HORRELA NAHI DUT NIK HIL
Garizumako 5. Igandea A (2020-03-29)

Jesusek ez du ezkutatu sekula Betanian bizi diren hiru anai-arrebekiko maitasun beroa. Segur aski, Jerusalemera igotzen den guztietan etxean hartzen dutenak dira. Behin batean, Jesusek enkargu bat jaso du: «Gure neba Lazaro, zure adiskidea, gaixo dago». Handik gutxira, herrixka hartarako bidea hartu du Jesusek.

Iritsi denean, Lazaro hila da. Jesus ikusi duenean, Mariak, ahizpa gazteenak, negarrari eman dio. Ezin kontsolatu du inork. Bere adiskide hori eta honek lagun dituen juduak ikustean, Jesusek ezin eutsi izan dio. «Negarrari eman dio» berak ere beste haiekin batean. Eta jendeak esaten du: «Nola maite zuen!»

Jesusek ez du negar egiten bere adiskide maiteagatik bakarrik. Bihotza urratu zaio heriotzaren aurrean guztiei nabari zaien ezinagatik. Guztiok dugu geure izatearen barruenean bizi-nahi aseezin bat. Zer dela-eta gure hil behar hori? Nolatan ez dugu geure bizitza zoriontsuagoa, luzeagoa, seguruagoa, biziagoa?

Gaur egungo gizakiak, aldi guztietakoak bezala, iltzaturik du bihotzean galderarik kezkagarriena eta erantzuteko zailena: zer izango da azkenean gu guztioz eta gutako bakoitzaz? Alferrik da geure burua engainatzea. Zer egiten ahal dugu heriotzaren aurrean? Matxinatu, geure onetik atera? Etsi?
Dudarik gabe, erreakziorik ohikoena arazoaz ahaztea izaten dugu eta «hil arte segi». Alabaina, gizakia ez al dago egina bere bizitza bizitzeko eta bere bizitza azti eta erantzukizunez bizitzeko? Soilik geure azken horretara jo behar al dugu era oharkabean eta erantzukizunik gabe, joera jakin bat hartu gabe?

Heriotzaren azken misterioaren aurrean, ez da posible dogma zientifiko eta erlijiosoei eskua luzatzea. Ezin gidatzen ahal gaituzte bizitza honetatik harago. Ondraduagoa ematen du Eduardo Txillida eskultorearen jarrerak, egun batean esaten entzun bainion: «Heriotzaz, arrazoiak esaten dit behin betikoa dela. Arrazoiaz, arrazoiak esaten dit mugatua dela».

Beste biziaz, kristauok ez dakigu gainerakoek baino gehiago. Geuk ere apal hurbildu beharra dugu geure heriotzaren gertaera ilun horretara. Baina errotiko konfiantza dugu, Jesusengan sumatzen dugun Jainkoaren Misterioaren ontasunean. Jesus hori, ikusi ez dugularik ere, maite baitugu eta, artean ikusi gabe ere, konfiantza ematen baitigu.

Konfiantza hau ezin uler daiteke kanpotik. Soilik, bizi egin dezake, Jesusen hitz hauei, fede xumez, erantzun dienak: «Ni naiz piztuera eta bizia. Sinesten al duzu hau?». Duela gutxi, Hans Küng-ek, XX. mendeko teologorik kritikoenak, esana du, berarentzat, hiltzea «Jainkoaren errukiaren misterioan atsedetea dela. Horrela nahi dut nik hil.

Jose Antonio Pagola