URTEKO 12. IGANDEA A (2020-06-21)

SARRERA

Ongi etorri, senideok, Jainkoaren Hitza entzun eta Eukaristia, Kristoren eta geure misterio handi hau, ospatzera.
Bere garaiko apostoluei bezala, gaur ere irakaspena ematen ari zaigu Jesus guri; bere mezua gaurko munduari emateko gai izan gaitezen; hogeita batgarren mendean apostolu izan gaitezen. Adierazten digu, zailtasunak eta erasoak izango ditugula; aldi berean, ordea, adorea eta indarra eman nahi dizkigu, Jainkoaren seme-alaba garela esanez eta esperantzaz bizitzeko esanez.
Gaurko ebanjelioaren mezu-ardatza hauxe da: ez beldur izan. Ez beldur izan, ez ebanjelioa agirian hots egiteko; ez hiltze fisikoari; ez bihar egunari; ez konfiantza osoa Kristogan jartzeari.
Jesusen Espirituak argitu eta indartu gaitzala.

LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (20,10-13)

Pertsegituak izan diren profeten eredua da Jeremias profeta. Guztia, Jainkoaren nahia eta gogoa hots egiten saiatu zelako.
Antz handia aurki daiteke, batetik, Jesusek jasan zituen pertsekuzioarekin eta zoriarekin eta, bestetik, beste hainbat eta hainbat profetak jasan behar izan dituen pertsekuzioarekin eta zoriarekin. Baita beste hainbat eta hainbat kristauk eta borondate oneko pertsonak jasan behar izan dituen pertsekuzioarekin eta zoriarekin ere.
Zenbait jendek garbitu eta egin nahi izaten du Jainkoaren albistearen hots egilea eta mezularia, zuzentasunaren eta egiaren alde hitz egiten duelako. Horixe gertatu zitzaion Jeremiasi; horixe Jesusi. Baina profeta garbituko dute; ez, ordea, hark hots egindako mezua. Ezin dute ezabatu haren hitza. Mezularia hilko dute, mezua bera ez. Mezua jende askoren bihotzean txertaturik gelditu da. Eta bihotz hori ezin du inork harrapatu. Gainera, hau eta beste hori beldurrez-edo isiltzen bada, beste batek hitz egingo du. Beraz, oso kontuan izan beharko hau: gerta daiteke esaten dugun unean hitzak fruiturik ez ekartzea, baina hitz hori hor geldituko da bizi-bizi, bukaerarik gabeko hazi izango balitz bezala.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (5,12-15)

Jainkoaren aurkaria da bekatua. Baina bietan zein atera da garaile? Jesus, gizon egina, bekatuaren kontra atera zen, eta garaitu egin zuen. San Paulok dio: «Ezin alderatu edo konparatu dira bekatua eta dohaina, bekatua eta grazia». Bekatua, jakina, handia izan da, eta da. Baina mila bider handiagoa da maitasuna. Jesu Kristogan, Jainkoaren onberatasunak gizadi osoa harrapatu du.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (10,26-33)

Ikasleak misiora bidaltzeko orduan, pertsekuzioak eta zailtasunak izango dituztela esan die Jesusek. Aldi berean, horren aurrean zer jarrera izan adierazi die.
Batetik, ebanjelioa hots egitea, munduan bizia ereitea da, eta ereileari poza ematen dio horrek: bizia sortu, alegia. Bigarren, arazo nagusia ez da gorputzari eragiten ahal dioten zauria; inporta duena, arima da; arimara ezin iritsi dira. Hirugarren, Jainkoak ardura handia du gure zoriaz; txori batek baino gehiago balio dugu. Laugarren, Jesusek gure konfiantza osoa irabazi du; ez digu eskatu berak aurrez bizi izan ez duen ezer.
Gure aurka gizakiak indarrik ez duen tokian zaintzen gaitu Jainkoak: bere onginahiaren eta betikotasunaren munduan eta babesean.
Ebanjelioaren pasarte honek hauxe sartu nahi digu buruan eta bihotzean: Jainkoak maite gaituela, Jainkoa gutaz arduratzen dela, bere esku gauzkala beti. Hau miresmena: Jainkoak berak maite gaitu!

HERRIAREN OTOITZA

1.- Elizaren, hots, kristau guztien alde: munduko zailtasunen artean, beldurrik gabe beti aurrera egin dezan, eta Aitaren maitasunean konfiantza osoa bizi dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Beren fedeagatik eta jende pobrea defenditzeagatik pertsegituak diren guztien alde: beldurrik izan ez diezaien gorputza bai, baina arima ezin hil dutenei. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Herri-agintarien alde: beren ahalegin guztia egin dezaten, munduan bakea, zuzentasuna, askatasuna eta guztien ongia ezartzen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Hemen bildu garenon alde: gure konpromisoa lagun hurkoarekin, egunetik egunera egiazkoagoa, sutsuagoa eta zorrotzagoa izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.