EGUNEAN EGUNEKO EBANJELIOA 2015
AURKEZPENA (DURANGON 2014-12-08)
(Neure artikulu luzetik bildua Durangorakoa eratzeko)
1.-E.H.ko katolikoak Bibliarik gabeko kristau?
E.H.ko katolikoez ari naizela, ahoz ahoko Bibliarik izan ote duten da galdera, zeren idatzizkorik izan ez dutela, oso berandu arte, gauza historikoa baita.
Galdera hori arrazoizkoa dela, oinarririk baduela adierazko bada arrastorik gure herri honen historian.
E.H.n kristautasuna sartu baino askoz geroagokoa da ezagutzen dugun lehen euskal liburua: Bernat Dechepare, Linguae Vasconum Primitiae; 1545ekoa, hain zuzen. Liburu horretan, lehenengo poemak izenburu hau du: Doctrina Christiana5.
Poema horrek 19 orritan 500 lerro inguru ditu; behin ere ez du aipatu Jesus edo Jesu Kristo izena. Gurutzea aipatu du, Gorputz Santua ere bai, Jainkoaren Semea orobat, baina Jesu Kristo aipatu ere gabe, eta askoz gutxiago piztuera. Jedinek6 Europako XV. mendeko joeraz dioena nabari zaio XVI. mendeko poema honi: «irakaspen moral praktikoa» da nagusi; eta hori baino okerragoa: ebanjelioko pasarte apokaliptikoei hondamendizko esanahia ezarri die; zoritxarrez, katolikoen artean oraintsu arte bizirik egon den ikuspegia, hain zuzen (oraindik ere dagoena?).
Horiek horrela, Zirilo eta Metodio santuek, IX. mendean, zailtasunak izan bazituzten testu liturgikoak herri-hizkuntzan emateko, E.H. mezako testu bibliko apurrak entzutez hartzeko ere barau egin behar izango zuten H.H.ko katolikoek; katekesian ere ezer gutxi entzuten bide zuten Bibliaz; alde horretatik, Danubio inguruko ebanjelizazioaz, VIII. mendearen azken aldera, hona Jedinek dakarrena: «Kristoren misterioa, fedeari dagokionez, modu harrigarriro sumarioan ageri da idazki kateketikoetan»8
E.H.ko egoerara zehazkiago gagozkiola, hor daukagu Axularren GERO famatua. Bere handitasunean, ez du salbamenduaren historia jardungai, baizik aszetika; zehazkiago esanda, liburuaren tituluak berak −GEROk− adierazten duen eta Axularrek berak IRAKURTZAILEARI delako pasartean, 6. zk.an10 dakarrena: «etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak».
Esan beharra dago hemen, GEROren lehen edizioa 1643koa dela.
Benedikto XIV.a aita santuak Brevis agiria atera zuen 1757an Biblia herri-hizkuntzan irakurtzeko baimena emanez.
Bibliaren gabezia hori ordaindu nahian, Europa guztian sortu zen dotrina-saila, kristau-ikasbideen sail handia. Euskal Herrian, proportzioz, inon baino sail handiagoa. Baina hona zer dioskun E.H.ko doktrinen kontuan aditua den Jose Mari Rementeriak, Trento ondoko kristau-ikasbideez ari dela: «Azken gizaldiotan, Eliza osoan erabili diren Kristau Ikasbide gehienak 1566an agertu zen Catechismus Romanus-en oinarrituak izan dira; baina Trento-ko Dotrina honen alderdi on asko −haren Bibli kutsua, Irakatsi guztiak Kristoren inguruan eratzea, metodu aldetik ematen dituen argibideak… − guztiz alde batera uzten dituztela. Dotrina hauen ardura guztia, herejeen aurka, fede egiak argi irakastea izango da»12
E.H.ko kristaua ez ote da izan Biblian ikasi gabea, baina egintzetan bibliaren betetzailea? Eta ez ote da izan, Bibliaren irakurlea ez, baina bai Bibliaren kontatzailea?
Gauza jakina da: 1571 arte euskaraz ez dugu izan ez Bibliarik, ez Itun Berririk.
Eta 1571ko Testamentu Berriak, Joanes Leizarragarenak, bizi laburra izan zuen, geroago azalduko dugunez. Eta Vatikano II.a kontzilio arte euskaratu zirenek ez zuten izan, esateko, irakurlerik, Orixeren meza liburuko14 bibli pasarteak salbu.
J.I. Tellecheak, Loiolako Ignazioz ari dela15, dioen hau oso zabal hartu izan da euskaldun jendeaz: «Egun hartan aurkitu zituen (Inaziok) arrantzaleen eskuzabaltasun eta bihotz ezagun-ezagunak».
Esan genezake E.H.ko jendeak Biblia bizi zuela, nola edo hala, neurri batean. Askoz bortitzago baiezta genezake hori jarri dugun mugaren, Vatikano II.a kontzilioaren, bezperako jende asko ezagutzeko zoria izan dugunok. Horretan, agian, segidan dakargun zati honek, Bibliaren kontatzaile izatearenak, zerikusirik izan du.
