Ez Jainkoa, ez Kristo, ez piztuera
Piztuera Igandea A (2020-04-12)
Aukeratze bitxia
Hauek dira igande honetan Elizak gehienik errepikatzen dituen bi esaldiak: «Kristo piztu da» eta «Jainkoak Jesus piztu du». Itun Berrian gai honetaz gehienik baieztatzen dena laburtzen dute biek.
Halere, igande honetako ebanjeliotzat beste hau hautatu dute: protagonistatzat ez Jainkoa, ez Kristo duena, ez piztuera aitortzen duena. Aipatzen dituen hiru protagonistak gizaki huts dira: Maria Magdalena, Simon Pedro eta ikasle maitea. Ez da ageri aingerurik ere. Joanen ebanjelioak pertsonaia hauen, oso desberdinak diren hauen, erreakzioak ditu erdigune.
Mariak presaka erreakzionatu du: aski izan du ikustea hilobiko harria kendu dutela, norbaitek gorpua eraman duela konkluditzeko; piztuera ez zaio burutik pasatu ere.
Simon Pedrok ikuskari arduratsu batek bezala jardun du: korrika doa hilobira eta ez da mugatu, Maria bezala, harria kendua ikustera, baizik eta erreparatu du bendak lurrean daudela eta buru-zapia, berriz, beste leku batean dagoela tolestatua. Gauza oso bitxia. Baina ez du konklusiorik atera.
Ikasle maitea ere korrika doa, Simon Pedro bera baino arinago gainera, baina ondoren pazientziaz itxaron dio. Eta Pedrok ikusi duena bera ikusi du, baina Jesus piztu dela konkluditu du.
Joanen ebanjelioak, urtean barna bere diskurtso korapilatsuekin hainbeste sufriarazi digunak, mezu bikain bat eskaini digu gaur: Jesusen piztueraren aurrean, pentsa genezake iruzur bat dela (Maria), utz gaitzake zer pentsa ez dakigula (Pedro) edota eragin diezaguke fedearen urrats misteriotsu bat ematera (ikasle maitea).
Pazkoaldiko segidako egunetako kontaerek hirugarren jarrera hori hartzen lagunduko digute.
Lehen bi irakurgaiak (Eginak 10,34a.37-43 eta Kolosarrei 3,1-4)
Horretara doaz igande honetako beste bi irakurgaiak (Apostoluen Eginak liburua eta Kolosarrei gutuna); bipilki baieztatu dute Jesusen piztuera. Bada hain desberdinak diren bi irakurgai hauek batzen dituen zerbait:
a) biek baieztatu dute zer nola onurak dakartzan Jesusen piztuerak guretzat: bekatuen barkamena (Eginak liburua) eta geroko aintza (Kolosarrei gutuna);
b) biek baieztatu dute, Jesusen piztuerak konpromiso bat dakarrela kristauentzat: hots egin eta testigantza egitea, Apostoluek bezala (Eginak liburua) eta goiko ondasunak amestea, Kristo dagoen lekuan, eta ez lurrekoak (Kolosarrei gutuna).
Zergatik egon da ikasle maitea Pedroren zain?
Sarritan interpretatu izan da honela gertaera hau. Ikasle maiteak (Joanek edo dena delakoak) kristau-elkarte bat fundatu zuen, aski berezia; arriskuan egon zen, bere burua beste elizak baino handiagotzat emateko eta guztiengandik bereizi edo apartatzeko. Izatez, laugarren ebanjelioak argi eta garbi utzi du fundatzailearen intuizio erlijiosoa, Pedrorena baino gailenagoa: aski izan du ikustea sinesteko, geroago Galileako aintziran Jesus agertuko zaienean bezala: honetan ere bat-batean jabetu da ikasle maitea «Jauna dela». Halaz guztiz, bere intuizio bereziak ez du ipini bera Pedroren gainetik: honen zain egon da hilobiaren sarreran, errespetuz. Ikasle maitearen elkarteak, beraren fundatzaileak bezala, erantzule Pedro duen Eliza osoari elkarturik ikusi behar du bere burua.
José Luis Sicre