Poza, esperantza, maitasuna Joan 14,15-21
Pazkoaldiko 6. igandea A (2020-05-17)
Joan den igandean komentatu nituen Elizaren hiru egoerekin jarraitzen dute irakurgaiek: Eliza jaioberri, Eliza sufrikario-jasaile, Eliza sinesle.
Eliza jaioberria: elkarte berri baten eredu (Lehen irakurgaia: Eginak 8,5-8.14-17)
Diakonoen erakundea antolatu ondoren, haietako baten jarduera dakarkigu Lukasek: Feliperena, Samariako elkartea fundatzen. Honetaz baliatu da, edozein elkarte berrik izan beharko lituzkeen ezaugarriak adierazteko.
1) Ez du inor baztertu behar. Felipe Samariara joan da, juduentzat eskualderik mespretxatuena eta gorrotatuena den horretara.
2) Felipek Kristo predikatu du. Misiolariak ez du proposatzen filosofia moral bat, ezta etika bat ere; bere lehen asmoa ez du izaten ohiturak aldatzea, baizik eta Jesusen berri ematea.
3) Hitzak ekintza du bidelagun. Jesusek eta apostoluek egin zituzten seinaleen eta miragarrien antzekoez zehaztu du hori guztia Lukasek: gaixo-mota guztiak sendatzea.
4) Jarduera honen fruitua, «hiria poz-pozik jartzea» izan zen. Ebanjelioa ez da mezu triste bat.
5) Gauza bat bakarrik falta da, Felipe diakonoak ezin eman duena: Espiritu Santua. Pedro eta Joan apostoluen otoitzak eman du hori; biek, aldi berean, beren presentziaz, elkarte berriaren eta Jerusalemgo eliza-amaren arteko batasuna sinbolizatzen dute.
Eliza sufrikario-jasailea: kalumniak eta esperantza (Bigarren irakurgaia: 1 Pedro 3,15-18)
Pedroren gutunak aipatu du kalumnien gaia, lehen kristauek jasan zutena. Gogora ditzadan haietako bi, Tertulianoren (160-220 inguruan) eta Minuzio Felixen (150-270) testuetatik hartuak.
Esan ohi zuten, norbait elkarte-kide egitera eta misterioetan hastapenak egitera zihoanean, haur txiki bat hartu, irinez estali eta mahai baten gainean ipintzen zutela. Kristau-berria aretoan sartzean, ore hura kolpeka indarrez jotzeko agintzen ziotela. Eta berak egin egiten zuela, inolako gauza larri bat ez zelakoan. Eta behin eta berriz jotzen zuela haurra hiltzeraino. Orduan, guztiek hila zen haurragana jotzen zutela, haren odola miazteko eta haren gorputz-atalak banatzeko, horrela Jainkoarekin elkargoa zigilatuz.
Beste akusazioa intzestuarena zen. Haren arabera, kristauek beren jai-egunetan elkartzen dira, jai-otordu handi bat ospatzeko. Beren seme-alabekin, anai-arrebekin, amarekin eta sexu eta adin guztiko pertsonekin joaten dira. Aretoak argimutil baten argia bakarrik du, eta txakur bat du berari lotua. Ugari jan eta edanik, erdi mozkor daudenean, txakurra zirikatzen dute ezin iritsi den lekura haragi-puskak botaz; halako batean, txakurrak argimutila bota, argia itzali, eta besarkatzen elkar besarkatzen hasten dira zori hutsez, nork zein jakin gabe, eta orgiarik handienera jotzen dute anai-arreba artean.
Testuinguru honetan, Pedroren gutunak gomendatzen du:
1) Jakin dezagula geure esperantzaren berri ematen, otzantasunez eta begirunez. Hau da, jakin argitzen zer dugun sinesten eta zer espero, baina gaitzespenik eta deskalifikaziorik gabe.
2) Hobe, on eginez sufritu, gaitz eginez jasan baino.
Jokabide hau, gizatasun hutsez hain zaila, Jesusen etsenplua gogoan hartuz bakarrik lor daiteke: hura, errugabe izanik, errudunengatik hil zen. Eta hura piztu zen bezala, guk ere jasoko dugu geure pazientziaren saria.
Eliza sineslea: «obrak dirade amore» (Joan 14,15-21)
Ebanjelioak, hitz gutxitan, gai desberdinak bildu ditu, eta, hainbeste direlarik, zail da gai komun bat aurkitzea. Ezin eskatu zaio diskurtso logiko eta arautu bat pertsona bati, hil baino lehentxeago bere adiskiderik kutunenei agur esan nahi dienean. Nabarmendu ditzadan hiru gai.
1) Puska labur hau oso antzeko hitzez hasi eta bukatu da: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak». «Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak halako horrek maite nau». Esaerak dioenez: Gutxi esan, asko egin, zuhurraren atsegin.
Maitasunaren eta aginduak betetzearen arteko erlazioa oso antzinakoa da Israelen: Deuteronomio libururaino iristen da; hartan, Jainkoa bihotz guztiaz, arima osoaz, izate guztiaz maitatzea, beraren legeak, aginduak eta dekretuak maitatzeaz zehazten da. Jesusen kasuan, alde handi bat dago, honen aginduak bakar batean biltzen dira: «Hau agintzen dizuet: maita dezazuela elkar nik maite zaituztedan bezala».
2) Mendekoste-jaia hurbil dela kontuan izanik, garrantzizkoak dira hitz hauek: «Neuk eskatuko diot Aitari, eman diezazuela babesle bat, beti zeuekin izango duzuena, egiaren Espiritua. Munduak ezin onartu du, ez ikusten, ez ezagutzen, ez duelako; zuek, ordea, ezagutzen duzue, zuekin bizi baita eta zuekin baitago». Ageriko kontraesana dela ematen du: Aitari eman diezagun eskatu dagoeneko gugan bizi dena. Bi aldi dira, diskurtso hauetan askotan nahasten direnak: batetik, Jesusena, geroari begira eta Aitari babesle bat eman diezagun eskatzen diona; bestetik, gurea, Espiritua jadanik hartua dugunona, geuregan dugunona.
3) Kristauaren batasun betea Aitarekin eta Jesusekin. «Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz». «Orduan jakingo duzue ni Aitarekin nagoela, eta zuek nirekin eta ni zuekin».
José Luis Sicre