Meza A 12 ig Meza LAPURDI IRRATIA 2020-06-21
2020/06/14
URTEKO HAMABIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Hersturan,profeta Jainkoari fidatzen )
Jeremi profetaren liburutik 20,10-13
10 Nik, Jeremik, jendearen mehatxuak entzuten ditut:
“ Sala zazue, sala dezagun
alde guzietarik ikara ikusten duen gizona.”
Adiskideak berak hor daude noiz eroriko naizen, diotelarik:
“Ea enganatzen dugun!
Orduan nausituko gitzaio, eta mendekatuko gira.”
11 Bainan nerekin dut Jauna, gudari indartsu:
eroriko dira nere etsaiak, ez naute garaitzen ahalko.
Heien asmoek huts eginen dute,
heien ahalgea sekulakoa izanen da, behinere ezin ahantzia.
12 Diren guzien Jauna, gizon zuzena ikertzen duzuna,
eta gizakiaren gogo-bihotzak ikusten,
erakuts-adazu zure mendekua heien kontra,
zure gain utzi baitut nere auzia.
13 Kanta Jaunari, alleluia!
Harek atera du gaixtoen eskutik behartsuaren bizia.
Irakurgai huntan Jeremik segeretu batzu agertzen ditu. Jainkoaren hitza toki guzietan hedatzen
duelakotz, hertsatua da. Ez dauku klarki erraiten bainan, bitxikeria bat senditzen dugu: batean
zorionez betea, bertzean trixte.
« Ez da profetarik bere herrian ongi etorri egiten zaionik » Jeremik badaki hitz horiek egiak direla.
Haren solasek jendea jenatzen dute. Predikuak egin ditu 627 tik 587rat Jesu Kristo aitzin, 40 urtez,
hiru erregeren denboran. Ez da beldur, erregeri, politika gizon handieri, egiaren erraiteko; hitz bakar
batez haren predikuen bilduma egiten ahal da: hitz jalea, zeren populuak, Jainkoa ahantzia baitu.
Deuteronomeko liburuan, solas berdinak irakurtzen ditugu: « bainan kasu ! Ez ahantz Jauna zuen
Jainkoa… » Jeremik badaki, populuak Jainkoa ahantzia duela, arnegatuz fedea eta edozoin Jainkori
segituz.
Orduan Jeremik aldizka, hitz bortitzak eta eztiak erraiten ditu. Nahi luke baitezpada populua
abisatu, ikusten ez duen leizerat eroriko dela, erraiten duena egia dela. Orduan hausten du pitxer bat
haren aintzinean, erranez Jerusaleme pitxer hura bezala porroskatua izanen dela ez bada irazartzen.
Solas eztiek lehengo egunak orroitarazten dituzte, hala nola : « gogoan dut zure ezkongai
amodioa ». Jeremik galdegiten dio bihozberri dadin, barkamendua eta salbamendua ukanen duela.
Nabukodonosor, Babiloneko erregeak, setiatu zuelarik Jerusaleme, Jeremik landa bat erosi zuen
populuari erakusteko ez duela etsitu behar eta bakea berriz jinen dela.
Pofetek beti, solas idorrak eta eztiak aldizka, erran dituzte: solas eztiek hitzemaiten dute populuaren
salbamendua eta mehatxuek gomitatzen dute populua bihozberri dadin. Solas horiek adiarazten
daukute bizian beti bi bide baditugula : hartzen badugu malda txarra zorigaitzak ukanen ditugu.
