URTEKO HAMALAUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Etortzekoa den Mesias errege umila da)

Zakari profetaren liburutik 9,9-10

Hau dio Jaunak:
9 Bozkaria zaite, Ziongo alaba, bozkaria!
Egizu alegrantziaz oihu, Jerusalemeko alaba!
Hor datorkizu zure Erregea, zuzen eta garaile,
umil eta asto baten gainean, astakume baten gainean.
10 Harek kenduko ditu Efraimeko gudu-karroak
eta Jerusalemeko zaldiak;
Harek hautsiko ditu gudu-arkuak,
eta bakea iragarriko diote jendaldeeri.
Haren nagusitasuna itsasotik itsasoraino,
Eufrates ibaitik lurraren azken mugetaraino.

Testo hau hiru ehun urte J.K. aitzin idatzia izan da. Etorri beharra den Mesias, zenbaitetan
errege boteretsu bezala, beste batzuetan printze umil eta ezti bezala emaiten da. Gehiago dena,
zenbait pasartetan, Mesias horrek pairamenak jasan beharko ditu, justuki salbatzen dituenen eskutik.
Liburu huntako 9-14 kapituluak, lehen girixtinoen denboran, biziki ezagutuak ziren.
Kristoren Jerusalemen sartze ospetsua lau ebanjelistek aipatzen dute. Ez zena, alabainan, Jesus hiri
nagusian asto baten gainean sartu, hemen Zakarik iragarri bezala ?
Bertzalde testu huntan sendi da halako balentria aire bat : « Harek kenduko ditu Efraimeko
gudu karroak…Harek hautsiko ditu gudu arkuak. » Horrek erran nahi luke egun ilunak zituela,
memento hartan Izraelgo populuak, eta kuraia beharretan zela.
72.salmoan irakur ditaike gauza bertsua : « Izan bedi nagusi itsasotik itsasora, lurraren
bazter batetik bestera… » Horra nolako Mesiasen haiduru zagon Izrael.
Aldi berean Mesias umila da : «Hor datorkizu…umil eta asto baten gainean, astakume baten
gainean… » Denbora haietan astoa jende xehearen kabala zen, zaldia aldiz jaunen kabala. Mesias
umil hori Isaias profetak ikusia zuen : « Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri…ez dut aurpegia
baztertu laido eta tu egiten zautatelarik… » (Is 50,6) eta ere : « Gaizki tratatu dute, eta hura apaldu
da, ahorik ideki gabe , hiltzera deramaten bildotsa bezala. » (Is.53,7)
Zakarik Mesiasen handitasuna : « Hor datorkizu zure Erregea » eta haren umiltasuna : «
umil eta asto baten gainean », bi alderdiak azpimarratzen ditu testu huntan.

Salmoa 144

Leloa : Zure izena dut goretsiko mendez mende,
Zu zaitut Jainko, zu errege!

Bai gora Jauna, zu zaitut Jainko
, zu errege:
Zure izena dut aipatuko mendez mende.
Zuri eskerrak egun guzian zeru alde.
Goretsiko dut zure izena mendez mende.
Eztia eta guziz ona da gure Jauna:
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna:
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.
Zuhauk eginek,Jauna, goraipa zaitzatela:
Zure gizonek eskerrak zuri, zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala
Egia Jaunak, beti egia erranetan;
Saindu da eta dena bihotz da egintzetan.
Jaunak laguntzen bidean ezin joan guziak;
Altxatzen ditu berak altxatzen eroriak.

« Zuri eskerrak egun guzian zeru alde. Goretsiko dut zure izena mendez mende. » Esker
onezko salmo hau, juduek beren egun guzietako otoitzetan barne emana dute.
Jainkoa errege eta guziahaldun bada ere, guziz ona da «Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena! »
Bertzalde bihotz on hori ez da bakarrik judueri idekia bainan bai mundu osoari : «Mundu guziko
guzientzat da ona Jauna .»
Gure Aita otoitzarekin pareka ditaike salmo hau. Gure Aitan ere Jainkoari errege eta Aita
dugun norbaiti mintzo gira : «Etor bedi zure erreinua…emaguzu…barkatu…atera gaitzazu
gaitzetik…Egin bedi Zure nahia », baitakigu Haren nahia dela gizon guziak salbatuak izan daitezen
.
Bigarren irakurgaia

( Kristoren Izpiritua gu baitan dago, eta piztuko gaitu )

Jondoni Paulok Erromanoeri 8,9.11-13

Haurrideak,
9 ez zabiltzate haragiaren arabera, bainan Izpirituaren arabera,
Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz.
Norbaitek Kristoren Izpiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
11 Bainan Jesus hilen artetik piztu duenaren
Izpiritua zuen baitan bizi bada,
hilen artetik Jesus piztu zuenak
zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu
zuen baitan bizi den Izpirituaren bitartez.
12 Zorretan gaude beraz, haurrideak, bainan ez haragiaren aldera,
haren arabera bizitzeko.
13 Horrela bizi bazirezte, hilen zirezte;
bainan, Izpirituaren bidez
giza egintza gaixtoak hiltzen baditutzue, biziko zirezte.

