HIRUTASUN SANTUA
Urteko 10 ig A 2020-06-07
Senideok, Hirutasun Santuaren jaia ospatzen dugu.
Lehenengo irakurgaiak (Ir 34,4b-6.8-9), Jainkoaren erruki handia agertu digu: errukibera, haserrerako nagi, aberats barkaziorako, bihozbera. Gaur irakurri dugun pasarte horrek, badu entzun gabe utzi dugu zatitxo bat: zintzoentzat onbera MILA belaunalditaraino; errudunentzat zigortzaile HIRUGARREN belaunaldiraino. Kontuan hartu nolako aldea: batean mila bestean hiru. Gainera, Itun Berriaren ikuspegian, inoiz ere ez zigortzaile.
Bigarren irakurgaian (2 Ko 13,11-13), Jesu Kristoren onginahia opa digu autoreak, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna gizon-emakume guztion artean.
Ebanjelioa (Jn 3,16-18) Jainkoak gizon-emakumeoi digun maitasunaz mintzatu zaigu. Mundua salbatzera etorri da Kristo, eta ez kondenatzera.
Panorama horren aurrean, Salmoak (Daniel 3,52-56) agertzen digu gure erantzuna: Zuri aintza menderen mendetan.
HIRUTASUN SANTUAREN MISTERIOA
Hirutasun Santuaren misterioa apur bat ulertzeko biderik egokiena, gure arteko elkartasuna da: elkartasun den Eliza gogoan hartzea.
Bihotz bat eta arima bat diren pertsonak dira Hirutasuna apur bat ulertzeko modurik handiena eta egokiena. Eta ez, askotan proposatu izan zaizkigun beste hauek: triangelua nahiz hiru hostoko belar bat.
Bestetik, Hirutasun Santua da Jesusen ikasleek duten eredua bizitzeko, eredua eta oinarria. Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak bizi duten batasuna eta elkartasuna da gure eredua.
Bai kristauk, bai eliza partikularrek (Gipuzkoakoan denak, Bizkaian denak, Araban denak, Nafarroan denak, Ipar Euskal Herrian denak) Hirutasun Santuaren batasuna dute beren oinarria.
Elkartasunik gabe ez dago Elizarik. Kristoren federik ez elkartasunik eta Elizarik gabe.
15. mendean Andres Roublev monje errusiarrari, eliza bat dekoratzeko eskatu zioten. Lurralde osoa miserian bizi zen, gerran. Kaos bat eginik.
Bazirudien, logikoena giro hartan Azken Judizioa pintatzea izango zuela. Baina ez. Hirutasun Santuaren ikonoa pintatu zuen.
Eta Abrahami eta Sarari agertu zitzaizkien hiru pertsona misteriotsu haiek irudikatu zituen. Badakizue, HASIERA liburuko 18,1-15ean dator pasadizo hori. Gure pintoreak, honela irudikatu zuen pasadizo hura: hiru pertsonaien erdian mahai bat, gainean kaliza bat eta lepo egindako arkumea. Hiru pertsonaiek munduari begira dagoen Hirutasuna irudikatzen dute. Erdikoak Semea irudikatzen du, munduko bekatua kendu duen Bildotsa da.
Hirurek maitasun-hizketaldia ari dute; Semeak munduari eskaini nahi dion salbazioaz mintzo dira.
Aitak bere Seme bakarra bidali du mundura.
Semea gizon egin da, Jainkoaren seme-alaba guztiak elkartzeko; Babeleko dorrean gertatu zen nahasmendu hura desegin eta gainditzeko.
Semeak bidalitako Espirituak burutuko du lan hori guztia.
Roublev errusiar pintorearen ikonoan:
─Semearen ondoan, mahasti bat ageri da: biziaren eta gurutzearen arbola sinbolizatzen du.
─Espirituaren ondoan, arroka bat ageri da (gure marrazkian ez da ondo ikusten): kreazio berria sinbolizatzen du.
─Aitaren ondoan, eraikin bat ageri da: guztiontzat zain dagoen Aitaren etxea da.
Roublev-en ikono honek, gizon-emakumeon elkartasunaren sustraia, Hirutasun Santua dela agertu nahi digu.
Gizon-emakume guztiok etxe komun bat dugu zain: Aitaren etxea.
Dionisio Amundarain