Jeremik Jainkoari erraiten dio: « menturaz entzunen zaituzte eta beren jokabide okerretik itzuliko
dira… ? »
Jeremiren solas horiek ez dira beti ongi errezibituak, hala-nola hauek : « Beltzak alda ote dezake
bere larruaren kolorea ? eta lehoinabarrak bere larru pikartatua? Eta zuek, gaizkiaren egiten
ohituek, ongia egin dezakezuela ! » Solas horiek entzuleeri ez diote plazer egiten ahal. Denen
aintzinean garrasian artzen da, erranez : « desleialak baitira guziak, trahitzaile hutsak
denak…Denak, ttipi eta handi irabazi gose dira ; apezak eta profetak faltsukeriari emanak »
Aitzinetik erraiten dio hiria sunsitua izanen dela. Ez da orduan harritu behar populuak sofriarazten
badio, bere solasekin denak puxulatzen baititu. Egungo testoak erakusterat emaiten dauku, Jeremi
zer kenka txarrean den : « Jendearen mehatxuak entzuten ditut : sala zazue, sala dezagun alde
guzietarik ikara ikusten zen gizona. Adixkideak berak hor daude noiz eroriko naizen… »
Jeremiren liburua irakurtzean, salmoa heldu zauku gogorat : « zure tenpluaren maiteminak erretzen
nau ». Hitz horiek, haren bizia, laburbiltzen dute. Deusek ez du geldiarazten ahal. Baditu
etsimenduak bainan badaki Jainkoa berekin duela eta harek lagunduko duela. Badaki Jainkoaren
amodioak denak garraituko dituela.
Salmoa 68
Leloa: Neurrigabeko amodiO
baituzu, Jauna, neri beha!
Zure gatik naiz asea minez eta laidoz;
Ahalgez nabil begitartea noiz non ehortz.
Zure etxeko minez eta suz noalakotz,
Hondatua naiz zure etsaien etsai laidoz
Nere otoitza badoakizu zeruraino:
Nere Jainkoa entzun nezazu ordu deno.
Baduzu eta neurrigabeko amodio,
Zure laguntza zureari zain dagokio.
Hemen nauzu ni: ezdeus naiz eta dena zauri;
Zure laguntza, otoi, Jainkoa, eman neri.
Aipatuko dut Jainko izena, kantuz ari,
Esker beroak emanen ditut Jainkoari.
Behazue ba, bihotz apalak, bozkaria!
Jaunaren bila dabiltzanentzat zer loria!
Dohakabeen alde du Jaunak beharria,
Preso daudenen oihua ez du ahantzia.
Salmoaren egileak erasia frango egiten du, bainan bururatzean erraiten du : « dohakabeen alde du
Jaunak beharria ». Salmoan, ezinbesteko oihua da iduriz, fedearen gatik hertsatua denaren
oihua : « zure etxeko minez eta suz noalakotz, hondatua naiz zure etsaien etsai laidoz ».
Israel populuak pertsekuzioneak jasan ditu. Profeta guziak izan dira hertsatuak eta beren populuaz,
gehiago dena, hala nola Jeremi. Populua ere izan da hertsatua bertze populuetaz eta nolaz ez ? Ez
zena populua Jainkoaren profeta ?
Zendako profeta ez da bere ohean hiltzen?. Zendako behar ditu laidoak jasan ? Zeren Jesusek erran
baitu: « Gizonaren Semeak behar du sofritu… » Profeta hertsatua da, zeren Jainkoaren izenean
mintzo baita, haren mezua hedatzen baitu: « gure gogoetak ez dira Jainkoaren gogoetak eta haren
bideak ez dira gure bideak”. Jeremi profeta, Jainkoaren gogoeten oiartzuna da, mintzo da beti
pikarrez-goiti: amodioaz, justiziaz, zatitzeaz, biziaren kanbiatzeaz, ele ederrak bixtan dena, bainan
ele zailak, heier segitzea neke baita.
Zonbait aldiz, etsaitasun horrek itotzen du profeta. Moisek berak etsimendua ukan zuen, Elik
galdegin herioa, Jeremik dolu du zendako sortu den. Huna zer erraiten duen igande huntan,
lehenbiziko irakurgaian: «Madarikatua sortu nintzen eguna! Ez beza nehork benedika amak
munduratu ninduen eguna! Madarikatua nere aitari berria eman ziona…Zergatik ez ninduen hil
Jainkoak amaren sabelean?…Zergatik atera nintzen sabeletik neke eta nahigabeak ikusteko, nere
egunak ahalgean bururatzeko? » Salmo huntan mintzatzen dena, konparatua da itotzen ari denari,
ez du gehiago indarrik uretik ateratzeko: « Salba nezazu ene Jainko: leporaino ditut urak. Zolarik
gabeko lohian sartzen ari naiz, eta oinen finkatzekorik ez. Ur barnan sartua naiz, eta uholdeak
banerama. »
Leize barnean izanik ere, profetak badu beti fidantzia. Salmo hau izanik ere nigar-marraskaz betea,
otoitz bilakatzen da, profetak baitaki aditua izanen dela. 68 salmo hunen lehen lerroak hauek dira :
«Jauna zuri otoitzez nago, egidazu orai fagore! Atera nezazu lohitik, han geldi ez nadin; libra
nezazu hastio nautenengani. Ez nezala uholdeak ereman, ez nadila putzuan hetsirik geldi! »
Hemen, erran gindezake Jeremi mintzo dela zipu baten zolarat botaia izan zelarik eta erran
zituelarik solas batzu populuak entzun nahi ez zituenak: «etxe hunen gainean Jainkoaren izena izan
zen goraipatua, eta zuek etxe hortarik egin duzue lapurren harpea. » Jesusek kasik hitz berak erran
ditu haizatu dituelarik Tenploko saltzaileak.
