Astea Santua A 2020
«Izan errukitsu zuen Aita errukitsu den bezala»
Kristautasunak dituen menderen ondoren, gaur egun beharrezkoa dugu errukia berreskuratzea, «jarduera praktiko baten printzipio gisa». Ezin muga daiteke uneren batean edo bestean «erruki-egintza batzuk egitera», sufrimendu askoren kausa zuzengabeei erreparatu gabe. Errukiaren dinamikan, lehenik eta behin besteren sufrimendua baitaratu, barneratu, behar dugu, geure eginez. Barneratua dugun sufrimendu horrek erreakzio bat eragingo du; portaera eraginkor eta erantzukizunezko baten abiapuntu bilakatuko da; ekintza-burubide edo printzipio bihurtuko da, biziera baten hastapen. Azkenik, biziera hau konpromiso eta keinu batzuetan zehaztu edo konkretatuko da, sufrimendua erauztea, edota, gutxienik, arintzea, helburu duelarik.
Mendetan barna, hainbat erakunde sortu dira Elizan: erruki-erakundeak, laguntza-zentroak, ospitaleak, harrera-guneak, kongregazio erlijiosoak; laguntzeko gaixoei, umezurtzei, izurrituei, haur gaitzetsiei, prostituituei, gaixo psikikoei. Erakunde horiek dira Elizaren aurpegi gupidatsua, Elizan dugun alderdi hobena. Baina ez da aski. Saiatu beharra dugu, Eliza, Eliza denez, bere osotasunean errukiaren printzipioak eratua izan dadin. Elizak nabarmen agertu beharko luke, munduan den sufrimenduari buruz buru erreakziorik konprometituenaren eta ausartenaren leku bezala. Lekurik sentiberena bezala gaur egungo gizon-emakumeen zauri fisiko, moral eta espiritualei buruz buru.
Konbentziturik nago ezen gaur egungo kristauek ikasi beharra dugula Jesusi jarraitzen biktimetan oinarrituz. Honek, jakina, axolarik ezaren kulturari agur esatea eskatzen du, biktimen sufrimendutik pentsatzea, zokoratuei eta gaitzetsiei geure bizitzan leku bat egitea, mundu-mailan solidaritatea sustatzea, buruan azkenak direnen premiak izatea, norberaren ongizatearen garapenaz ahaztuz.
Jose Antonio Pagola
Aro ebanjelizatzaile berria