Lehenago aipatu dudan Jon Sobrinok hau dio: gaur egun «teologia narratiboa, kontatzailea» egiten da. Baieztapen horri nabari zaion ahoberokeria kendurik, garbi dago zein duen xede Sobrinok teologia egitean. Biblia salbamen-historia baldin bada, kontatu egin behar da. Ez da dialektika-kontua, ez da burua hausten ibiltzea Jainkoa badela eta horrelakoak argudioka frogatzeko. Bibliak herri batek bizi izan duen esperientzia kontatu digu.
Alde horretatik, zer egin da Euskal Herriko katolikoen historian?
Pentsatzekoa da Euskal Herrian kristautasuna sartu zenetik, Jesu Kristo izango zutela erdigune. Baina Europa osoan gertatu zen bezala, eliz gurasoen aroa bukatu zenetik, kontatzearena baino gehiago argudiatzearena nagusituko zen.
Halere, Itun Zaharreko eta Berriko kideek egiten zuten bezala, gure aurrekoek izango zuten sutondoan zer kontaturik ebanjelioaz, argindarrik eta telebistarik ez zuten iluntze luze haietan. Kontu zaharrek eta ebanjelioko pasadizoek izango zuten tokirik. Gure herria kontatzaile izatearen testigantza argia dakarkigu Orixek Euskaldunak poemari ezarritako Itzaurrean22: «Eunetatik larogeita amabost, gutxienik, neure begiz ikusiak, neure belarriz entzunak ditut», dio poemakoak nondik hartuak dituen adieraztean.
Dena den, berandu samarrekoa bada ere, eta euskarazkoa ez izanik ere, badugu testigantza bat kontatzearena neurritxo batean bizirik agertzen diguna Euskal Herrian: Loiolako Ignaziorena. Iruñean, 1521ean, larri zauritua delarik, Loiolara erretiratu da, «eta Vita Christi bat eta santuen bizitzaren beste liburu bat eman zizkioten». Vita Christi ez zen kontakizun purua, ezta, ordea, ohikoak ziren liburu teologikoak bezalakoa ere; neurri batean, bederen, kontatzaileetakotzat eman daiteke.
Izan zen antzerki liturgikorik ere XVI. mendean, Koldo Mitxelenak dioskunez23. Zuberoako pastoraletan ere egin ohi zaio erreferentziarik Bibliari; baina horietarik XVIII. mendea baino lehenagoko testurik ez da gorde.
Aski geroago, baditugu idatzizko hainbat testigantza. Esaterako, Etcheberry apheza, Testament Zaharreco eta Berrico istorioa (1874); I.Z.eko 36 kap. eta I.B.ko 18 ditu; Lardizabal, Francisco Ignacio de, Testamentu Zarreco eta Berrico condaira (1887); I.Z.ko 31 gai eta I.B.ko 17, etab.
Katolikoen artean, Bibliarekiko atxikimendua handitzean, XX. mendean, asko ugaldu dira horrelako obrak. Esan daiteke, predikuan eta katekesian ere indar handia hartu duela Bibliako pasadizoak kontatzearen joerak.
Azkenik, Bibliaren inguruan oso emankor bihur daitekeen beste fenomeno bat. Han eta hemen, laikoen artean Bibliaz nola baliatu ikasteko taldetxoak eratzen hasiak dira
Olabidez, bestalde, agertu du Orixek beste iritzi bat aski xelebrea: «euskera ori ez da erri xumearentzat egina… apaizak aunitz baliatuko dira»48; ez da, beraz, jende xehearentzat, ikasiarentzat baizik; apaizek-eta altxor ona izango omen dute hori. Agian, Orixeren garaiko iritzia da Bibliaren irakurle-gaiei dakarren hori. Gaur egun, Biblia kristau-herri osoarentzat dela uste dugu, batez ere xumeentzat. Izan beharko lukeela. Irizpide ez-biblikoa gailendu da askotan, Orixeren kasu horretan bezala.
Maila bizi eta pertsonala. Horrek guztiak neure buruari galdera hau egitera eraman nau: zer, nor, norengan sinesten zuten gure aittak eta amak? Eta, Euskal Herriko familia asko eta askotara transferri datekeen erantzun honetara iritsi naiz.
Baina nago, gustura hartu izango zutela, eskura izan bazuten, Itun Berriko orrietan aurkitu ahal izango zuten Jainkoaren Hitza.
Gogora etorri zait langile handia eta kristau zintzoa izan zen emakume harena ere. Azken arnasa eman baino ordu laurden bat lehenago, «salbatuko al naiz» galdetu zidan harena. Neure iritzia eta erantzuna eman niolarik, «hau poza» erantzun zidan harena. Baina nago, bere bizitzan Itun Berria irakurtzeko aukera eta zoria izan balu, niri ezer galdu beharrik izan gabe, gogora bizi-bizi ekarriko zuen honek gogobeteko zuela: «Hau guztia egia dela baieztatzen duenak dio: “Bai, laster nator”». Dudarik gabe, erantzun bizi hau aterako zitzaiolarik: «Amen! Zatoz, Jesus Jauna!» (Apokalipsia 22,20).
DIONISIO AMUNDARAIN (Durangoko Azokan 2014-12-08an)