Azkenean Salmoa bururatzen da esker onezko otoitza eginez. Ez da bakarrik Salmo egilea salbatua
izanen, bainan populu guzia: «Behazue ba, bihotz apalak bozkaria! Jaunaren bila dabiltzanentzat
zer loria! »
Bigarren irakurgaia
( Bekatore Adamekin, salbatuak Kristoren baitan )
Jondoni Paulok Erromanoeri 5,12-15
Haurrideak,
12 gizon bakar baten bidez, Adam, sartu da bekatua mundurat,
eta bekatuaren bidez herioa.
Horrela gizaki guzietarat zabaldu da herioa,
denek bekatu egin baitute.
13 Egia da Moisen legea baino lehen bazela bekatua munduan;
bainan legerik ez denean,
bekaturik ez daiteke nehoren gain eman.
14 Halere, Adamenganik Moiseraino, herioa nagusi izan da
Adamen bekatuaren parekorik egin ez zutenen gainean ere.
Eta Adam, etortzekoa zenaren itxura da.
15 Bainan Jainkoaren dohainarekin
ez da bekatuarekin bezala gertatzen.
Alabainan, gizon bakar baten bekatuaz guziak hil badira,
askoz nasaiago zabaldu da guzietarat Jainkoaren grazia,
beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker.
Testo hau arras zaila da eta menturaz Bibliako zailena. Gakoa azken erranaldian izan
daiteke : « askoz nasaiago zabaldu da guzietarat Jainkoaren grazia, gizon bakar bati esker, JesuKristori esker. » Goraxago Paulok errana zuen: « Jainkoak bere maitasuna bihotzerat ixuri dauku,
berak eman Izpiritu Sainduaren bidez. » Grazia harreman bat da, Jainkoaren eta gizadiaren artean.
Paulorendako, « grazia » Jainkoaren amodioa bera da.
Paulok erraiten duelarik : « nasaiki zabaldu da guzietarat Jainkoaren grazia », erran nahi du JesuKristori esker dugula harreman hori, Jainkoaren eta gizonaren artean. San Agustinek erraiten
du : « Zuretako egin gaituzu, Jauna, eta gure bihotzak ez du pausurik ez bada zure baitan .» Bertze
hitz batzuekin, Joanik erraiten du gauza bera : « betiereko bizia da zure ezagutzea, zu egiazko
Jainkoa eta zuk igorria, Jesu-Kristo ». Bibliako mintzairan « ezagutzea » eta « maitatzea » gauza
bera da.. Betiereko bizia, gure bataioan hasi dena, Jainkoaren amodioan bizitzea da.
Hasiera liburuak, irudi batean, gauza bera erraiten dauku: « Orduan, Jainko Jaunak lurretikako
errautsez gizona moldatu zuen ; sudur-xiloetan bizi-hatsa ufatu zion eta gizon bizidun bilakatu
zen » Erran-molde bat da, adiarazteko gizona « bizidun » dela Jainkoaren hatsari esker, erran nahi
baita Jainkoarekilako harremana hil edo bizikoa duela.
