Eskakizunak eta saria (Mateo 10,37-42)

Urteko 13. igandea A (2020-06-28)

Apostoluei eskainitako diskurtso luzea (11-13 igandeetan laburtua), Jesusen esaldi-sail batekin amaitu da, aldi berean oso zorrotzak eta oso kontsolagarriak. Zorrotzak apostoluei doazkie; kontsolagarriak ikasleak onartzen dituztenei.

Zein ez da Jesusen duin?

Saila hiru esaldirekin hasten da, bukaera bera dutenekin: «ez da nire duin». Lehen biak oso lotuak dira elkarrekin: ez da Jesusen duin, bere aita edo ama hura baino maiteago duena, edota bere seme-alabak hura baino maiteago dituena. Esaldi hauek Deuteronomio liburuak (33,9) lebitarrez dioena dakarte gogora. Lotura familiarren eta Jainkoarekiko leialtasunaren arteko gatazka larri baten kasuan, bigarren honen alde jo zuten lebitarrek. Lebik, lebitar guztien ordezkariak, «esan zien bere gurasoei: “ez dut zuekin zerikusirik”; eta bere anai-arrebei: “ez zaituztet aintzat hartzen”; eta bere seme-alabei: “ez dut zuekin zerikusirik nahi”. Bete zituzten lebitarrek zure esanak, leial eutsi zioten zure itunari».

Gatazka-aldian aukera bat

Jesusen hitz hauek, hain zorrotzat, ulertzeko, kontuan izan behar da horien aurre-aurretik, liturgiak aipatu ez dituenak. Bizia galdu beharra gerta dakiekeela esateak, alegia, (joan den igandeko gaia da) nahasmendua sor lezake ikasleengan. Zertara etorri da Jesus. Erantzun dio honi, ez dela etorri bakea ekartzera, baizik eta ezpata. Bai berak, bai beraren ebanjelioak problemak eragingo dituztela familiako kideen artean beraiengan. Iritsiko dira uneak, zeinetan bai apostoluak, bai kristau guztiak aukera egin beharrean gertatuko baitira.

Lebitarrek Jainkoaren alde egindako aukera

Irteera liburuan esaten da, Moises Sinai mendian zegoela, Jaunagandik Legearen taulak, hau da, hamar aginduak, hartzen, herriak, zain egoteaz asperturik, urrezko zekorra egin eta hura adoratzeari ekin ziola. Moisesek, menditik jaitsi eta ikuskari hura ikusi zuenean, taulak txikitu, kanpalekuko sarrera aurrean zutik, hots egin zuela: «Zatozte nigana Jaunarenak!» Eta lebitar guztiak hurbildu zitzaizkion. Moisesek agindu zien: «Hartu nork bere ezpata; joan eta zeharkatu kanpalekua atez ate, hil guztiak, nahiz anaia, nahiz laguna, nahiz ahaidea izan». Lebitarrek bete zituzten Moisesen aginduak eta azkenean esan zien honek: «Gaur Jaunari sagaratu diozue zeuen burua semearen edo anaiaren lepotik, Jaunaren bedeinkazioa irabaziz» (Irteera 32,25-29).

Gaur egungo historialariak dudan jartzen du lebitarrek basamortuan espatarik zutelakoa eta sarraski hau egin izana. Baina antzinako jendea ez zen hain kritikoa. Besterik gabe onartzen zuen kontatzen zitzaiona, eta, are gehiago, goretsi egiten zituen lebitarrak; izan ere, lotura familiarren eta Jainkoarekiko leialtasunaren arteko gatazken artean, bigarrena faboratu zutelako: «Esan zieten beren gurasoei: “Ez dizuet jaramonik egingo”; eta beren anaiei: “Ez zaituztet aintzat hartzen”; eta beren semeei: “Ez zaituztet ezagutzen”. Zure aginduak bete zituzten eta gorde zuren Elkargoa» (Deuteronomio 33,9).

Ikasleen aukera Jesusen alde

Esan liteke, lebitarren jarrera bera eskatu diela Jesusek ikasleei. Baina badira bi alde oso garrantzizko: 1) Jesusek ez die agindu, gatazka-aldian, gurasoak edo anai-arrebak hiltzea. 2) Lebitarrak horrela jokatu badute, Jainkoaren aginduei eta harekiko elkargoari leial izateagatik izan da; ikasleek Jesusekiko maitasunagatik egin behar dute. Pertsona maiteenen maitasuna baino handiago bat eskatzean, Jainkoaren mailan ezarri du bere burua, zeina gauza guztien gainetik maitatu behar baita.