Haragia hitz horrek ez du gorputza erran nahi, eta berdin Paulok Izpiritua deitzen duena ez
da arima. Gainera berak dio hor mintzo dela Jainkoaren Izpirituaz eta ere Kristoren Izpirituaz.
Haragiaren arabera bizitzea, Paulorentzat, Jainkoaganik urrun bizitzea da. Izpirituaren arabera
bizitzea aldiz Izpiritu horrek gidaturik bizitzea da : «Ez zabiltzate haragiaren arabera, bainan
Izpirituaren arabera, Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz. » Jainkoaren egoitza bilakatuak
gira.
« Eta esperantza ez da hutsa izanen, Jainkoak bere maitasuna bihotzera ixuri baitauku,
berak eman Izpiritu Sainduaren bidez… » (Er 5,5) Galaziarreri igorri gutunean Izpirituaren fruituak
aipatzen ditu Paulok : « Izprituaren fruitua, berriz, hau da Maitasuna, bozkarioa, bakea, pazientzia,
bihotz ona, ongi nahia, leialtasuna, eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea…» (Ga 5, 22)
Hor Paulok errepikatzen du profetek betidanik erran dutena : Gure Jainkoarekilako
harremanak bertzeekin ditugun harremanen araberakoak dira. Ikusten ez dugun Jainkoa ez dugu
maitatzen ahal, ikusten dugun guhauren sahetseko laguna ez badugu maitatzen.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Eskerrak zuri, Jainko Aita, zeru-lurren Jaun betikoa!
Haur ttipieri baititutzu Erresumako mixterioak agertuak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 11,25-30

25 Egun hartan, Jesus mintzatu zen, erranez:
“ Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza horiek zuhur eta jakintsuneri gorde baititutzu,
eta ttipieri agertu.
26 Bai, Aita, hori izan duzu atsegin.
27 Nere Aitak denak eman dauzkit.
Nehork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik,
eta nehork ez du Aita ezagutzen, Semeak baizik,
eta Semeak agertu nahi dionak.
28 Zatozte nereganat, nekatuak eta zamapean zirezten guziak,
eta nik atsedena emanen dautzuet.
Har zazue nere uztarria;
29 eta ikas nereganik, eztia eta bihotz-apala bainaiz;
eta aurkituko duzue atseden zuentzat.
30 Bai, jasan errexa da nere uztarria, eta arina nere zama.”

Denbora haietako zuhur eta jakintsunek ez bazuten Jesusen mezua onartzen, Jesusek jende
xehea ondotik zuen. Erran behar da lege-irakasle eta farisauak ez zituela Jesusek laudorioz
balakatzen. «…Erraiten baitute eta ez egiten… Zama pizuak lotu eta jendeen sorbaldetan ezartzen
dituzte bainan berek ez dituzte eriaz ere higitu nahi. » (Mt 23, 3-4)
Bertzeen begietan inportantzia ttipia zuen jende xeheak Jesusen mezua entzuten eta
konprenitzen zuen. « Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza horiek zuhur eta jakintsuneri
gorde baitituzu, eta ttipieri agertu. » Aitaren eskua da hor agertzen. Solas berak ditu Jesusek ibiliko
Petriri buruz, hunek erantzunen diolarik Jesus dela Kristo, Jainko biziaren Semea : «…Dohatsua zu,
Simon, Jonaren semea, hori ez baitauzu haragi eta odolezko nehork agertu, zeruko nere Aitak
baizik. » Jainkoak du fedea emaiten.
Azpimarratzekoa da nola, fededun baten aitzinean, Jesus loriatzen den eta nola bere Aita
eskertzen duen fede horrengatik : « Goresten zaitut, Aita… » Hor ikusten da nolakoa den esker
onezko otoitza. Aita gizonari agertu zaio eta Jesus hortaz lorietan dago, lorietan ere bere Aitarekin
duen harreman hurbil eta beroaz: « Nere Aitak denak eman dauzkit. Nehork ez du Semea ezagutzen
Aitak baizik, eta nehork ez du Aita ezagutzen Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak. »
Aitaren maitasun hori gizonari eta oroz gainetik jende xeheari aldarrikatu nahi du Jesusek :
« Zatozte nereganat, nekatuak eta zamapean zirezten guziak, eta nik atsedena emanen dauzuet. »
Testamendu Berriak eta Zaharrak aldarrikatzen duten mezua Berri On bat da. Maitasunez
gaitu Jainkoak kreatu, maitasunez gaitu gure biziko bideetan laguntzen, egun batez bere ondoan,
bere bozkario osoan sarrarazi arte. Zergatik errepika miletan entzuna dugun Berri On hori ? Gu
bakotxaren baitan badugulakotz guhauren parte bat hori sinesten ez duena, Jainkoaz beldur dena.
Eta jakina da beldurra fedearen kontra doala.