ANAI-ARREBA ARTEKOTASUNA SORTU (Mateo 14,13-21)

Urteko 18. igandea A 2020-08-02

Ekialdeko esaera zahar batek dio ezen «profetaren hatzak ilargia erakusten duenean, ergela hatzari begira gelditzen dela». Antzeko zerbait esaten ahal litzateke gutaz, soilik Jesusen mirarien izaera handiosari erreparatzen diogunean, horrelako gertakariek adierazten duten mezua kontuan hartu gabe.
Zeren eta Jesus ez baitzen izan mirarigile bat, propagandarako ikusgarriak egiteari emana. Haren mirariak, aitzitik, zeinu dira, bekatuzko mundu honetan urradurak egin eta jo puntu errealitate berri bat dutenak, gizakiaren azken helmuga, alegia.
Zehazki, ogien ugaltze-mirariak kontuan hartzera gonbidatzen gaitu ezen Jesusen egitasmoa gizon-emakumeak elikatzea dela eta guztiak zinezko anai-arreba bezala elkartzea, anai-arreba gisa «beren ogia eta beren bekatua» partekatzeko gai izanik.
Kristauarentzat, anai-arreba artekotasuna ez da eskakizun bat gehiago. Baizik eta Bide bakarra da hori, gizartean Aitaren erreinua eraikitzeko. Gerta daiteke haurridetasun hau oker ulertua izatea. Sarritan nahasten dugu, izan ere, «oso eratsu jokatzen duen egoismo burugin edo berekoiarekin» (Karl Rahner).
Uste izaten dugu, lagun hurkoa maite ohi dugula ezer kalte berezirik egiten ez diogulako, nahiz eta horizonte ziztrin eta egoista bizi dugun, guztiez ezaxola, buruan geure probetxu hutsa dugula.
Elizari, «haurridetasunaren sakramentu denez, eragitea dagokio, historiako une bakoitzean, anai-arreba artekotasun estuko era berriak gizon-emakumeen artean. Sinestedunok ikasi beharra dugu haurridetasun beroagoko era batean bizitzen, gaur egungo gizakiaren premia berriei erreparatuz.
Armagabetzearen aldeko borroka, ingurumena babestea, goseak diren herriekiko solidaritatea, langabetuekin krisi ekonomikoaren ondorioak partekatzea, drogadiktoei laguntzea, bakarrik eta ahazturik bizi diren adinekiko ardura… dira beste hainbat eskakizun anaia eta arreba sentitzen eta gizakiak bizitzeko beharrezkoa duen ogia «ugaldu» nahi dutenarentzat.
Ebanjelio-kontaerak gogorazten digu, ezin jan ditugula lasai geure ogia eta geure arraina, geure artean hainbat gizon eta emakume dugun bitartean «goseak» hiltzen. Lasai eta aserik bizi garenok Jesusen hitz hauek aditu beharra dugu: «Emaiezue jaten zeuek»,

Jose Antonio Pagola