Eguberri ondoko 2. igandea A 2020-01-05
HOMILIA
Anai-arrebok!
Mateok (10,27) esana digu: «Gau ilunez esan dizuedana, esan zuen egun-argiz». Antzeko zerbait esan digu Joanek gaurko ebanjelioan: «Hitzarengan zegoen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argi honek ilunpean egiten du argi, baina ilunak ez zuen onartu» (Jn 1,4-5).
Argi hori Jainkoaren sinboloa da. Eta Itun Berrian, batez ere, Jesus sinbolo.
Baina erreparatu diezaiogun Joanek esan duenari: Hitzarengan, hau da, Jesu Kristogan bizia zegoen, eta bizi hori zen eta da argia.
Egia al da gizon-emakumeok bizi nahi dugula? Egia bada, ezin utzi dugu bazterrera argia den Jesus, benetako argia den Jesus.
Jesus munduan jaio aurretik esana zuen Aristoteles filosofo grekoak (K.a. 384-322): unerik ilunenetan argia hartu behar dugula erdigunetzat.
Baina benetako argia etorri zenean, zer gertatu zuen: etorri zen argia, baina ilunak ez zuen onartu, esan digu Joanek.
Zergatik? Arrazoi asko daude. Baina funtsezko arrazoia, esango nuke, hau dela: gizakiak bizi zuen erlijiotasuna oso hasi-masikoa zen, oso elementala, oso azalekoa; erlijiotasun horren arabera, uste hau zuen gizakiak: gizakia eta Jainkoa bi izaki desberdin direla; Jainkoak gizakiagandik kanpo dagoela; gizakia Jainkoagandik aparte dagoela. Bizia den Jesus ulertzeko, gizakiak bizi duen bizi hori Jesusek bizi duen bizitik datorkiola ulertu behar du. Nik bizi dudan bizia Jesusen bizia bera da. Jesusengatik, Jesusengan, Jesusekin bizi naiz. Joanek argi esan digu gaurko ebanjelioan: «Gauza guztiak beronen [hau da, Hitza den Jainkoaren Semearen] bidez egin ziren, eta egindakotik ezer ez da berau gabe egin. Hitzarengan zegoen bizia, eta bizia gizakien argia zen» (Jn 1,2-4).
Senideok, Jesus bizia eta argia dela ulertzeko, hasi-masiko erlijiotasuna gainditu egin behar dugu, eta erlijio mistikora igaro behar dugu: Jainkoa nigan, Jainkoa nirekin; ni Jainkoagan, ni Jainkoarekin. Jesusek hitz egiten digula esatean, ez dugu esaten kanpotik hitz egiten digun norbait dela. Nire baitan, nire bihotzean bizi da Jesus: barne-barnetik hitz egiten dit.
Bizia eta argia den Jesus onartzeak Jainkoaren seme-alaba garela esan nahi du. Jesusekin bat eginik gaudelako.
Jesus aintzat hartu zuten lehen kristauek argiro ikusi zuten Jainkoa gizartean bizi dela. Gizarteko norbait dela. Bestela, nola ulertzen da Pedro baten buru-eskaintza Kristo berpiztu ondoren? Eta Santiago batena? Eta Paulo batena? Eta Kristogatik bizia emateko prest agertu zen hainbat eta hainbat kristaurena?
Jesus bizia eta argia geure baitan izateak zer ondorio ditu? Mateok esan digu: «Gau ilunez esan dizuedana, esan zuen egun-argiz». Horra gure egitekoa. Berri Onaren bitarteko gara: hitz egokia eskaintzeko kontsolamendu beharrean dagoenari, arnasa emateko, lagun hurkoa aintzat hartzeko, lagun hurkoaz ondo hitz egiteko, lagun hurkoari adorea emateko.
Azken batean, Jainkoaren errukia eta maitasuna aitortzea da, Jesusek egin zuen bezala. Bata bestearentzat bizitzea da, Jesusek egin zuen bezala.
Kasu egiogun barne-barnetik hitz egiten digun Jesusen Espirituari.
Dionisio Amundarain