Kondenatua den lekukoaren kasua
Garizumako 4. igandea A (2020-03-22)
«Nire semeari lekuko izateko dei egin zioten, bi ordutik gora egin zioten galdaketa eta erruduntzat kondenatu zuten azkenean. Entzun al duzu ezer horrelakorik». Jaiotzez itsua den baten aitak galdetu dit, ahots apal, agintarien beldurrez. Jerusalem hiria, kasu hau dela eta, zirrarak joa dago jai nagusiaren egun hauetan.
Joan den larunbatean hasi zen guztia, jaiotzez itsu zen mutiko bati Jesus izeneko galilear batek itsutasunetik libratu zuenean. Itxuraz, ikasleen artean eztabaida sortu zen: bere erruz ote zen itsu ala beraren gurasoen erruz. Jesusek esan zien ez zela sortu itsu inoren errurengatik, makurtu zen hauts-apur bat hartzeko eta lohiaz begiak igurtzi zizkion itsuari. Ondoren, Siloeko ur-putzuan garbitzeko agindu zion. Bete zuen agindua eta ikusten hasi zen.
Berriemaile honek harremanetan jarri nahi izan du itsuarekin, baina ezin izan du. Ez da Jesusen berririk ere; ematen du alde egin duela hiritik. Batzuen arabera, galilear honek Abraham eta Moises baino handiagotzat du bere burua, eta ez du sentitzen larunbata gorde beharrik. Agintariak kezkaturik azaldu dira itsuaren kasu hau jendearen artean eragiten ari den eskandaluagatik, eta itsu izandakoari dei egin diote Jesusen aurkako salaketaren lekukotzat. Itsuaren aitaren arabera, zuhurtasunik gabe jokatu zuen semeak, eta lekuko izatetik akusatu eta kondenatu izatera pasatu zen. Ez zaitezte harritu, Jerusalem ez da Alexandria. Jerusalemen dena da posible.
Kontaera sei eszenatan
Jaiotzez itsua sendatzea bitxi literario bat da, ageri duen dinamismoagatik, elkarrizketagatik, ironiagatik. Sei eszena bereiz ditzakegu: 1) Jesus, ikasleak eta itsua. 2) Itsua eta auzokoak. 3) Itsua eta fariseuak. 4) Juduak eta itsuaren gurasoak. 5) Juduak eta itsua. 6) Jesus eta itsua. 7) Fariseuak eta Jesus.
1. Eszena: Jesus, ikasleak eta itsua
Bekatuaren eta zigorraren arteko erlazioa oso hedatua zegoen antzinako Israelen (baita gure arteko askorengan ere). Jesusek berak esana dio elbarri edo perlesiadunari lehentxeago: «ez egin gehiago bekaturik, ezer gogorragorik gerta ez dakizun». Halere, oraingo honetan ukatu egin du edozein zerikusi itsutasunaren eta itsuaren edo honen gurasoen balizko bekatu baten artean. Itsu jaio zen «beragan Jainkoaren egintzak ager daitezen». Bat baino gehiago eskandaliza dezakeen erantzuna. Beharrezkoa al da pertsona batek sufritzea, Jainkoak bere ahalmena ager dezan? Utz dezagun oraingoz alde batera gai hau.
Jesusek ikasleei emandako erantzunean badira hitz funtsezko batzuk, giltza direnak kontaera guztia ulertzeko: «Munduan nagoen bitartean, munduaren argi naiz». Nola argitzen du Jesusek? Zertan datza argi hori? Azkenean agertuko zaigu.
Nahasgarria da, lehen begiratuan, miraria egiteko era. Joanen ebanjelioan, sinoptikoetan bezala, ahaltsua da Jesusen hitza. Zerbait geroxeago frogatuko du hori, Lazaro bere agindu soil batez berpiztuz: «Lazaro, irten kanpora». Halere, itsua sendatzeko beste metodo desberdin eta korapilatsu batera jo du. Txistuaz lohia egin, harekin begiak igurtzi eta Siloeko ur-putzura bidali du. Begietako lohi horrek Markosek kontatzen duen Betsaidako itsuaren sendatzea gogorazten digu; hartan txistua ezartzen dio begietan eta ondoren eskuak (Markos 8,22-25). Siloeko ur-putzuan garbitzeak, berriz, Eliseok Naamani emandako agindua gogorazten du: Jordan ibaian zazpi aldiz bainatzekoa.
