JAUNAREN ZERURAT ALTXATZEA

SALBATORE / IGOKUNDEA A

Lehen irakurgaia

( Jesus zerurat igaiten )

Apostoluen Egintzetarik 1,1-11

1 Teofilo maitea, nere lehen liburuan,
hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte
Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
2 Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan,
bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
3 Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan:
horren froga ainitz eman zioten,
berrogoi egunez bere burua ikustera emanez,
eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
4 Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten
ez zitezen Jerusalemetik urrunt,
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten:
“ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
5 Joanesek urez bataiatu zuen,
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte
egun guti barne.”
6 Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten:
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua? ”
7 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea.
Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
8 Bainan hartuko duzue
zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra.
Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian
eta lurraren azken mugetaraino.”
9 Horiek erran eta, heiek so zaudela,
Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
10 Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik,
huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten:
11 “ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha?
Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori,
zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”

Apostoluen Egintzen hastapenean gaude. San Luken lerroek berek egiten dute lokarri San
Luken Ebanjelioarekin, liburu hau ere eskaintzen baitzaio Theofilo delako bati. beraz Apostoluen
Egintzek eta San Luken Ebanjelioak egile bera dute. Bat bururatzen delarik hasten da bestea. Lehen
liburuak, hots Ebanjelioak, kondatu du Jesusen misioa eta predikaldia, bigarrenak aldiz Apostoluen
misioa eta predikaldia, horra zergatik hau deitzen den Apostoluen Egintzak.
Jerusalemen hasten eta bururatzen da Ebanjelioa, hor baita Juduen eta Lehen Elkargoaren
hiri nagusia. Apostoluen Egintzak ere Jerusalemen hasten dira eta Erroman bururatzen, orduan
munduko bide guziak gurutzatzen ziren hirian. Dudarik ez da San Luken arabera hedamen hori
Izpiritu Sainduaren lana dela; Jesusen beraren Izpiritua izan da, alabainan, mendekostez geroz,
Apostoluen gidaria, horrengatik deitzen baitira batzuetan Egintza horiek Izpiritu Sainduaren
Ebanjelioa .
Eta nola Jesusek bere bataioaren ondotik bere misioa prestatu baitzuen berrogoi egunez
mortuan, halaber bere Elizaren prestatzen berrogoi egun eman zituen: berrogoi egunez agertu
zitzaien eta mintzatu Jainkoaren Erreinuaz, eta azken apairu batean bere aginduak eman zizkien,
hau da : Manua, Promesa eta Misioa.
Lehen agindua aski bitxia da : Igurikatu eta ez higitu ! ezen erran zien ez zitezen
Jerusalemetik atera bainan igurika zezaten Aitak hitzemana. Aitaren promesak Jerusalemen berean
betetzeak ez zituen batere hameka gizonak harritu, guziak juduak baitziren. Profeten prediku guziek
alabainan, Jainkoaren promesa bete zedin, Jerusalemeri emana zioten partehartzerik handiena: oroit,
adibidez, Isaiasen oihua : «Xuti hadi Jerusaleme! Pitz hadi! Etorri duk hire argia eta Jaunaren
loria altxatu hire alde! »
San Lukek gero zehazten du zer den promesaren edukia : « Joanesek urez bataiatzen zuen
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zarete, egun guti barne. » Apostoluek galdatu
zioten : « Jauna, orain altxatuko ote duzu berriz Israelgo Erreinua ? » Ez da harritzeko jendeak
galde hori egitea, horrek erakusten baitu ongi konprenitu dutela Jainkoaren Egun Handi hura etorria
dela. Jainkoak, ordea, gizonen beharra badu bere promesaren betetzeko; Jainkoaren salbamendua
Jesu Kristori esker etorria da, bainan gizonei gelditzen zaie salbamendu horren onartzeko edo ez
egiteko libertatea. Horra zertako gizonek berek behar duten hori jakin; hortik baitator Apostoluen
misioa eta egitekoa. Izpiritu Saindua emana zaie beraz: hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den
Izpiritu Sainduaren indarra eta nere lekuko izanen zarete. Erran nahi du Izpiritu Sainduaren
jaustearen eta Jainkoaren Erreinuaren betetzearen artean badela tarte bat, hau da lekukotasunaren
aroa. Eta epe hori luzea izanen da zeren Berri Ona helarazi behar baitzaio gizadia osoari : « …Eta
ene lekuko izanen zarete Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino… »
Hori da, hain zuzen, Apostoluen Egintzak deitu liburuaren plana.

