Hirutasun txit Santua A (2020-06-07)
Urte liturgikoa Abendualdi eta Eguberrialdiarekin hasi ohi dugu, ospatuz, Jainko Aitak bere Semea bidali duela mundura. Segidako igandeetan Jesusen jarduera eta mezua gogoratzen ditugu. Zerura igotzean bere Espiritua bidali digu; joan den igandean ospatu genuen hori. Eta gaur hor ditugu Aita, Semea eta Espiritu Santua. Prest gaude hirurak jai bat berean, Hirutasunaren jaian, ospatzeko.
Jai hau aski berandu sortu zen, 1334an, eta Joan XII.a aita santuak eratu zuen. Agian, hasierako asmoa aurre egitea izan zen (Corpus jaiarekin gertatu zen bezala) Jesusen edo Espiritu Santuaren jainkotasuna ukatzen zuten talde heretiko batzuei. Horrek argituko liguke, Prefazioko hizkuntza, ospakizun liturgiko batekoa baino gehiago teologiako ikasgai batekoa izatea. Aitzitik, irakurgaiak laburrak dira eta ulerterrazak, eta ardaztzat Jainkoaren maitasuna dute.
Jainkoaren definizio bibliko bakarra (1. irakurgaia: Irteera 34,4b-6.8-9)
Lehen irakurgaiak, Irteera liburutik hartuak, eskaintzen digu Itun Zaharreko Jainkoaren definizio (hobe, auto-definizio) bakarra, eta baliogabetu egin du Itun Zaharreko Jainkoa Jainko izugarri bat, mehatxugile bat delako ustea, Jesusek proposatutako Itun Berriko Jainkoarena ez bezalakoa delakoa, Itun Berriko hau Jainko maitagarri eta onbera izango bailitzateke. Liturgiak, beti bezala, moztu egin du testua. Baina osoa ezagutzea komeni da.
Moises Sinai mendiaren gailurrean dago. Lehentxeago, beraren aintza ikusi ahal izatea eskatu dio Jainkoari, eta honek erantzun: «Neure aberastasun osoa pasaraziko dut zure begi aurretik, eta Yahveren izena hots egingo dut zure aurrean» (Irteera 33,19). Israeldar batentzat, izena eta pertsona gauza bera dira. Horregatik, «Yahveren izena hots egitea» bere burua osorik ezagutaraztearen parekoa da. Horixe gertatuko da apur bat geroxeago, Jauna Moisesen aurretik pasatuko denean hots eginez:
«Yahve! Yahve! Jainko bihozbera eta errukiorra, pazientzia duena eta onbera eta leiala! Milagarren belaunaldiraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errua eta bekatua barkatzen dituena; nahiz eta ez duen erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan, bilobengan eta heren-ilobengan zigortzen duen» (Irteera 34,6-7).
Horrela auto-definitzen da Jainkoa. Beraren gupida, onberatasuna, pazientzia, errukia, leialtasuna azpimarratzen duten bost izenlagunez. Honek guztiak ez du zerikusirik izuaren eta zigorraren Jainkoarekin. Eta segidakoak hankaz gora jartzen du Jainkoaren zuzentasunaz eratu izan den ideia faltsu hau: «jende ona saritu eta jende gaiztoa zigortzen duena»; Jainkoaren balantzan zigorra eta barkazioa guztiz orekatuak eta parekoak bailiran. Egia da, Jainkoak ezin jasan du gaizkia. Baina barkatzeko bere gaitasuna mugagabeki handiagoa du zigortzekoaren aldean. Hori adierazten du belaunaldien irudiak. Errukia milagarreneraino iristen den bitartean, zigorra laugarreneraino bakarrik iristen da (gurasoak, seme-alabak, bilobak, heren-ilobak). Jakina, hau guztia ez da hartu behar hitzez hitz, Jainkoak seme-alabak, gurasoen bekatuagatik, apeta hutsez zigortuko bailituen. Testuak kontrastea azpimarratu nahi du: milaren eta lauaren artekoa, maitatzeko egundoko gaitasunaren eta zigortzeko gaitasun eskasaren artekoa. Ideia hau bera jaso dute Itun Zaharreko beste pasarte batzuek ere:
«Zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra zara,
pazientzia duena, onbera eta leiala» (Sal 86 [85],15).
«Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
pazientzia duena eta onbera.
Ez da beti agiraka ari, ez du haserrea luzaro gordetzen.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera.
Nola zerua lurraren gainean garai,
hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi.
Nola ekialdea mendebaldetik urruti,
hala ditu hark gure hobenak beragandik aldentzen.
Nola aita seme-alabentzat errukior,
hala Jauna begirune diotenentzat gupidatsu» (Sal 103 [102] 8-14).
«Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
pazientzia duena eta onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidatsua bere sorkari guztientzat» (Sal 145,8-9).
«Banekien nik Jainko bihozbera eta errukiorra zarena,
pazientzia duzuna eta onbera,
zeure mehatxuez damutzen zarena» (Jonas 4,2).
Esandako horren ondorio gisa, Jainkoa Moisesentzat maitasun-eredu bilakatu da herriarekiko: basamortuko etapak elkar ezin ulertuaren une izan dira, elkarrekiko kritika zorrotzen une, haustear egon diren harremanen une. Orain, Jainkoaren hitzek herriaz arduratzera eragin diote Moisesi, eta Jainkoak dion maitasun bera agertzera.
Jainkoaren maitasuna munduari (Ebanjelioa: Joan 3,16-18)
Zati labur honek, Nikodemoren eta Jesusen arteko solasaldi luzetik hartuak, Jainkoaren maitasunaren gaia azpimarratu du, azkeneraino eraman duen maitasunarena. Kontua ez da Jainkoak barkatzen duela soilik edota gure ahuldade eta hutsegiteekin ulerkor dela soilik. Beraren maitasuna hain handia da, non bere Semea eman baitu, gu salba gaitezen eta betiko bizia lor dezagun. «Hartaraino maite du Jainkoak mundua…». «Mundu» hitzak Joanengan Jainkoari aurka jartzen zaion gaitz guztien bilduma adieraz dezake. Kasu honetan, ordea, munduan bizi diren guztiei dagokie, Jainkoak kasik imajina ez dezakegun moduan maite dituenei. Jainkoak ez du inor kondenatzeko asmorik, askotan predikatzen eta uste izaten denaren kontra, baizik salbatzea, bizia ematea du bere gogo guztia. Honetan datzan bizia da: oraintxetik Jainkoa aitatzat hartzean eta beraren Bidalia, Jesu Kristo ezagutzean; heriotzaren ondoren, betiko bizian luzatuko den bizia da. Pandemiaren hilabete hauetan, heriotzarekin sarritan harremanetan jarri gaituzten hauetan, animo eta kontsolamendurako ditugu Jesusen hitzak.
Gure erantzuna: maitasunari maitasuna zor (2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 13,11-13)
Lehen irakurgaian, Jainkoa, Moisesentzat, maitasunaren eta barkazioaren eredu bihurtu da. Paulok korintoarrei egindako gutunean, Jainkoa eredu bihurtu da kristauentzat. Aitak, Semeak eta Espirituak beren artean duten maitasun bera bizi behar dugu geure artean, sentiera bera izanik, bakean biziz, batak bestea adoretuz, beharrezko denean elkar zentzaraziz, beti pozik.
Bigarren irakurgai hau honengatik aukeratu dute: Jesu Kristo, Jainko Aita eta Espiritua, hirurak batera (oso gutxitan gertatua) aipatzen dituelako. Hitz hauetan inspiratzen da Mezaren hasierarako aukeran ditugun agurretako bat.
José Luis Sicre