Hasierako baratzean, Adam eta haren emazteak, amodiozko harreman hori ez dute opari bat bezala
errezebitu, bainan berentzeko fruitu bat bezala, sugeak erran baitzioten, hari esker izanen zirela
Jainkoaren iduriko. Hasierako liburuaren arabera, Jainkoak, gizonari manatu zion: « Egizue ume,
ugaldu eta bete zazue lurra eta izan haren nagusi. ». Ez da gaizki gizonak zoriona bila dezan,
bainan Jainkoak baizik ez du asetzen ahal…
Gizonak, bere indarrez, ez du Jainkoarekilako harreman hori sortzen ahal, Jainkoa behar du
gizadiak salbatua izaiteko. Jainkoa bertzelakoa delakotz, harek du bakarrik betetzen ahal,
Jainkoaren eta gizonaren artean den leizea. Bainan, gizona libro da, Jainkoak eskaintzen dion
amodio horri, ezetz erraiten ahal dio. Adam, gizadia da, bizia Jainkoaren ganik urrun bilatzen
duena. Bixtan da bide galduan dabilala ! Hemen ere, Hasierak bi irudi emaiten dauzkigu: Jainkoari
konfiantza egiteko partez gizona lapur bilakatzen da, Jainkoa bezala izaitea ebatsi nahi du. Bainan
horrek Jainkoarekilako lokarria hausten du. Hori da lehenbiziko bekatua, herioa ekarri duena..
Paulok Hasiera irakurtzean, gizadiarendako gogoetak egiten ditu. Edo nahi dugu Jainkoaren
adixkidantza, haren hatsak biziarazten baigitu, edo xekatzen dugu zoriona Jainkoa utziz bazterrerat
eta orduan herioa ukaiten dugu. Jainkoaz kanpo zorionaren xekatzea, ustekeria eta erokeria da.
Erokeria hori, Paulok, Kristo emainten dio etsenplu. Huna zer erraiten duen Filipoarreri : « Jesu
Kristo, Jainkogoa ukanik ere ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari. » Jesusek, Jainkoaren
amodioari ongi etorri egiten dio, ongi etorria da bakarrik ; hortakotz erraiten dugu ez duela
bekaturik. Joanik dio : « graziaz eta egiaz betea » eta, hari esker, Aitaren amodioan barne gira.
Jesu-Kristoren misterioa da, osoki gizon eta osoki Jainko izaitea (« Lurretik altxatua izanen
naizelarik dena nereganatuko dut »). Gaurko Salmoak dion bezala : « Jaunaren bila dabiltzanentzat
zer loria ! »
Alleluia, alleluia.
Egia den Izpiritua zuen baitan lekuko da.
Izan zuek ere Kristoren lekuko gizonen aitzinean.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 10,26-33
Jesusek erran zioten bere apostolueri :
26 “ Ez izan gizonen beldurrik:
deus ez da estalirik, agertuko ez denik,
ez eta gorderik jakinen ez denik.
27 Ilunbeetan erraiten dautzuetana, errazue argitan;
eta beharrirat entzuten duzuena, oihuka zazue etxe gainetan.
28 Gorputza hiltzen dutenen beldurrik ez izan,
arima ez baitezakete hil;
bai ordea, gorputz-arimak su leizean gal ditzazkenaren beldur izan.
29 Ez ote dira bi etxe-xori sos batean saltzen?
Eta heietarik bakar bat ere ez da lurrerat erortzen
zuen Aitaren baimenik gabe.
30 Zuen buruko ile guziak ere kondatuak dira.
31 Beraz, ez izan beldurrik:
etxe-xori guziek baino gehiago balio duzue.
32 Ni gizakien aitzinean aitortuko nauena,
nik ere aitortuko dut zeruetan dagon nere Aitaren aitzinean.
33 Bainan gizakien aitzinean ukatuko nauena,
nik ere ukatuko dut zeruetan dagon nere Aitaren aitzinean.”
Jesusek erraiten dauku « ez izan beldurrik » zeren badaki apostoluek arrangurak badituztela.
