ERREGUA
Martxoaren 24: San Oskar Romeroren eguna,
San Salvadorreko artzapezpikua eta martiria.
(Romeroren hitzez eta esaldiez ehundua)
Artzaina, egia zeure herriarekin zenuen aurkitu.
eta martirien podiumetik zara ari oihuka.
Elizaren baitara genuen begiratzen
eta ez genuen eraberritzen.
Ireki genituen leihoak, irten ginen kalera,
besarkatu genuen jende pobretua
eta amore eman zuten Elizaren murruek.
Behartsuek zizkiguten belarriak ireki.
Eta piztu zuten txinparta gure begietan,
ikusteko zer zegoen han aurrean:
miseria kolektiboa, zuzengabekeria erailea.
milioika latinoamerikar
kateaturik gose-soldatari.
Herri pobreak segituan markatu zigun
Elizaren lehen egitekoa munduan.
Erregalu beldurgarria genuen geure urratsei segika:
pertsekuzioa.
Jainkoaren Pazkoa izan zen guretzat.
Berrogeita hamar apaiz erasopean,
batzuk torturatuak, hainbat martiri.
Eta herria xumeaz? Ehunka, milaka,
asko kartzelan. beste batzuk asasinatuak.
Jaunaren aintzak distira egin zuen gure Elizan.
Eta gari-aleak garatzen ari ziren.
Jesusen izenean, lan egingo dugu
bizitza betearen alde.
Fededun izan nahi baduzu,
txertatu zaitez
Jainkoaren eta Kristo salbatzailearen
uhin sozial eta politikoen txertoaz.
(Patxi Loidi)