Lehen kristauak, pertsekuzio-aldian, aukera egin beharrean gertatu ziren batzuetan Jesusekiko maitasun eta leialtasunaren eta familiarekiko maitasunaren artean. Gogorra zen aukeratzea, baina jende askok egin zuen, konbentziturik geroko bizitzan berekin izango zituztela beren guraso eta seme-alabak.

Segidako esaldia ere («bere gurutzea lepoan hartzen ez duena…») hobeto ulertzen da Deuteronomio liburuko testuaren argitan. Honek dio, lebitarrek, Jainkoari leial izateagatik, sari handi bat hartu zutela eta duintasuna: «Erakutsi zizkieten zure aginduak Jakobi eta zure legea Israeli; eskainiko zituzten intsentsua zure aurrean eta erre-opariak zure aldarean». Jesusek ez die hitzeman horrelako ezer ikasleei. Eskatu bakarrik egin die..

Familia baino gehiago Jesus maitatzea Pedrok eta Andresek, Santiagok eta Joanek egin zuten jada. Jesusek orain eskatzen duena mila bide latzagoa da: gurutzea lepoan hartzea. Nola hartu behar da hori: hitzez hitz ala era sinbolikoan? Era sinbolikoan, baina bizitza praktikoan bere ondorioak izan ditzakeelarik: prest bizi behar du kristauak halakoak lepoan hartzeko eta heriotzarako bidea egiteko. Ez, noski, edozein heriotzarakoa, baizik eta lotsagarrienerakoa, Erromaren arerioei eta esklaboei ezartzen zietenerakoa. Jesus, gurutzea lepoan hartzeko eskatzen ari denean, gauza izugarri hari da eskatzen ikuspegi fisiko, moral eta sozialetik. Gainera, eskakizunak badu ironia makabrorik, 9-10 txatalekin konparatzen badugu: erreinua berekin ezer eraman gabe predikatu behar dutenek, gurutzea lepoan hartuz jarraitu behar diote orain.

Kontuan hartu behar da, familia maitatzea eta Jesus maitatzea ez doazela bata bestearen kontra. Bateragarri dira, modu egoki batean eginez gero. Zebedeoren semeek alde batera utzi dute beren aita, baina ama bidelagun izan dute eta, are gehiago, fabore berezi bat eskatu dio Jesusi bientzat. Maria, laugarren ebanjelioaren arabera behintzat, gurutzearen oinean egon da. Paulok dio, «gainerako apostoluek, Jaunaren anaiek eta Zefasek» bidelagun izan dutela nork bere kristau-emaztea (1 Ko 9,5).

Harrera eta saria

Azken zatia, ikasleei harrera egiten dion jendeari dagokio. Bi gauza esan dizkie:

1) Ikasleei harrera egitea Jesusi berari egitea da, Aitari berari egitea. Egiten dutena, imajinatzen dutena baino askoz handiagoa da. Karitate-egintza hutsa baino askoz handiagoa da. Ohore bat da; bere etxean artista bat, kirolari bat, munduan ospe handia duen pertsona bat onartzen duenarena baino handiagoa.

2) Onarpen honek bere saria izango du, Itun Zaharrean profetak eta zuzenak onartu zituztenek bezala. Lehen irakurgaiak kontatzen du nola onartu zuen bere etxean Sunameko bikote batek Eliseo profeta herritik pasatu zen batean; nola eraiki zioten gela bat goiko solairuan eta nola hornitu zioten gela aulki batez, mahai batez eta kriseilu batez. Inbertsio handia, noski, garai hartarako. Baina jaso zuten beren saria: seme baten jaiotza.

Eliseorekin konparatuz, irudi dakiguke ikasleak garrantzirik gabe gizajo bat direla. Inori ez zaio burutik pasatuko horiei ostatu iraunkor bat eskaintzea. Baina aski da baso bat ur fresko (oso eskertzekoa tabernarik ez denean, ez iturriko urik ere etxean) jende horrek bere saria jaso dezan.

Laburpena

Lehen zatian pertsekuzioek eragindako gatazka handiak sumatu baditugu, azken honetan kristau misiolariek askotan bizi izan dutena barruntatzen dugu: harrera maitagarri eta xumea, ezagutzen ez zituen jendearen aldetik. Azken txatal hauetarik, batek bakarrik du paralelorik Markosen ebanjelioan. Gainerakoa, Mateoren jatorrizkoa da; azken kontsolagarri hau idatzi nahi izan du ebanjelari honek, gure aho-gozagarri.

José Luis Sicre