POZA ETA BAKEA Joan 20,19-31
Pazkoaldiko 2. igandea A 2020-04-19
Ikasleei ez zitzaien erraza gertatu bizitzen ari zirena adieraztea. Narratzeak eskaintzen dituen baliabide-mota guztietara jotzen dute. Muina, halere, bat bera da izan beti: Jesus bizi da eta berekin dute berriro. Hau da funtsezkoa eta erabakitzailea. Bizi-bizirik berreskuratu dute Jesus.
Dei egin dienarekin egin dute topo ikasleek, kinka batean alde batera utzi duten harekin. Emakumeek beraien duintasuna defenditu duen hura besarkatu dute, adiskidetzat onartu dituen hura. Bera ikustean negarrari eman dio Pedrok: ez daki jada besteak baino gehiago maite duen; dakien gauza bakarra maite duela da. Maria Magdalenak bihotza ireki dio betirako liluratu duen hari. Behartsuek, emakume prostituituek eta ez-desiragarriek ondoan sentitu dute berriro, berarekin egin zituzten otordu ahaztezin haietan bezala.
Ez da izango jada Galilean bezala. Fedez bizitzen ikasi beharko dute. Beraren Espirituaz bete beharko dute. Beraren hitzak gogoratu beharko dituzte, beraren keinuak eguneratu beharko. Baina Jesus, Jauna, berekin dute, biziaz blai betiko.
Gauza bera sentitu dute guztiek: bake sakon bat, poz eutsiezin bat. Ebanjelio iturburuek, beti hain soil sentimenduez hitz egitean, behin eta berriz azpimarratu dute: Berpiztuak poza eta bakea eragin die bihotzean. Hain erdi-erdikoa da esperientzia hori non esan baitaiteke, ahoberokeriarik gabe, bake eta alaitasun hauetatik jaio zela Jesusen jarraitzaileen indar ebanjelizatzailea.
Non da gaur egun poz hori gure Elizan, batzuetan hain nekatua eta seriosa, irribarreari hain gutxi emana, bere erroreak eta mugak problemarik gabe aitortzeko hain umore eskaseko eta apaltasun eskasagoko ageri den Eliza honetan? Noiz arte jarraitzen ahal dugu geure irakaspenak defenditzen, beti hain era bateko eta aspergarrian; aldi berean, «Kristogan bizitzearen» poza esperimentatzen ez dugularik? Nor erakarriko du gure fedeak, batzuetan ezin badugu itxurarik ere egin hartaz bizi garela?
Eta Berpiztuaz bizi ez bagara, nork beteko du gure bihotza?, non elikatuko da gure poza? Eta, hari darion poza falta bada, nork komunikatuko die zerbait «berri eta onik» duda-mudak dituztenei?, nork erakutsiko du era biziago batean sinesten?, nork kutsatuko die esperantza sufritzen ari direnei?
Jose Antonio Pagola