FAMILIA SANTUA B 2014-12-28
SARRERA
Anai-arrebok: Nazareteko Familia Santuaren jaia ospatzen dugu gaur. Familia batean jaio eta bizi izan zen Jesus. Gure arteko beste edozeini gertatu izan zaion eta gertatzen zaion bezala, familiak lagundu zion Jesusi hazten, bai fisikoki, bai psikikoki, bai kulturaz eta espirituz. Familiak lagundu zion historian txertatzen, herri batean, hizkuntza batean, ohitura batzuetan, fede batean, jai batzuetan txertatzen. Dudarik gabe, berezia izango zen familia hura. Baina ez dugu gehiegi ezagutzen Jesusen Familia hura, zuzenean bederen. Baina, dudarik gabe, modu apartan biziko zuten han maitasuna. Jainkoarekiko maitasuna eta hiruren artekoa. Modu apartan saiatuko ziren gurasoak Jesus Itun Zaharreko erlijioan hezten. Modu apartan itsatsiko zioten Jesusi bihotzean jende jainkozaleak bizi zuen esperantza: Mesias salbatzailearen esperantza. Eguberri-jai hauetan, begira diezaiogun arretaz Nazareteko familia honi: gure familiarentzat eredu gerta daiteke.
Entzun dezagun, Aita Pio kaputxinoaren eraginez kristau egin, handik laster ezkondu eta elkarrekin pozik bizi den bikote baten aitorpen txiki bat, elkarrizketa luze batetik hartua; Jose Maria Zabala, idazlea eta kazetaria, eta Paloma Fernández emaztea, etxekoandrea, dira: «Esan ohi dugun bezala, ezkon bikote guztiei zuzendu diegu [liburua]; sekula galdu ez dezaten berekin duten altxor handia. Guri asko kostatu zitzaigun, biotan bakoitzak aurreko ezkontza baten baliorik eza lortu ondoren, Jainkoaren aurrean behar bezala ezkontzea; ba, guk, maitasuna mimatzen aurrera jarraitzera animatu nahi ditugu, nork bere burua batak besteari eskainiz, trukean ezer hartu zain egon gabe.
Ongi etorri, senideok, Kristoren misterio nagusia den Eukaristia honetara. Hor ageri da erarik argienean, nola eskaintzen duen gizon batek bere burua besteen alde.
LEHENENGO IRAKURGAIA Eklesiastiko edo Ben Sirak (3,3-7.14-17)
Liburu hau Kristo aurreko bigarren mendearen hasieran idatzia da, Egipton. Eta aski argia da autorearen asmoa liburua idaztean: Egipton fedea galtzen ari zen judu-jendeari Moisesen Legera itzultzeko gonbita.
Jainkoagandik datorren jakinduria hitz egin ondoren, Jainkoari beldur izateko gomendioa dagi; beldurra esatean ez du esan nahi ikara, baizik nork bere burua kreatua dela sinestea esan nahi du; beraz, Jainkoa aintzat hartzea, Jainkoari begirunea izatea.
Ondoren, gurasoekiko errespetua deskribatzera pasatu da hirugarren kapituluan, gaurko pasartea berea duen kapituluan.
Obedientziak salbazioa dakar, esango digu. Hau da, obeditzen duenaren garapena dakar, pertsona bezala. Gurasoekiko harremanek ohoratzea, errespetatzea, laguntzea etab. esan nahi dute.Garai hartan, ez zuten eskura seguru sozialik; beraz, semeek kontuan izan behar zuten laguntza ekonomikoa. Ez hori bakarrik. Gurasoek burua galtzen badute, seme-alabek errespetua zor diete.
Gurasoak aintzat hartzea giltzarria da Jainkoari begirune dionarentzat.
BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindako gutunetik (3,12-22)
Segidan aipatzen dituen aholku guztiak honetan oinarritzen ditu autoreak: «Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak». Bai, kristaua gizaki berri da; beraz, berria izan behar du jokabidea ere. Jainkozko gauzak gero eta hobeto ezagutuz, gauza berriak agertu behar ditu bere bizitzan.
Horrela aipatzen ditu aholku asko: errukia, apaltasuna, elkar ulertzea, elkar jasatea, barkatzea Kristok egin zuen bezala.
Ondoren, eskerrak emateko eskatzen digu: batak besteari irakatsiz, Jainkoa goratuz…
Gaurko pasartearen bukaera aldera, bada aholku bat, gaur egungo jendeari asko gustatzen ez zaiona, eta arrazoiz: «Emakumeok, bizi zaitezte zeuen senarren agindupean, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala». Nolanahi ere, erraz barkatuko diogu autoreari esaldi hori, garai hartako gizarte-giroa pixka bat ezagutzen badugu.
EBANJELIOA Lukasen liburutik (2,22-40)
Jesus tenpluan aurkeztearen pasadizoa dakar gaurko ebanjelio honek. Lukasen ebanjelioaren arabera, Jesusek Jerusalemera egin duen lehenengo bidaia da. Han, Simeonek eta Anak Jesusen aldeko testigantza bizia egin dute. Espiritu Santua da kontakizun honetan protagonista nagusia. Espiritu Santuaz betea da Simeon, eta Espirituak eraginda doa tenplura. Espirituak eraginda, herrien argi bezala aurkeztu du Jesus. Aldi berean, Mariari aurresan dio, semeak asko sufrituko duela eta berari, Mariari, ezpata batek zeharkatuko diola bihotza. Ana ere, emakume otoizlaria, Espirituaren eraginpean ari da.
Nolanahi ere, familiaz baino gehiago, Jesusez ari da gaurko ebanjelioa hau. Garrantzizko esaldi honekin bukatzen da: «Haurra hazi eta sendotuz zihoan: jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen» (Lk 2,40). Inportantea da, bai Mateok eta bai Lukasek azpimarratzen duten hau: Jesus haziz eta sendotuz zihoala. Garai batean, San Joanen ebanjelioan oinarrituz, teologia bertikala azpimarratu ohi zen; batez ere, Jesusen jainkotasuna azpimarratu ohi zuen. Mateok eta Lukasek, ordea, teologia gorakorrari eman diote bidea. Jesus haziz zihoala, eta adinean, jakindurian eta Jainkoaren onginahiaren handituz zihoala esatean, ebanjelioa bera ari da esaten, Jesus benetako haurra zela. Gizatasun hau bete-betean aitortu gabe, Jainkoaren gizakundea hitz hutsa izango litzateke
HERRIAREN ESKARIAK
1.-Elizaren alde: Jainkoaren Semea gure artean jaiotzeak guztiok pozik eta konfiantzaz bizitzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Elizaren alde: benetan, Jainkoaren seme-alaben familia bezala bizi dadin: fede bera, esperantza bera, maitasun bera biziz. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Geure familien alde: Jainkoaren Hitzari irekirik bizi daitezen, guztiek Jainkoaren nahia zein izango eta nola beteko ibil daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gerraren eta gosearen izugarrikeria jasaten eta bizitzen ari diren herrien alde: herri-agintariek eta aberatsek beren on hutserako bizi nahi izatea alde batera utzi, eta premian dagoen jendearen alde egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.