URTEKO 3. IGANDEA A 2020-01-26
SARRERA
Senideok, pozik gatoz beste behin Jaunaren hitza entzun eta ospatzera. Hitz hori geure argi izango dugu, eguneroko geure eta munduko gorabeherak egoki ulertu ahal izateko. Izan ere, Jainkoa gorabehera horietan agertuko zaigu. Eta gorabehera horietan zuzen jokatu nahi badugu, hau da egin beharreko galdera: Hau eta hori eta beste hura, gizakiaren onerako al dira? Izan ere, Jainkoaren aintzat gizakia onik ikustea da.
Horretan guztian, Jesus da gure argia. Gaurko ebanjelioak esaten digu Jesus Galilean barna ibili zela irakasten, Jainkoaren Erregetzaren Berri Ona hots egiten eta gaixoak sendatzen.
Horra zer egiten duen Jesusek gaur ere, borondate oneko jendearen bitartez: Berri Ona hots egin eta munduko miseria kentzen saiatu.
Gaur, larunbata, // Atzo, larunbata, Pauloren konbertsioa dugu: Kristauen pertsegitzaile amorratu izatetik, Kristoren berri emaile sutsu bihurtu zen. Zerbait esan beharko liguke geuri ere konbertsio horrek. Gauzarik okerrena, agian, ez da gaiztoa izatea; baizik eta epela eta axola gutxikoa izatea.
Azkenik, haur misiolarien eguna ospatzen dugu gaur. Zer egiten dut nik misiolari gisa?
Lagundu gaitzala Jaunak gaurko salmoaren adierazpen hau geure egiten: «Ene argi eta ene salbamen da Jauna».
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (9,1-4)
Aspaldi, K.a. VIII. mendean, Palestina iparraldeko lurraldeak jasan zuen inbasioaren zoritxarra aipatuz hasi da Isaias profetaren gaurko pasartea: orduan lurralde hura konkistatu eta bertako jendea erbestera eraman zuten asiriarrek.
Baina egoera horrek hobera egingo duela adierazten du Isaiasek. Eta lurralde horrek ezagutuko duen askapena adierazteko irudi desberdinak darabiltza: ilunpean bizi zenak argi bikain bat ikusiko du; poza, gozamena izango ditu.
Guretzat, argi hori, poz eta gozamen hori, Gaur ere Jesus argia da; gure bitartez, gu lagun gaituela, gaur egun ere munduan hitz egiten ari da, gaixoak sendatzen eta zapalduak askatzen ari da.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulok korintoarrei egindako lehen gutunetik (1,10-13.17)
Paulok jakin zuen, Korintoko kristau-elkartean arazo asko eta handiak zituztela. Orain entzungo dugun pasartean, arazo horietako lehenaz ari zaigu Paulo: elkarteko zatiketaz, hain zuzen ere.
Batzuek diote halakoaren ikasle direla; beste batzuek beste baten ikasle direla, etab. Paulok esaten die: zer eta zein da halako eta bestelako irakasle edo maisu hori? Kristo da guk sinesten duguna,
Gaur egun ere gerta dakiguke Korintokoena. Ni halakoaren jarraitzaile, ni beste harena. Kontuan izan dezagun, halako hau eta beste hura ez direla ezer, baldin eta Kristo predikatzen ez badute..
Egun hauetan, Sarah kardinalak eta aita santu izandako Benedikto XVI.ak Frantzisko aita santuaren aurka idatzi omen duten liburuaz mintzo dira mundu osoko komunikabideak. Ez da arazo batere garbia, ordea. Zer jarrera hartzen dugu horrelako kasuetan?
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (4,12-23)
Segidan entzungo dugun Mateo ebanjelariaren pasarteak lau gauza aipatzen ditu: batetik, Jesus non hasi zen predikatzen, Kafarnaumen alegia; bigarren, predikuaren gai nagusia zein izan zuen, bihotz-berritu zaitezte, alegia; hirugarren, lehen ikasleak aukeratzea; laugarren, Jesusen jardueraren laburpena, hau da, ebanjelioa hots egin eta gaixoak sendatu.
Kafarnaumen hasi zen predikatzen, arrantzale-herri zen hartan; handik, alde batera eta bestera ibili zen erreinuaren albistea eramanez. Ingurumen paganoa zen hura guztia.
Gogoan hartzekoa da, Jesus ez zela hasi Jerusalemen, baizik eta albo-herri batean. Bestetik, hau zuen bere gai-nagusia: konberti zaitezte. Baina Jesus ez zen gelditu hitz hutsean, baizik eta gaixoak sendatzen zituen,
HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduko haur guztien alde: Jesusen eta haren jokabidearen berri nork erakutsia izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erlijio guztietako jarraitzaileen alde: Jainkoaren izena, borrokarako ez, baizik guztien artean adiskidetasuna eragiteko eta sustatzeko izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan gerran bizi diren herri guztien alde: gerraren sustraian diren injustiziak ikusi, aztertu eta halakoak ezerezteko bide egoki eta eginkorrak hartzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Elizago goi-arduradunen alde: aspaldiko gauza eta aurreiritzi asko alde batera utzirik, Nazareteko Jesus egiaz ezagutzen eta egiaz maitatzen saia daitezen,. Eska diezaiogun Jaunari.