ERROMES JOAN

Uztailaren 25a: Santiago Apostolua

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik Mt 20, 20-28

Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?» Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?» Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!» Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire
Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio».
Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».

Nire kaliza edango duzue, bai.

Urte gutxitan era ezustekoan hazi da jendearen kopurua, batez ere gazteena, «Santiago bidea egiten duenarena. Ez da erraza jakitea zerk duen erakartzen jende hori, justu. Erromes joatea kirola egitea baino askoz gehiago da edota abentura bizitzea baino askoz gehiago. Bidaia turistiko bati ekitea edo kultur bide bat egitea baino askoz gehiago. Zeren bila doaz Santiagora bidean jartzen direnak?

Bidea oso aspaldidanik sinbolo bat izan da, giza bizitza adierazteko. Bizitzea bide egitea da, ibiltzea, etorkizunerantz joatea. Era dotorean esan zuen Jorge Manriquek, bere Coplas famatuetan:

«Jaiotzean abiatzen gara,
bizi garenean ibili gabiltza
eta azken urratsa ematean iristen gara;
beraz, atsedena dugu hartzen hiltzen garenean».

Ordu askoz erromes dabilena aise hasten da birpentsatzen lurrean egiten ari den erromes-bizitzan.

Bide egitea aurrera jotzea da beti: norantz? Erromesak zerbaitegatik ekiten dio bideari: zerk eragiten dio, ordea, ibiliari ekitera? Helmugarik gabe ez dago biderik, baizik harantz honantz ibiltzea norabiderik gabe. Soilik helmugak bihurtzen du ibilia bide. Soilik helmugak ematen dio zentzua egunean eguneko ahaleginari. Ekidinezina da galdera: zein da bizitzaren helmuga?, norantz bideratu behar ditugu geure urratsak?

Bideari esperantzaz ekiten zaio beti eta nolabaiteko beldurrez, konfiantzaz eta ziurtasun-gabeziaz. Beharrezkoa da bide egokia hartzea, desbideratu gabe jarraitzea, bide okerrik ez hartzea. Gauza bera gertatzen da bizitzan. Nork bere bidea aurkitu behar dugu: zer egin nahi dut neure bizitzaz?, zeri eskaini nahi diot neure bizitza? Pertsona baten bizitza, amesten duen helmugaz neurtzen da, beraren ahaleginak eragiten dituen idealaz. Soilik bere bokazio pertsonalari jarraitzen dionean irten ohi da gaztea zehazgabetasunetik eta gregarismotik.

Egunak joan ahala, erromesaldia eskola bihurtzen da, bizitzaren funtsean sakontzeko bide ematen duena. Nekea, isilik egindako ibilia, ahaleginean irautea: horrek guztiak bere bihotzaren hondora gidatu ohi du erromesa. Orduan erne daitezke funtsezko galderak: Ez ote da Jainkoa gizakiaren azken helmuga? Ez ote da Kristo jarraitu beharreko bidea Aitarekin topo egiteko?

Santiagora iristea, Jaunaren testigu izan den apostoluarekin topo egitea, Jainkoari eskerrak ematea, isileko erregua, sakramentuzko adiskidetzea eta eukaristian parte hartzea gutxi bezalako esperientzia erlijioso baten gailur gerta daitezke.

Jose Antonio Pagola