UR GAINEAN OINEZ (Mateo 14,13-21)
Urteko 19. igandea A 2020-08-09
Jende asko sentitzen da, gaur egun, izarpean bizitzen, krisialdi eta nahasmendu orokor batean bazter utzirik. Tradizioz bere fedearen pilare zituenek astindura bortitza jasan dute beren erro-erroetan. Elizaren aginpidea, aita santuaren hutsezintasuna, gotzainen magisterio edo irakaspena, ezin hartu ditu jada bere konbentzimendu erlijiosoen sostengu. Hizkuntza berri eta nahasgarri bat iritsi zaio belarrietara, ondoeza eta nahasmendua eraginez, lehen inoiz ez bezala.
Egiatasun handiago edo txikiagoz, aski dira galdetzen dutenak: zer behar dugu sinetsi?, nori behar diogu aditu?, zein dogma behar ditugu onartu?, zein moraltasuni behar diogu eutsi? Eta asko dira, galdera hauei beste aldi batzuetako ziurtasunez erantzun ezin dietelako, «fedea galtzen» ari direla uste dutenak.
Alabaina, ez genuke nahasi behar fedea, inoiz ere, egia edo burubide batzuk baieztatze hutsarekin. Jakina, fedeak bere-berea du bizitzaz ikusmolde bat izatea eta gizakiaz, beronen eginkizunaz eta beronen azken zoriaz ikuskera berezia bat izatea. Baina sinestedun izatea gauza askoz sakonago eta errotikoagoa da. Eta, ezer baino lehen, Jesu Kristori konfiantzaz irekitzean datza, geure bizitzaren azken zentzutzat bera hartuz, anai-arrebekiko geure maitasunaren eta geure geroaren azken esperantzaren behin betiko irizpidetzat bera hartuz.
Horregatik, erraz gerta daiteke pertsona bat egiazko sinestedun izan eta bizitzaren kristau-ikuskeraren alderdi jakin batzuk formulatzeko gai ez izatea. Gerta daiteke ere, ordea, pertsona batek hainbat kristau-dogma ziurtasun betez baietsi eta ez bizitzea Jainkoari emanik fede-jarreraz.
Mateok egiazko fedea deskribatu nahi izan du Pedrorena aurkeztuz: «ur gainean oinez» Jesusengana hurbiltzeko. Hori da sinestea. Ur gainean ibiltzea eta ez lur zindo gainean. Jainkoa hartzea geure bizitzaren sostengutzat eta ez geure arrazoi propioak, geure argudioak eta definizioak. Sostengutzat ez hartzea geure segurtasun propioa, baizik eta harengan dugun konfiantza.
Jose Antonio Pagola