URTEKO 2. IGANDEA A 2020-01-19
SARRERA

Anai-arrebok, Eguberri-jaiak bukatu dira. Gaurtik aurrera, Garizuma [otsailaren 26an] hasi arte, Urtekoa deitzen den aldia ospatuko dugu. Ez da jai berezirik ospatzen. Eguneroko kristau-bizimodua nola bizi agertuko digute, bai mezako irakurgaiek, bai mezako otoitzek.
Irakurgaietan Jainkoaren zerbitzaria zer den entzungo dugu. Hitz batean esateko, jendea argitzen duen zerbitzaria da. Horretarako, Espiritua hartu du. Zerbitzari izan da Jesus, zerbitzari izan dira apostoluak, zerbitzari da gutako bakoitza. Zerbitzari izateko, ordea, munduarentzat argi izan behar.
Gaurko mezako otoitzetan, berriz, hiru hauek azpimarratzen dira: bakea, maitasuna, batasuna. Hasierako otoitzean Jainkoari eskatzen diogu «haren bakea izan dadila gure bizitzaren oinarria». Jaunartze ondokoa, berriz: isur dezala gure bihotzera maitasun-espiritua, ogi santua harturik, maitasun berean bat eginik bizi gaitezen.
Senideok, saia gaitezen zerbitzari izaten; bakearen, maitasunaren eta batasunaren zerbitzari. Izan ditzagula lagun Andre Maria eta Jesus bera.

LHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (49,3.5-6)

Isaias profetaren pasarte honetan, Jaunaren zerbitzaria mintzo da. Esaten du, amaren sabelean zegoenean hartu zuela zerbitzari izateko deia. Hasiera batean etsipena sentitu du, jendearen artean arrakastarik ez duelako. Gero, ordea, konfiantza agertzen du Jainkoagan. Segidan, bere egitekoa mundu osokoa dela agertzen du, eta ez Israel herrikoa bakarrik. Hitz batean, jendea argituko duen zerbitzari izan behar du. Argia izan behar du mundu osoarentzat. Jakina, zerbitzari hori, guretzat, Jesus da.

BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei (1,1-3)

Paulok Korintoarrei egindako lehen kartaren hasiera da gaurko pasarte hau. Korintoarrei agur eginez hasi da Paulo. Jainkoaren maitasuna opa die; baita maitasun horren fruitua den bakea ere.
Korintoko kristau-elkarte horri «Jainkoaren eliza» deitzen dio. Eta ezaugarri hauek ikusten ditu haiengan:
─Jainkoak elkartutako taldea da; santu izatera deituak direnen taldea;
─Jainko Aitaren gogoa egitera emanik bizi dira; beti ere, Kristorekin bat eginez;
─beste kristau-elkarteetako senideekin elkartasunean bizi dira.
Hitz batean esateko, Jesu Kristoren testigu izateko deia jaso duen elkartea da Korintokoa. Eta gure elkarte hau? Bai, gure elkarte honek ere Jesu Kristoren lekuko izan behar du, Jesu Kristoren testigu.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,29-34)

Joan Bataiatzailearen aitorpena dakar Joanen ebanjelioko gaurko orrialde honek. Joan Bataiatzailea ez da inor Jesusen ondoan; ez da inor Jesusekin konparatzeko. Izan ere, Jesus bataiatu duenean, Espiritu Santua jaitsi da Jesusen gainera. Horregatik, Joanena baino handiagoa da Jesusen bataioa. Joan Bataiatzaileak urez bakarrik bataiatzen du. Jesusek urez eta Espiritu Santuaz.
Bestetik, Joan Bataiatzailearen testigantza, Jesus ikusi duen baten testigantza da: «Espiritua Jesusen gainera etortzen ikusi dut», dio. Gauza bera esango dute apostoluek ere: Jesus berpiztua ikusi dute; fedearen begiez, jakina. Bihotzeko esperientzia berezia izan dute, bai Joan Bataiatzaileak Espiritua jaisten ikustean, bai apostoluek Jesus berpiztua ikustean.
Argitu gaitzala gu ere Jesusen Espirituak, Jesus bizi-bizi ikusi ahal izateko. Non? Jesusek bere Aita ikusi zuen haiengan: bekatariengan, pobreengan.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Lehenengo irakurgaiko zerbitzaria bezala, saia gaitezela gu ere gizon-emakume guztien argi izaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan pertsekuzio handia jasaten ari diren kristau eta gainerako guztien alde: Andre Mariaren eta Jesusen laguntza bizia suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean lanik gabe diren guztien alde: ingurukoen egiazko laguntza izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaixo edo bakarrik bizi direnen alde: etsi ez dezaten eta, beren egoera adorez bizitzeko, ingurukoengandik argi-pixka bat ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.