FEDEA BERPIZTUAGAN (Mateo 28,1-10)
Pazko. Piztuera igandea A 2020-04-12

Kristauok ez genuke ahaztu behar, Jesu Kristo berpiztuagan sinestea kredoko formula bati «bai» esatea baino asko gehiago dela. Askoz gehiago, duela bi mila urte inguru Jesus hilari gauza harrigarri bat gertatu zitzaiola baieztatzea bera ere baino.

Berpiztuagan sinestea, Kristo orain bizi dela sinestea da, indartsu eta kreatzaile, biziari bere azken zoriraino eragiten ari dela eta gizadia liberatzen, behin betiko nahas-mahasean eror ez dadin.

Berpiztuagan sinestea, Jesus fededunen artean presente dagoela sinestea da. Kristau-elkartearen bileretan eta zereginetan eraginkor parte hartzen ari dela, gogoan izanik, pozik, bi edo hiru lagun haren izenean elkartzen garenean, han dagoela bera gure bizitzan esperantza emanez.

Berpiztuagan sinestea, aurkitzea da, Kristori otoitz egitea ez dela bakarrizketa hutsal bat, gure deia entzungo duen solaskiderik gabea, baizik eta elkarrizketa bat dela bizi den norbaitekin, biziaren sustraian berean geure ondoan dugun batekin.

Berpiztuagan sinestea, ebanjelioan bildua den beraren hitz biziak interpela gaitzan uztea da, eta egunoroko bizitzan aurkituz joatea beraren hitzak «espiritu eta bizi» direla haietaz elikatzen dakienarentzat.

Berpiztuagan sinestea, esperientzia pertsonalaz aurkitu eta bizitzea da ezen Jesusek ahalmena duela gure bizitza eraldatzeko, gugan den alde ona berpizteko eta gure askatasuna hiltzen duenetik liberatzen joateko.

Berpiztuagan sinestea, bera bizirik ikustea da anai-arrebetako azkena eta txikiena den harengan, errukira eta solidaritatera dei egiten digularik.

Berpiztuagan sinestea, bera «hildakoen arteko lehen jaioa» dela sinestea da, zeinengan hasia baita jada gure piztuera eta zeinengan betierez betiere bizitzeko atea irekia baitugu jada.

Berpiztuagan sinestea, zinez uste izatea da ezen ez sufrimenak, ez zuzengabekeriak, ez minbiziak, ez bihotzekoak, ez metrailetak, ez zapalkuntzak, ez heriotzak duela azken hitza. Bakar-bakarrik, Berpiztua da biziaren eta heriotzaren Jauna.

Jose Antonio Pagola