Keinu magiko baten oroitzapena ote? Giltza, lohiari lau aldiz egindako erreferentzia da, adierazpen honekin batera:«larunbata zen Jesusek lohia egin zuen eguna». Larunbateko atsedena berariaz haustea izan da Jesusena, igerilekuko elbarria sendatzean gertatu zen bezala. Laugarren ebanjelioan egiten zaizkion akusazio gogorrenetako bat da.
Lehen eszena honetan itsuak ez du ezer esan. Agindua betetzera mugatu da.
2. eszena: itsua eta auzokoak
Ironiaz blai den elkarrizketa da. Oro har, garrantzizkoa da kontuan hartzea ezen itsuak badakiela sendatu duen gizonak Jesus izena duela, baina ez daki non dabilen.
3. eszena: fariseuak eta itsua
Larunbataren problema harrotu du Jesusek. Oharpen bikoitz hau eginez hasi da ebanjelaria: «larunbata zen Jesusek lohia egin zuen eguna», eta fariseu batzuek konkluditu zuten: «Gizon hau ez dator Jainkoagandik, ez baitu gordetzen larunbata». Halaz guztiz, beste batzuk harriturik ageri dira, Nikodemori gertatu zitzaion bezala: «Nolatan egin dezake bekatari batek horrelako zeinurik?»
Itsuak gutxi hitz egiten du. Sendatu duela berresan du, baina auzokoei kontatu zienean baino hitz gutxiagoz. Aitzitik, nabarmen hobetu da Jesusez duen ikuskera. Ez du jada «gizon soiltzat» ematen, baizik eta «profetatzat». Emakume samariarrak esan zuena bera, nahiz eta arrazoi desberdinez izan: emakumeak, Jesusek beraren bizitza osoa ezagutzen zuelako; itsuak, Jesusek mirari ikusgarri bat burutu duelako.
4. eszena: juduak eta itsuaren gurasoak
Eszena hau, liturgiak alde batera uzteko aukera ematen badu ere, funtsezkoa da lehen mendearen bukaerako pasadizo honen mezua ulertzeko. Jesusen garaian fariseuek ez zuten ahalmenik inor sinagogatik kanporatzeko; gerora lortu zuten ahalmen hori, Jerusalem erromatarren eskuetan (70. urtea) erori ondoren, apaizek beren ahalmena galdu eta fariseuak aginte erlijiosoa eskuratu zutenean. Lehen mendearen azken aldera, Jesusen heriotza baino aski geroago, hasi ziren fariseuak kristauen aurka deliberatuko jartzen, heretikotzat emanez eta sinagogatik kanporatuz. Joanen kontaerak oso argi islatzen du, itsuaren gurasoak direla medio, judu jainkozale askoren beldurra: zigor hori jasan behar izatekoa, Jesus Mesiastzat aitortzen bazuten. Baita familietan izan ohi ziren tirandurak ere, kide bat kristau egiten zenean.
5. eszena: fariseuak eta itsua
Itsuak, Jesus «profeta bat» dela esanez bukatu du bere adierazpena. Fariseuek eskatzen diote orain, aitortu dezala «gizon hori bekatari bat dela». Akusazio horren aurrean, itsuak ez du defenditu Jesus argudio teologikoekin, baizik eta era praktiko batean: «Bekatari den ala ez, ez dakit; dakidana da, itsu nengoela eta orain ikusten dudala». Ondoren, ez du beldurrik ironiara ere jotzeko, fariseuei galdetu baitie ea berek ere Jesusen ikasle bihurtu nahi duten. Eta, bukatzeko, Jesusen defentsa beroa egin du: «honek, Jainkoagandik ez baletor, ez luke inolako ahalmenik izango».
