ERABAKIRIK GARRANTZIZKOENA (Mateo 13,44-52)
Urteko 17. igandea A 2020-07-26
Gaurko ebanjelioak Jesusen bi parabola labur bildu ditu, mezu bera dutenak. Kontakizun bietan, protagonistek altxor bana aurkitu dute: batak egundoko balioa duen altxorra; besteak kalkulaezineko balioa duen perla. Biek modu berean erreakzionatu dute: duten guztia pozik, zirt eta zart saldu, eta altxorraz nahiz perlaz jabetu. Jesusen arabera, erreakzio hori bera izan ohi dute Jainkoaren erreinua aurkitzen dutenak.
Ematen du, Jesus beldur dela jendeak interes desberdinez jarrai diezaion, alderik erakargarrien eta garrantzizkoenari erreparatu gabe: Aitaren egitasmo liluragarri honi alegia, gizadia mundu zuzenago, anai-arreba artekoago eta zoriontsuago baterantz gidatzean datzan honi, horrela Jainkoaren baitako behin betiko bere salbaziorantz gidatuz.
Zer esan genezake gaur, kristautasunaren hogei menderen ondoren? Nolatan bizi da hainbat eta hainbat kristau on bere praktika erlijiosoan hesiturik, hartan inolako «altxorrik» aurkitu ez duen ustean? Non dago gogo bero ezaren eta poz-faltaren hondo-hondoko sustraia gure Elizako eremu ez gutxitan? Gure jarduera ez baita gai Ebanjelioaren muinera tira egiteko gizon eta emakume askori, Elizatik urrunduz doazelarik, alabaina Jainkoari eta Jesusi uko egin gabe.
Kontzilioaren ondoren, Paulo VI.ak baieztapen bipil hau egin zuen: «Soilik, Jainkoaren erreinua da erabatekoa, absolutua. Gainerako guztia erlatiboa da». Urte batzuk geroxeago, honela baietsi zuen Joan Paulo II.ak: «Ez da Eliza bera bere helburu, zeren Jainkoaren erreinurantz baitago norabidetua, zeinen ernamuin, seinale eta tresna baita bera». Frantzisko aita santua ere errepikatzen ari zaigu: «Jainkoaren erreinua eraikitzea da Jesusen egitasmoa».
Hau baldin bada Elizaren fedea, nolatan dira gure artean kristau asko, Jesusek «Jainkoaren erreinua» deitzen duen egitasmo horretaz hitz egiten ere entzun ez dutenak? Nolatan ez dakite, Jesusen bizitza guztia arnastu zuen sugarra, Jesusen jardueraren izateko arrazoia eta haren jardueraren helburua, Aitaren egitasmo gizatartzailea hots egitea eta sustatzea izan zela: Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasunaren bila ibiltzea, alegia?
Eliza ezin eraberritu da erro-errotik, Jainkoaren erreinuaren «altxorra» aurkitzen ez badu. Ez dira gauza bera bi hauek: batetik, kristauei dei egitea Jainkoaren lankide izatera mundua gizakoiago egiteko egitasmo handian eta, bestetik, Ebanjelioaren muina ahaztarazten diguten jarduera eta ohituretan zabarturik bizitzea.
Frantzisko aita santua esaten ari zaigu, «Jainkoaren erreinua galdegiten ari zaigula». Dei hau, Ebanjelioaren bihotzetik beretik ari zaigu. Adi entzun beharra dugu. Segur aski, Elizan eta geure kristau-elkarteetan hartu beharko genukeen erabakirik garrantzizkoena, hauxe da: Jainkoaren erreinuaren egitasmoa berreskuratzea pozik eta gogo beroz.
Jose Antonio Pagola