Jesusek igorri dituelarik berri onaren hedatzerat irriskuak baziren ; Jesusek erraiten diote : « Ardiak
otsoen arterat bezala igortzen zaituztet…Kasu jendeeri ! Auzitegietarat eremanen zaituztete eta
beren sinagetan azotatuko, neregatik . »
Jesusek, horiek guziak erranik ere, apostoluak gomitatzen ditu ausartak izaitera, zeren Egiak beti
ihardokitzen baitu, deusek ez du arrastatzen : « deus ez da estalirik, agertuko ez denik, ez da
gorderik jakinen ez denik. Ilunbeetan erraiten dautzuetana, errazue argitan ; eta beharrirat
entzuten duzuena, oihuka zazue etxe gainetan. »
Isaik erraiten zuena : « Jainko gordea zira zu, zinez, Israelen Jainkoa, salbatzailea », Biblia
guziarena da bainan gauza horiek « munduaren hastetik gordeak », Kristorekin argia bilakatzen
dira. Paulok hori dauku erraiten : « Bainan ilundu zitzaioten adimendua israeldarreri, eta gaur
oraino Testamendu Zaharra irakurtzen dutenean, hor daukate estagli hura. Kristok bakarrik ken
baitezake. » Mezu eztia, Kristoren baitan, argi betean agertzen da: «Ene Aitak dena eman daut.
Nehork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; eta nehork ez du Aita ezagutzen Semeak baizik eta
Semeak agertu nahi dionak»
Dizipuluek, estalgi hori kentzen, ikusi dutelarik, oihukatu dute zer entzun eta hunki
duten : « hastetik zen biziaren hitza mezutzen dautzuegu. Hura entzun dugu, gure begiez ikusi dugu,
behatu diogu eta gure eskuez hunki dugu…Ikusi eta entzun duguna dautzuegu zueri ere
mezutzen…Gauza hauek idazten dauzkizuegu gure bozkaria bete-betea izan dadin ». Apostoluen
bozkarioaz, Joani hemen mintzo da.
Bainan Jesusek aitzinetik erran diote beren anaien pertsekuzioneak jasan beharko dituztela. Matiuk
Ebanjelioa idatzi duelarik, girixtinoen pertsekuzioneak hasiak dira jadanik, eta emaiten diote kuraie.
Heiek pertsekuzioneak jasan dituztelakotz gira egun fededun. Jesusek erran zioten: « Gorputza
hiltzen dutenen beldurrik ez izan, arima ez baitezakete hil; bai ordea, gorputz-armak su leizean gal
ditzazkenaren beldur izan.» Jesusek erraiten diotelarik «gorputza hiltzen dutenen ez beldur izan »
badaki hersturatuak izanen direla, hiltzea irriskatzen dutela: «Anaiak bere anaia emanen du hilzera
eta aitak bere haurra; haurrak bere aitamen kontra altxatuko dira eta hilen dituzte ». «Badator
ordua, zuek hilen zaituztenak Jainkoa zerbitzatzen duela usteko baitu,» «bai ordea, gorputz-arimak
su leizean gal ditazkenaren beldur izan». Gorputzaren hiltzea baino handiago baita arimaren hiltzea,
Jainkoak nahi ditu galbide hortarik zaindu. Ezekiel entzun dezagun: «Uste ote duzue atsegin dutala
gaixtoa hil dadin? Ez ote jokabidez aldatu eta bizi dadin? »
Mezuaren hedatzerat igortzen ditueneri, Jesusek erraiten diote: «Ez ote dira bi etxe–xori sos batean
saltzen ? Eta heietarik bakar bat ez da lurrerat erortzen zuen Aitaren baimenik gabe ? Zuen buruko
ile guziak ere kondatuak dira. » Zuek galtzen zaituztenetaz ez beldur izan, konfiantza egin
Jainkoari, Jainkoaren eskuetan egon zaitezte : « Beha aireko xorieri : ez dute ereiten…halere zeruko
Aitak hazten ditu…Beha nola heldu diren landetako liliak…Jainkoak ez ote du eginen askoz
gehiago zuendako, fede gutikoak ? »
Segitzen du erranez : « Ni gizakien aitzinean aitortuko nauena, nik ere aitortuko dut zeruetan dagon
nere Aitaren aitzinean. » Behar dugu aitortu denen aitzinean Jainkoarekin bat egiten dugula.
Jondoni Paulok erraiten duen bezala : « Deusek ez gaitu berexten ahalko Jainkoak Jesu Kristo gure
Jaunaren baitan agertu daukun maitasunetik ».