PAZKOALDIKO 7. IGANDEA A IGOKUNDEA 2020-05-24

SARRERA

Senideok, Jesusen zerura igotzea ospatzen dugu gaur. Baina, zer esan nahi du zerura igotzeak?
Gaur egun infernua eta zerua ez ditugu hartzen, ez lekutzat, ez tokitzat. Zerua ez da leku bat. Bizitzeko era bat da zerua. Pertsonaren izaera berezi bat. Tokirik ez du, lekurik ez. Espirituala da Jesusen eta gizakion zerua. Jainkoaren izaera du gizaki berpiztuak: ikusten ez dena, ukitzen ez dena, baina beste ezer baino errealagoa dena.
Jesusen zeruratzea, Piztuera, Igokundea, Aitaren ondoan esertzea da, aintzatua izatea da.
Mundualdi honetan, gizon-emakumeoi dagokigunez, batez ere misio-eguna da Igokunde-egun hau. Zoazte eta egin nire ikasle mundu guztia, esango digu Mateok gaurko ebanjelioan. Jakina, misio hori era zaba-zabalean harturik. Esaterako, misioa da Mediterraneoan hainbat jende ito ez dadin arduratzea. Misioa da gaur egun birusaren kasuan nork berea eta besteena zaintzea. Misioa da gure Lurra maitatu eta zaintzea

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (1,1-11)

Mateok ebanjelioan esango digu ikasleak Galilean zeudelarik igo zela Jesus. zerura. Lehen irakurgai honetan, berriz, Lukasek esaten digu, Jerusalemen zeudelarik igo zela Jesus zerura. Halere, Galilea eta Jerusalem aski urrun daude bata bestetik.
Arrazoi bat gehiago, jakiteko, Biblia ezin dela hartu hitzez hitz. Mateok bere ikuspegia du: Galilean hasi zuen Jesusek bere ebanjelio-predikua, eta hasiera hartara itzuli behar dugu kristauok. Lukasek ere bere ikuspegia du: Jerusalemen eraman du Jesusek gailurrera bere ebanjelioa. Jerusalemdik mundu guztira zabaldu behar da ebanjelio hori.
Inporta zaiguna mezua da, esanahia. Alde batetik, Jesusen Antzaldatzea, Piztuera, Igokundea daukagu. Bestetik, gure misioa daukagu: zertan zaudete zerura begira?Jesusen egin duena egitea dagokigu lurrean.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23)

Efesoarren gutuneko testu hau zail samarra da ulertzeko. Laburtuz, hau esaten du: Kristok bukatu duela salbamen misterioa:
─ lehenik eta behin, Jainko Aita ezagutzera eman digu Jesusek;
─ bigarren, jakinarazi digu, ezen Jainko Aitak ahalmena duela kreazio osoaren gain, eta, ahalmen hori dela medio, gizadiari piztuera eta goratzea eman dizkiola;
─ hirugarren, Aitak Jesusi ahalmen osoa eman diola.
Horrenbestez, gure Jainkoa ez da urruneko Jainkoa, baizik eta gure arteko egin den Jainkoa da.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (28,16-20)

Mateoren gaurko ebanjelio honen arabera, Galilean zeudela agertu zitzaien Jesus ikasleei azkenekoz. Eta gomendio handi hau eman zien: Zoazte eta egin nire ikasle herri guztiak. Ondoren, Aitagana igo zen; hau da orain: aintzatu, goratu, distiratsu bihurtu zen. Mundu honetan hasia zuen egitekoa, ordudanik ikasleen esku utzi zuen. Halere, ez zituen utzi bakarrik. Gure artean da Jesus beti.
Har ditzagun gogoan Jesusen bi baieztapen hauek: batetik, zoazte mundu osora eta egin nire ikasle herri guztiek; bestetik, zeuekin izango nauzue munduaren azkena arte.

Herriaren otoitza

1.-Kristau guztien alde: Kristok esan bezala, munduan Jesusen testigu bizi eta poz-emaile eta bizi-emaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gure familietako gazteen alde: beren bizitzan bila eta bila dabiltzala, Jesusen bila ibiltzea bazter utzi ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Komunikabideetan (egunkari, aldizkari, irrati, telebista) lan egiten dutenen alde: kontuan har dezaten egiaren aldeko erantzukizuna. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Euskal Herriko politikoen alde: egingo dituzten hitzarmenak eta konponketak herriaren onerakoak, bizi-emaile, izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.