ANDRE MARIA, JAINKOAREN AMA (A) 2020-01-01
SARRERA
Andre Mariaren jaia handia dugu gaurkoa: Jesusen Amaren jaia. Bigarren, Jesus izena jarri izana. Hirugarren, Bakearen Eguna ospatzen dugu. Laugarren, Urte berria hasi dugu.
Antzina, gaurko egunean, Jaunaren Erdainkuntza ospatu ohi zuten, Eguberri-egunaren zortziurrena delako, haurrari izena ezartzen zitzaion eguna delako.
Azken aldi honetan, ordea, Andre Mariaren jaia ospatzen dugu nagusiki. Maria Jesusen Ama. Bestalde, San Agustinek garbi dio: Ez da inportantea Maria Jesusen ama biologikoa izatea; beste hau da garrantzizkoa: Andre Mariak Jainkoaren asmoa bihotz osoz onartu izana. Inportantea ez da, beraz, Mariak Jesus bere erraietan sortu izana, baizik Jesusek mundura dakarren asmo salbatzailearekin Mariak bat egin izana. Alde horretatik, guztiok izan gintezke eta izan beharko genuke Jesusen ama: geure bihotzean eta bizitzan, haren asmoa gauzatzen parte hartzea da kontua.
Bigarren, Jesusi hiru izen ematen dizkiogu: batetik, Jesus, hau da, Salbatzailea; bestetik, Kristo, hau da, Igurtzia edo Gantzutua, hau da, aspaldidanik espero zuten Mesias; azkenik, Emmanuel, hau da, “Jainkoa Gurekin”.
Hirugarren, bakearen aldeko eguna ospatzen dugu. Ez gara ari indarrez ezarritako bakeaz. Ezta batzuen mesederako egina den legean edo konstituzioan oinarritutako bakeaz ere. Zuzentasunean eta maitasunean oinarritutako bakea da kontua.
Azkenik, Urte Berriari dagokionez, kontuan izan dezagun jai hau eta egun hau erronka handia dela guztiontzat. Gure desioek ez dute izan behar arinak, azalekoak eta hutsalak, baizik Jesusek ekarri digun Bizi Berriari begira jarri behar gaitu. Aukera ona izango genuke Lurraz eta Munduaz ikuspegia berritzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Zenbakiak liburutik (6,22-27)
Bibliari batek, Jose Luis Sicrek, azpimarratu du testu hau ez dela Asisko Frantziskok sortua. Esan nahi du, Itun Zaharrean badela Jainkoaz ikuspegi eder-ederrik.
Pasarte bikaina da gaurko hau. Elkarri opa izan behar diogun eta elkarri ematen saiatu behar dugun bedeinkazioa da. Nabarmentzekoak dira bedeinkazio honetan aipatzen diren sei aditzak: Jainkoak bedeinka zaitzala; babestu zaitzala; argitu zaitzala; eman diezazula bere mesedea; jar ditzala bere begiak zugan; eman diezazula bakea.
Alabaina, Jainkoari eskatzen dioguna, geure buruari eskatzen diogu: haren bihotz, haren esku, haren hitz… izatea dagokigu. Saia gaitezen bedeinkazio hori gizadi osoarentzat Jaunari eta geure buruari eskatzen.
BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako gutunetik (4,4-7)
Bere doktrinaren laburpena dakar Paulok pasarte honetan. Jainkoak modu askotan hitz egin dio gizakiari. Israel herriari ere hitz egin dio, beste herriei ere bai.
Israel herriari egindako Jainkoaren Hitza Jesusengan iritsi da bere gailurrera, bere betera.
Gizon-emakumeoi, zer garen agertu digu Jesusek: ez gara lege-betetzaile huts, baizik seme-alaba eta oinordeko gara. Seme-alaba gara «Kristogan». Espiritua hartu dugu. Eta honek ahalmen hau eman digu: Jainkoari «Abba», hau da, Aitta, esan ahal izatea. Jo dezagun Jainkoagana konfiantza osoaz.
EBANJELIOA San Lukasen arabera (2,16-21)
Artzainak, aingeruei entzunik, Jesus haurragana joan ziren korrika. Eta entzun eta ikusi zutena zabaltzen hasi ziren.
Mariak, berriz, bihotzean gordetzen zuen entzundako guztia, eta fedez hausnartzen.
Jesus izena ezarri zioten, aingeruak Joseri iragarri zion bezala (Mt 1,21).
Kontakizun honek, Jesusen bizitzaren hasieratik beretik planteatzen du ebanjelio osoan ageri den oinarrizko galdera hau: zein da haur hau, zer da ume hau?
Bestetik, Jesus erdaindu egin dute. Pertsona hori herri jakin batekoa dela adierazten duen seinalea da erdainkuntza, juduen tradizioan. Gainera, pertsona hori legearen menpeko dela adierazten du erdainkuntzak, juduen tradizioan. Jesus, beraz, Legearen menpeko egin da, baina Lege hori barrutik gainditzeko.
Dena den, emakume batengandik jaioz, legepean jaioz, Jainkoa gu bezalako egin dela adierazten digu. Jesus izenak dioenez, gizadia salbatzeko etorri da Jesus; Mesias izenak dioenez, aspaldi egindako promesa betetzeko etorri da; Emmanuel izanak dioenez, Jainkoa gure artean bizi dela adierazteko etorri da.
HERRIAREN ESKARIAK
1.-Fededun guztien alde: Gogoratu dezagula Aita baten begiradapean eta maitasunpean bizi garela, eta sentimendu horrek eraman gaitzala gainerako guztiak bedeinkatzera, babestera eta bakea eskaintzera. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizon-emakume guztien alde: izan gaitezela esker oneko, guztiok lurrean ama bat izan dugulako edota oraino dugulako. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Hemen elkartu garenon alde: izan dezagun gogoan eta asmotan: urte berri, biziera berri delakoa. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gizon-emakume guztien alde: izan ditzagula gogoan geure familiarteko eta adiskide maiteak, jadanik zeruko Aitaren altzoan alai bizi direnak; haiek gogoan hartzeak, eragin diezagula egunetik egunera gizon-emakume jatorrago izatera. Eska diezaiogun Jaunari.