BI ESPERIENTZIA GILTZARRI Lucas 24,13-35

Pazkoaldiko 3. igandea A 2020-04-26

Hainbat urteren ondoren, berez harrotu zen arazoa, egiazkoa benetan, kristau-elkarteetan. Pedrok, Maria Magdalenak eta gainerako ikasleek esperientzia oso «bereziak» bizi zituzten, heriotza ondoren bizirik agertu zitzaien Jesusekin topo eginez. Jesus berpiztuagan «sinestera» eragin zien esperientzia haiek. Baina jarraitzaileen taldera geroago hurbildu zirenek, nola esnatu eta elikatu behar zuten fede hori bera?

Hauxe dugu gaur egun geure arazoa ere. Guk ez ditugu bizi izan Berpiztuarekin lehen ikasle haiek bizi izan zituzten topo egiteak. Zein esperientzia izan genezake guk eskura? Horixe da Emausko bi ikasleen kontaerak planteatzen duena.

Beren etxera doaz biak, triste eta lur jota. Jesusekiko fedea itzali egin zaie. Jada ez dute ezer espero harengandik. Dena ustekeria hutsa izan da. Bere burua ezagutzera eman gabe, ondoren doakie Jesus. Harrapatu ditu eta haiekin doa. Honela agertu du Lukasek egoera: «Haiekin bide eginez zihoan Jesus, baina haien begiak ez ziren gai Jesus zela antzemateko». Zer egin dezakete beren ondoan haren presentzia bizia atzemateko?

Hau da, ordea, garrantzizko gauza: ikasle hauek ez direla Jesusez ahaztu: «hartaz hizketan ari dira eta eztabaidan»; gogora dakartzate haren «hitzak» eta haren «egintzak», profeta handiarenak; gertatu dena argitu diezaien utzi diote ezezagun hari. Ez zaizkie ireki begiak bat-batean, baina «bihotza sutan jartzen hasi zaie».

Horixe da geure elkarteetan behar dugun lehenengo gauza: Jesus gogora ekarri, haren mezuan eta haren jardueran murgildu eta sakondu, haren gurutzeko heriotza hausnartu… Bai, halakoren batean, Jesusek hunkitu egin gaitu, barneraino iritsi zaizkigu haren hitzak eta bihotza sutan jartzen hasi zaigu; seinalea, gure fedea esnatzen ari dela.

Ez da aski, ordea. Lukasen arabera, beharrezkoa dugu eukaristia-afariaren esperientzia. Artean nor den ez dakiten arren, bidaiari biek sentitu dute Jesusen beharra. On egin die hura bidelagun izateak. Ez dute nahi bertan behera utz ditzan: «Geldi zaitez gurekin». Gustura azpimarratu du Lukasek: «Jesus sartu zen haiekin gelditzeko». Afarikoan begiak ireki zaizkie.

Hauek dira bi esperientzia giltzarriak: haren mezua, haren jarduera eta haren bizitza osoa gogora ekartzean bihotza sutan dugula sentitu; eukaristia ospatzean sentitu, hura elikagai, adore eta kontsolamendu dugula. Horrela hazten da Elizan Berpiztuarekiko fedea.

Jose Antonio Pagola