Salmoa 46

Leloa: Zeru lurreko Jaun eta Jainko,
Zaude zu, Kristo, betiereko.

Egin herrriek esku zarta, Jaunari denek airos kanta!
Errege gaitza Jauna baita, Hartaz bertzerik jaunik ezta.
Jainkoa doa zeruz zeru, Jaunari denek adar-soinu.
Egin Jaunari soinu-kantu Mundu zabala bere baitu.
Errege baita munduz mundu, Hari guziek soinu-kantu.
Herriak oro bere ditu, Zeruetan du alki saindu.

Salmo hunen ulertzeko behar da berrikusi Salomonen erregetzearen historia. Orduan
Salomon errege berria igan zen ospe handitan Gihoneko iturritik, errege jauregiko muno gaineraino.
Adarra joiten zen eta herri guziak oihuka zioen : Bizi bedi beti Salomon erregea! Ondotik zoakion
herri guzia, xirula jotzen zutela eta bozkarioz jauzi egiten, lurra arrailtzerainokoan.
Babiloneko erbestearen ondotik ordea, ez baitzen gehiago Izraelen erregerik, Jainkoarentzat
berarentzat erabiltzen ziren erregetzearen eta sakratzearen hitz eta irudi horiek berak. Ez ote da
Hura bera Israelen egiazko errege bakarra ? Ber denboran, berpizten da bihotz guzietan Jainkoak
berak igorriko duela hitzemana duen Mesias Erregearen itxaropena .
Kristoren Erregetza ez da hainbat aipatzen oraino, bizkitartean hemengo aipamen xoil hunek
gogoratzen du aitzinetik azken egunean Jainkoaren haur guziek elgarretaraturik kantatuko duten
kantu miresgarria : Herri guziek esku zartekin eta bozkariozko oihu oihuekin gorets zazue Jainkoa!

Bigarren irakurgaia

( Kristo diren guzien Nagusia, Aitaren eskuinean jarria )

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 1,17-23

Haurrideak,
17 Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak
zuhurtzia eta goi-argia eman diezazkitzuela,
haren ongi ezagutzeko.
18 Argi ditzala zuen barneko begiak,
jakin dezazuen nolako esperantzarat deitu zaituzten,
zein aberatsa den
fededunentzat ondore gisa prestatua duen aintza,
19 zein neurrigabea den sinesten dugunen alde erabiltzen duen ahala.
20 Ahal, indar, botere hori
Kristoren baitan erakutsi du Jainkoak,
hilen artetik piztu
eta zeruan, bere eskuinaldean jarrarazi duenean.
21 Ezarri du munduko aitzindari,
botere, indar eta nagusigo ororen gainetik
eta ez bakarrik mundu huntan,
datorren munduan ere aipagarri den edozein baino gorago.
22 Gauza guziak haren oinpean ezarri ditu,
eta hura egin du denen gainetik Elizaren buru.
23 Eliza haren gorputza da,
diren guziak osoki betetzen dituen Kristoren betea.

“Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak…zuhurtzia eta goi-argia eman diezazkitzuela.” Paulok
eskatzen duen argi hori ez doa adimenduaren haritik bainan bihotzaren bidetik, hunen idekiduran da
finkatua. Paulo judu jakintsunak badaki Jainkoaren zuhurtzia, gizonak ez dezakela bere indar xoilez
aurki. Argi hori Jainkoak berak du emaiten: “…Haren ongi ezagutzeko argi ditzala zuen barneko
begiak, jakin dezazuen nolako esperantzarat deitu zaituzten…”
“Ondore” hitza derabila hemen Paulok. Biblian usu erabilia den hitza. Testamendu
Zaharrean Izraeli hitzemana zaion lurra da “ondorea”. Testamendu Berrian, Paulok oroz gainetik,
hitz hori derabila zeruetako erresuma eta betiereko bizia aipatzen dituelarik. “…Izpiritu horrek
berak gure izpirituari aitortzen dio Jainkoaren seme-alaba girela; eta, seme-alaba bagira, ondoko
ere gira, Jainkoaren ondoko eta Kristorekin batean ondoko.” (Er 8,16-17) Bertze idatzi askotan ere
Paulok “ondore” hitz hori erabiltzen du.
Pauloren miresmena huntarik heldu da: Jaunaren dizipuluek oraitik parte hartzen dutela
beren Nagusi Piztuaren garaipenean. Herioa garaitua denaz geroz, deusek ez dezazke gehiago lotsa.
Apostolua, bere irakurleeri idekitzen dioten geroa ikusiz, zoradura batek hartzen du; huntan
adibidez :”…Zein neurrigabea den sinesten dugunen alde erabiltzen duen ahala. Ahal, indar, botere
hori Kristoren baitan erakutsi du Jainkoak hilen artetik piztu eta zeruan, bere eskuinaldean,
jarrarazi duenean.” Ez da harritzeko Paulok idazten badu: “Geldigabe ari nitzaio Jainkoari
zuengatik esker emaiten, ene otoitzetan zuetaz oroituz.” (Ef. 1, 16)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jauna igan da oihu alaien artean,
Jarria dago bere alki sainduan !

