ZERTAN DUGU ALDATU BEHARRA? (Mateo 4,17-23)
Urteko 3. urtea A 2020-01-26
Ez da gauza zaila Jesusen mezua laburtzea: Jainkoa ez da izaki ez-axola eta urruneko, bere munduan bizi den bat, ardura guztia bere ohorea eta eskubideak zaintzea duen bat. Aitzitik, guztientzat zoririk ona du gogoko. Beraren indar salbatzailea jardunean ari da bizi denaren hondorik hondoenean. Bere sorkarien lankidetza bakarrik nahi du, mundua bere betera gidatzeko: «Hurbil da Jainkoaren erreinua. Bihotz-berri zaitezte».
Baina zertan datza Jainkoaren egitasmoan lankide izatea?, zertan dugu aldatu beharra? Jesusen deia ez doakie «bekatariei» bakarrik, beren jokabidea utz dezaten eta Jainkoaren legea jada betetzen ari direnen antzekoago izan daitezen. Ez da hori Jainkoa kezkatzen duena. Jesus guztiei ari zaie, guztiek ikasi behar baitute beste era batean jokatzen. Bere xedea ez du Israelek Jainkoari leialago izango zaion erlijio bat bizitzea, baizik eta beraren jarraitzaileek munduan dinamika berri bat txertatzea: Jainkoaren egitasmoari dagokiona. Seinala ditzadan puntu giltzarriak.
Errukiak izan behar du jarduteko burubidea
Munduan errukia txertatu behar da sufritzen ari direnekiko: «Izan errukitsu zuen Aita den bezala». Sobera daude hitz handiak, zuzentasunaz, parekotasunaz edo demokraziaz mintzo direnak. Azkenak direnekiko errukirik gabe, ezdeus dira. Lurreko jende zoritxarrekoari benetako laguntzarik eskaini gabe, ez da giza aurrerapenik.
Azkenak direnen duintasunak izan behar du lehen helmuga
«Azkenak izango dira lehenengo». Norabide berria itsatsi behar zaio historiari. Kulturak, ekonomiak, demokraziak eta Eliza guztiek era duinean ezin bizi direnei begira ipini behar dute.
Sendatze-prozesu bat sustatu behar da, gizadia libera dezan suntsitzaile eta hondatzaile duen orotatik: «Zoazte eta sendatu»
Jesusek ez zuen topatu hizkuntza hoberik. Funtsezkoa sendatzea da, sufrimena arintzea, bizitza saneatzea, bizikidetasuna eraikitzea, guztientzat bizitza osasuntsuago, duinago eta zoriontsuago bihurtzeko.
Hauxe da Jesusen ondarea. Inoiz inon ez da eraikiko Jainkoak nahi duen bezalako bizitzarik, azkenak direnak beren umilaziotik eta sufrimendutik askatuz ez bada. Inoiz ez du Jainkoak erlijio bat bedeinkatuko, guztientzat zuzenaren bila ez badabil.
Jose Antonio Pagola