EPIFANIA (A) 2020-01-06
SARRERA
Jaunaren Epifania ospatzen dugu gaur. Epifaniak Agerpena esan nahi du. Gaur, beraz, Jesus Jaunaren Agerpena ospatzen dugu. Jesus ez da etorri juduentzat bakarrik. Lurreko gizon-emakume guztientzat etorri da. Judu nahiz pagano.
Gaur, behin eta berriz, entzungo dugu hau: Jainkoaren maitasun salbatzaileak ez du mugarik, ez du onartzen inor baztertzerik; gizon-emakume guztiengana etorri da. Hau entzungo dugu: Jainkoaren maitasunak Jesus duela izena. Jesusek agertu digula Jainkoa zer den.
Munduaren Salbatzaile eta Argi da Jesus. Baina Argi hori ikusi eta aurkitu ahal izateko, bideari ekin beharra dugu. Halaxe egin zuten israeldarrek Egiptoko esklabotzatik irtetean. Halaxe egin zuten Mago edo ekialdeko Jakintsu deitzen ditugun horiek: beren lurraldea utzi eta Jesusen bila jo zuten. Halaxe egin du hainbat eta hainbat kristauk historian barna.
Bideari ekiteak, ordea, berekin du beti gurea den zerbait utzi beharra. Berekin du arriskuren bat bizi beharra.
Jainkoak nahi izan dezala guk Jesusi ongietorri ona egitea. Eukaristiak sendotu dezala gure fedea.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (60,1-6)
Israeldarrek, Babiloniako erbestera joan eta Jerusalem beren hiri handia hondatu zutela jakitean, beren dudak izan zituzten Jainkoaz; duda handiak, gero. Elkarren arteko galdera zuten hau: Jainkoak maite ote gaitu? Arduratzen ote da gutaz?
Orduko israeldarren galderak dira horiek; baita, ordea, mundu osoko gizon-emakumeena ere asko eta askotan.
Gaurko irakurgaiaren idazleak Jainkoaganako konfiantza piztu eta indartu nahi du bere herrian; esaten die eta esaten digu: promesak egin dituen Jainkoa ez da ahaztu bere herriaz, Jainkoak ez du inor alde batera utzi gizakia; bere argiaz argituko du eta bideari ekitera eragingo dio; erbestean diren seme-alabak Jerusalemera itzularaziko ditu; gauza guztietan Jainkoaren aintza ikusi ahal izateko aukera eman die eta eman digu.
Jainkoaren bideak ez dira askotan gure bideak. Baina Jainkoa gutaz arduratzen den Jainkoa da. Gure bidelagun da, ikusten ez badugu ere.
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (3,2-3a.5-6)
Paulok argiro aitortu du: Jainkoaren misterioa eta asmoa agertzeko eginkizuna hartu duela berak. Jakina, Paulok ondotxo daki, bera ez dela Jesusengan agertu denaren hots egile bat baizik. Jesu Kristo da Jainkoa benetan agertu diguna. Eta Jainkoak asmo hau duela ageri da Kristogan: juduei ez ezik, paganoei ere agertu nahi zaiela. Berri On horren hots egile dira apostoluak eta profetak; Jainkoak agertu die horiei, Espirituaren bidez, berri on hori.
Saia gaitezen gu ere Espirituari irekirik bizitzen, gure bihotzean, gure Elkartean, gure herrian. Izan ere, mundu osoan ari da Espiritua lanean.
EBANJELIOA san Mateoren liburutik (2,1-12)
Magoak Jerusalemera iritsi dira, «juduen Erregearen» bila. «Juduen Erregea».( Izen horixe bera ezarri zuten Jesusen gurutzearen buruan, hil zutenean.) Hori entzutean, Herodes erregea eta Jerusalem hiri osoa larritu eta kezkatu dira. Magoek esandako horretan arriskua ikusi dute, arerio edo kontrario baten berria dela iruditu zaie. Beren boterea, beren bizitzeko modua, beren patxada, beren erosotasuna galduko duten beldur dira.
Baina kontuan har dezagun: Magoak ez dira sinbolo baizik; ez dira pertsonaia historikoak. Paganoen ordezko dira. Jesusen mezua mundu osora zabaldu dela adierazten dute. Jesusen mezua ez dela mugatu, askoz gutxiago ere, Israel herrira. Baizik paganoek ere entzun dutela eta jarraitu diotela Jesusi.
Mago edo Jakintsu deitzen ditugun horien eskaintzak ere sinbolo dira: urrea eskainiz, Jesus errege dela aitortzen da; intsentsua eskainiz, Jesus Jainko dela aitortzen da; azkenik, mirra eskainiz, beste edozein gizaki bezala, heriotza zor duen gizakia dela Jesus.
Eskain diezaiogun guk ere urrea den geure burua, intsentsua den geure burua, mirra den geure burua.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Zergatik sinesten dugun eta salbazioa zergatik espero dugun arrazoia edo argibidea emateko, beti prest egon gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan diren erlijioetako bakoitzak, gainerakoei entzuteko eta munduko edozein erlijiotan Espirituak agertzen duena onartzeko, bihotza irekirik izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Katekista guztiek beren bizieraz testigu bizi izan daitezen, eta beren egitekoa egoki betetzeko prestatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure ingurukoekin dugun elkartasuna edo familiartekotasuna, guztientzat fedearen eta maitasunaren egiazko testigu izateko moduan bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.