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 28,16-20

16 Hameka dizipuluak joan ziren Galilearat,
Jesusek manatua zioten mendirat.
17 Ikusi zutenean, ahuspez eman ziren;
batzu, ordea, dudan zauden.
18 Jesus, hurbildurik, hunela mintzatu zitzaioten:
“ Eskubide guziak emanak izan zaizkit zeru-lurretan.
19 Zoazte beraz!
Eta egin herri guziak nere dizipulu,
Aitaren, eta Semearen, eta Izpiritu Sainduaren izenean bataiatuz;
20 eta manatu dautzuetan guzia begiratzen irakatsiz.
Eta ni zuekin naiz egun oroz
munduaren azkeneraino.”

“Joan ziren Galilearat.” Galilea “paganoen bidekurutzea” deitzen zuten edo “Paganoen
Galilea”. Alabainan, oraitik, apostoluen misio edo eginkizuna mundu guzira hedatzen da: ” eta egin
herri guziak nere dizipulu”; bai eta ere heldu diren mende guzietara :” Zuekin naiz egun oroz
munduaren azkeneraino.”
Dizipuluek ez dute iduri arras prest direla lan ikaragarri horri lotzeko.” Ikusi zutenean,
ahuspez eman ziren; batzu, ordea, dudan zauden.” Mendekostek ekarri behar zuen argia ez zen
oraino han. Egia da apostoluek hedatu behar duten mezua ez dela errexenetarik: gizonen begietan
erokeria dena, Jainkoaren Zuhurziada Paulorentzat. Jesus Jainko gizon egina da. Eta gizon hori
piztua da. Zeruaren eta lurraren arteko lokarria da Jesus. Hunek sua piztu du, eta orai dizipulueri
doakote su horren lur guzira hedatzea. “Zoazte beraz! Eta egin herri guziak nere dizipulu, Aitaren
eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean bataiatuz.”
“Aitaren eta Semearen, eta Izpiritu Sainduaren izenean” : lehen aldia da Trinitate Saindua
Biblian aipatua dela. Izena, biblian, pertsona bera da eta bataiatzea murgiltzea, barnean sartzea .
Beraz bataioak Trinitatearen barnean gaitu sartzen. Bainan garai haietako, Trinitateaz mintzatzea
iraultza bat zen. Hemen Jesus Jainkoaz mintzo da bainan hiru pertsona emaiten ditu Jainko hortan.
Alta Jainkoa bakarra dela profetek aski errepikatua zuten. Juduen eta giristinoen arteko kasailen
erroa, parte segurik, hemen da.” Sinagogetarik kanpo ezarriko zaituztete; are gehiago, badator
ordua, zuek hilen zaituztenak Jainkoa zerbitzatzen duela usteko baitu. Eta hola ariko dira ez Aita,
ez Ni, ezagutu ez gaituztelakotz.”
Jainkoaren berri Jesusek eman zezaken bakarrik, bera Jainko baita. Trinitatearen misterioa,
nahiz gure adimenduak ez konprenitu, erran behar da misterio horrek ainitz gauza esplikatzen
dituela, hala nola Jainkoa Amodio dela, bere baitan baitauka hiru pertsonen harremana. “Eskubide
guziak emanak izan zaizkit zeru-lurretan.” Zoazte beraz, ez zirezte bakarrik. ” Eta ni zuekin naiz
egun oroz munduaren azkeneraino.” Beraz ez lotsa. Kontzilioa idekitzeko erabakia hartu zuen
Joanes XXIII.Aita Sainduak erraiten omen zuen: “ Eliza ez da ene gain, bainan Izpiritu Sainduaren
gain!”