EGUBERRI ONDOKO 2. IGANDEA (A) 2020-01-05

SARRERA

Senideok: Jainkoaren Semea gizon egin da; Seme hori, horrela, Emmanuel da guretzat, hau da, «Jainkoa gurekin» da; misterio hori ospatzen dugu nagusiki Eguberrialdi guztian: Jainkoa gurekin. Gizon-emakume guztientzat argi eta berotasun izatera etorri da Kristo: Jainkoa bizia, argia, maitasuna dela agertu digu Jesusek. Geure helbururako bidean, guri bidea erakutsi eta laguntzera etorri da Jesus.
Gaurko irakurgaietan, Jesusen bidez, Jainkoa sumatzen, ikusten eta kontenplatzen dugu; sakramentu edo seinale eginik gure artean gelditu da; beraren gorputz-odolen bidez, Jainkoa bera sumatzen, ikusten eta kontenplatzen dugu. Hori egin ahal izateko, ordea, bere Espiritua eman digu Jesusek. Ireki diezaiogun geure bihotza.

LEHENENGO IRAKURGAIA Sirak-en liburutik (24,1-2.8-12)

Jakinduriaz mintzo zaigu gaurko testu hau. Zer da, ordea, Jakinduria hori? Hara: ia-ia pertsonatzat hartzen du idazleak Jakinduria hori. Jakinduria Jainkoak bere herrian duen presentzia da; Itun Zaharreko hizketa-modu berezia da. Itun Zaharreko Jakinduria horri Hitza esaten diogu Itun Berrian; Itun Zaharreko Jakinduriaz, beste izen bat eman dio ebanjelioak: Hitza, Jesus Jainko Aitaren Hitzan da; hauxe dio Ebanjelioak: Hitza mundura etorri da, gizartera etorri dela. Esan nahi du, etorri dela, ez egonean egoteko, baizik bizi-bizi agertu eta jarduteko.
Izan ere, Itun Zaharreko Jakinduria hori ez da gauza pasiboa, baizik zerbait bizia da: bere herriari bizia ematen dio; bere herrian jarri du bere bizilekua. Gaurko ebanjelioa ere modu bertsuan mintzo da: Hitza, Jainkoaren Semea gure artean kanpatu da, gure artean jarri du bere kanpadenda.
Jainkoaren presentziaz dugun sinesmen honek ez luke izan behar ezagutza hutsa, jakite hutsa, baizik ukitua eman beharko lioke gure bizitzeko moduari.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,3-6.15-18)

Bedeinkazio batekin hasi da Efesoarrei egindako gutuneko irakurgai hau. Kristaua bedeinkaturik gertatu da Kristogan. Eta zer esan nahi du bedeinkatua izate horrek? Hauxe: Jainkoaren seme-alaba egin gaituela Kristok; bere seme-alaba egin gaitu Jainkoak Kristoren bidez. Esan nahi du, guztiok anai-arreba garela. Esan nahi du, ezin utzi diogula Jainkoa goratzeari; ezin utzi diogula Jainkoari eskerrak emateari. Bizia eman diguten gurasoak ezin ahaztu ditugu; era berean, ezin ahaztu dugu zerutar bizia eman digun zeruko Aita.
Guztioi begiak irekirik bizitzeko eskatuz bukatu da irakurgaia. Esperantza aurkitzen guztioi lagundu diezagula eskatuz.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,1-18)

Berez ikusezina da Jainkoa. Halere, agertu egin zaigu Jesusen bidez. Hitza haragi eginda, gizon egin da, ikusgarri egin da. Gizadi osoarentzat argia eta bizia izateko. Jainkoak gizon-emakume guztientzat duen maitasuna agertzeko.
Zeruko Aita agertu zaigu Kristogan. Kristok, bere hitzaz eta bizitzaz, Aita nolakoa den esan eta agertu digu; Aita zer den; gizadi osoarentzat Aitak zer nahi duen.
Kristoren bidez ezagut dezake gizakiak Jainkoa; Kristoren bidez irits daiteke gizakia benetako fede osora.
Jainkoak nahi izan dezala, guk geure buruarekin zintzo jokatzea, geure burua engainatzen ez ibiltzea; nahi izan dezala, guk geure bihotza Kristogan iritsi zaigun argira irekitzea.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Gerran ari diren lurraldeen alde: gobernariak, beren interes egoistak alde batera utzirik, benetako bakea sortzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Beren buruan, gogoan eta egintzetan kasik injustizia besterik ez duten guztien alde: beren kidekoen artean hainbeste sufrimen eta zapalkuntza eragin ordez, maitasuna eta solidaritatea eragiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.- Arazo politiko, kultural eta ekonomikoetan eragiteko ahala dutenen alde: pobreen alde joka dezaten, zuzentasuna eta ondradutasuna bihotz-bihotzez maita dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Eguberritako misterioa ospatzen eta bizitzen ari garenon alde: gizon-emakume guztiengana adiskidetsu hurbiltzen lagundu diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.