Kristauen eta juduen arteko tirandura, lehen mendearen azken aldera, garbi agertzen dute fariseuen hitzek: beren burua Jainkoak hitz egin zion «Moisesen ikasletzat» dute, eta ez dira Jesusen ikasle, ez baitakite nondik datorren ere. Laugarren ebanjelioko gai tipikoa zehar aipatzen da hemen: nondik dator Jesus? Galdera anbiguoa da, ez baita ari leku fisiko batez (Nazaretez, nondik ezin baita espero ezer onik, Natanaelen arabera; Betleemez, nondik etorriko dela espero baitute batzuek Mesias), baizik eta Jainkoaz. Jainkoaren bidalia da Jesus, Jainkoagandik irtena da. Eta fariseuek ezin onartu dute hau. Horregatik, bekatari bat da Jesus beraientzat, zeinu harrigarri bat egin badu ere. Jainkoa ezin irten da beraiek ezartzen dizkioten langa hertsietatik. Horrenbestez eta bukatzeko, itsua kanporatu egin dute sinagogatik.
6. eszena: Jesus eta itsua
Orain arte, bera sendatu duenak Jesus izena duela bakarrik daki itsuak. Profetatzat dauka, konbentzimendu osoa du ez dela bekataria eta Jainkoagandik datorrena bide dela. Ikusten hasia da itsua. Baina ikusmen osoa azken eszenan eskuratuko du, berriro Jesusekin topo egin, harengan sinetsi eta haren oinetan ahuspeztuko denean. Inporta duena ez da pertsonak, arbolak, hodeiak, paretak, etxeak, eguzkia, ilargia… ikustea. Zinezko ikuspena Jesus aurkitzea da, beragan sinetsi eta bera adoratzea.
7. eszena: Jesus eta fariseuak
Itsuaren erreakzioak Jesusen azken irakaspenari bide eman dio. Hasieran esana zuen bera zela munduaren argia. Orain, beraren misioa zer den argitu du: «ikusten ez dutenak ikus dezatela, eta ikusten dutenak geldi daitezela itsu». Lehen mendearen azken aldiko egoerara itzuliz, «ikusten dutenak» fariseuak dira, Israelgo agintari erlijiosoak, ezeren dudarik ez dutenak eta Jesus Mesias dela ukatzen dutenak; «ikusten ez dutenak», berriz, juduak eta borondate oneko paganoak dira, apurka-apurka aurki baitezakete Jesus, baita sinetsi ere beragan.
Itsuaren irudiaren balio sinbolikoa kontuan hartzen badugu, errazago ulertuko ditugu Jesusen hasiera hitz haiek: «beragan Jainkoaren egintzak ager daitezen» jaio zela itsu. Ez da ari itsumen fisikoaz, baizik eta Jesus ez ezagutzearen itsumen espiritualaz.
Emakume samariarra eta itsua
Antzekotasun handia dute Joanen ebanjelioko bi historia hain desberdin hauek. Bietan, Jesus bera gero eta gehiago ezagutzen doaz protagonista biak. Eta, kasu bietan, aurkikuntzak ekintzara eragin die. Emakume samariarrak bere herrian zabaldu du albistea. Itsuak bere ezagunen artean eta, nagusiki, fariseuen aurrean. Azken kasu honetan, ez da izan fedearen hedapen patxadatsu eta alai bat, baizik eta defentsa sutsu bat izan da, Jesus, larunbata ez gordetzeagatik, bekatari salatzen dutenen aurka.
Erlazioa lehen irakurgaiarekin (1 Samuel 16,1b.6-7.10-13a)
Jainkoaren laguntzarik gabe, Samuel ez da gai izan zein den aukeratua jakiteko, Israelgo errege izateko. Jesusen laguntzarik gabe, gizakia ez da gai bera norberaren salbatzaile dela aitortzeko.
Erlazioa bigarren irakurgaiarekin (Efesoarrei 5,8-11)
Jesusengandik hartu dugun argia geure bizieran azaldu behar dugu, «argiaren seme-alaba bezala»: onberatasuna, zuzentasuna, egia biziz.
José Luis Sicre