EBANJELIOAREN INDAR EZKUTUA (Mateo 13,1-23)
Urteko 15. igandea A 2020-07-12
Ereilearen parabola esperantzarako gonbita da. Ebanjelioa ereiteak, askotan alferrik egina izan arren askotariko oztopo eta aurkariengatik, eustezineko indarra du. Oztopo eta zailtasun guztiak gorabehera, eta, emaitzak desberdinak izanik ere, haziak azkenean uzta oparoa eman ohi du, beste porrot asko ahazteko modukoa.
Ez genuke konfiantza galdu behar Jainkoaren ageriko ahalmen eskasa dela eta. Beti ematen du «Jainkoaren arazoa» beherantz doala eta ebanjelioa gauza ezdeus eta gerorik gabea dela. Halaz guztiz, besterik da errealitatea. Ebanjelioa ez da, ez moral-doktrina bat, ez politika, ezta etorkizun handiago edo txikiagoko erlijio. Ebanjelioa Jainkoaren indar salbatzailea da, Jesusek munduan eta gizon-emakumeen bizitzan ereina.
Gaur egungo komunikabideen sentsazionalismoak bultza eginda, ematen du, begiak gauza txarrak ikusteko bakarrik ditugula. Jada ez gara gai, itsura etsigarri pean ari den biziaren indar hori sumatzeko.
Jendearen barne-bizitza behatu ahal bagenu, harrituko ginateke hartarainoko onberatasun, buru-eskaintza, sakrifizio, eskuzabaltasun eta zinezko maitasun ikusteaz. Bada munduan indarkeriarik eta odolik, baina haziz doa jende askorengan benetako bakearen antsia. Nagusi da gure gizartean kontsumismo egoista, baina jende asko ari da aurkitzen biziera soil eta partekatu baten gozoa. Ematen du axola-ezak itzali egin duela erlijioa, baina jende ez gutxirengan iratzartzen ari dira Jainkoaren nostalgia eta otoitzaren premia.
Ebanjelioaren energia eraldatzailea ari da hor gizadia lantzen. Zuzentasunaren eta maitasunaren egarria haziz joango da. Ez da izango porrota Jesusek erein duen haziaren azkena. Hazia onartzeko eskaria egin digu Jesusek. Ez al dugu, bada, aurkitzen geure barnean, gugandik ez datorren indar hori eta etenik gabe haziz joatera gonbidatzen gaituena, gizatiarrago izatera eta geure bizitza eraldatzera, pertsonen artean harremanak ehuntzera, gardenago bizitzera, Jainkoari bihotza egiazkiago irekitzera gonbidatzen gaituena?
Jose Antonio Pagola