eta haizekirri gozoan. Ulertu du Eliasek Jainkoaren alde jokatzeko, beste bide bat hartu behar duela. Ezpataren bideak pertsona-talde baten iritzia bermatu dezake, baina bakea ez, errespetua eta zuzentasuna ez.
Ikusi du, beraz, fedearen jatorrira jo beharra duela. Handiusteak utzi eta pertsona xume izan behar duela.

BIGARREN IRAKURGAIA Paulo apostoluak Erromatarrei (9,1-5)

Bere herri Israelen zoriaz arduraturik ageri zaigu Paulo Erromatarrei gutuneko 9garren kapitulu honetan. Zer izango da nire herri honetaz?
Atsekabe handia sentitu du, bere herriak Jesusen Berri Ona onartu ez duelako. Halere, esperantzadun ageri da. Israel osoa salbatuko da.
Gure artean, askotan, nabari ohi den antijudaismoaz eta antisemitismoaz hausnarketa egiteko aukera eskaintzen digu Paulok. Gauza bat da momentu honetan herri hori egiten ari dena. Beste bat da Jainkoak herri horretaz duen asmoa.
Bestetik, Paulok bere herriaz sentitzen duen pena hori, ez ote da guretzat pista bat hausnartzeko: zertan da gure Euskal Herri honetan gure arteko fedea? «Euskaldun fededun» delako hartara jo gabe, ez al genuke aztertu behar gure arteko jarrera: gizabideari dagokionez, elkartasunari dagokionez, solidaritateari dagokionez, fedeari dagokionez…?

EBANJELIOA Mateoren liburutik (14,22,33)

Jesus, ikasleekin, aintzira edo lakuaren ertzean dago, arratsean, ogien ugalketa egin ondoren. Gaurko pasarte honen zati bat Markosek (Mk 6,45-52) eta Joanek (Jn 6,16-21) ere badakarte.
Ikasleei ontziz betiko lekura joan daitezen agindurik, Jesus bera otoitzera doa, mendira.
Aitarekin egonaldi bat egin ondoren, ikasleengana doa. Itsasoan, oso urruti, dira jadanik ikasleak. Ur gainean ikusi dutenean, ez dute ezagutu Jesus, eta izutu egin dira. Eta Jesusek, beti bezala oso sentibera, esan die: Neu nauzue; ez beldur izan.
Ikasleen erantzuna ederra da: Zu Jainkoaren Semea zara. Baina artean ez dakite zer esan nahi duen “Jainkoaren Semea” delako horrek; dena den, aparteko zerbait nabari diote Jesusi.
Gaur egun ere, gure kasuan, beldurra ez da sekula irakasle ona. Har ditzagun gogoan Jesusen hitzak: Neu nauzu; ez beldur izan. Jesusengan sinesteak, konfiantza izatea esan nahi du.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliz hierarkiaren alde: bila dezala bere indarra, beti, Jaunagan, munduan bere egitekoa egoki betetzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: saia gaitezela egunero, Jainkoaren nahia hobeto ezagutzen, eta bizi dezagula geure fedea aitortzen dugunari lotuago. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Mundua gizakoiago eta anai-arreba artekoago egiten saiatzen diren guztien alde: zailtasun eta oztopoen aurrean etsi ez dezaten, eta ikusi ahal dezaten, nekepean ereindako hazia fruitua ematen ari dela. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko herri eta jende guztiaren alde: egiazko bake eta askatasun beteagoak gozatzeko aukera izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.