Familia Santua A 2019-12-29
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko liturgiak Maria, Jose eta Jesus jartzen dizkigu begi aurrean. Egiptotik itzulian. Herodes Handi krudelaren beldurrez Egiptora joanak ziren, Josek ametsetan hartuko abisuari jarraituz. Izan ere, Herodes erregea konturatu zen Magoek ihes egin ziotela; konturatu zen ez ziotela eman nahi izan Jesus haurtxoaren berririk. Hargatik, Betleem inguruko haurtxo guztiak erailtzeko agindua eman zuen, haien artean Jesus haurtxoa ere harrapatuko zuelakoan.

Egiptotik itzultzean ere, amets egin zuen Josek, Herodes Handiaren ordez, haren seme Arkelao jarri zutela errege. Jakin zuen, Arkelao Herodes bere aitaren semea zela krudelkeriaz. Hargatik, Betleemera jo ordez, Nazatera jo zuen Mariarekin eta Jesus haurtxoarekin.

Joseren jokabideak gauza asko dakarzkigu gogora.

Batetik, Egiptora joan behar izan zuen Moises handi hura gogoratzen digu. Herodesek Betleem inguruan erail zituen haurrek, Egipton faraoiak hil zituen haurrak dakarzkigu gogora. Moises haurtxoa era hil beharrekoa zen, faraoiaren agindua bete balute. Baina Jainkoak bere trikimailuak erabili zituen hura bizirik gordetzeko, Jesus haurtxoa gordetzeko bezala. Jesusen kasuan Jose izan tresna leiala Jesus bizirik ateratzeko.

Bigarren, Josek buru-argi jokatu zuen: ametsak interpretatzen jakin zuen. Lehenengo, Maria haurdun zegoela konturatu zenean, Maria alde batera utzi ordez, eta ametsetan jasotakoari jarraituz, Maria etxean hartu zuen. Gero, Jesus haurra arriskuan zelarik, beste amets bat: Egiptora ihes egiteko. Ondoren, beste amets bat: Herodes hil zenean, Israelera itzultzeko. Hurrena beste amets bat, Arkelaori ihes egiteko, Nazaretera joateko.

Ez dakigu amets eta jokabide hauek guztiak historikoak diren. Ez dakigu gauza hauek guztiak horrela gertatu ziren. Hau da dakiguna: Mateo ebanjelariak Jose etsenplutzat eta eredutzat eman nahi izan digula. Batetik, erne eta adi bizi izan zen Jose. Ametsak esatean, uler dezagun barne inspirazioak irakurtzen jakin zuela. Bestetik, bere aitatasuna bihotz handiz bete zuen: Mariari eta haurtxoari erabat emanik.

Honek badu zer esanik gaur egunerako.

Gaur egun, amets gutxi egiten da. Amets guztia, esateko, diruaren inguruan egiten da. Loteria. Dirua nondik lortuko. Nondik lapurtuko. Ustelkeria ez da politikoena bakarrik. Politikoei amore ematen dietenek ere ustel jokatzen dute. Hondo-hondoan ustelkeria ez da milioien kontua bakarrik. Gauza txikiagotan ere, zenbat ustelkeria! Zenbat jatortasun falta!

Gaur egun, amets gutxi egiten da. Josek harat honat, Egiptora eta Egiptotik Nazaretera, ibili behar izanak, ondo asko ekarri beharko liguke gogora gaur egungo migratzaileen bizitza gogorra. Badirudi, ordea, gehiago jotzen dugula, errealitate hori burutik kentzera.

Gaur egun amets gutxi egiten da. Axaleko gauzetan gelditzen gara. Unean uneko gauzetan. Begi-bistako gauza materialetan.

San Paulo VI.a aita santuak hitz egin zigun 1964an isiltasunaren garrantziaz. Gogoeta egiteaz. Barne bizitza bizi-bizi bat egiteaz. Orduan izango genuke geuk ere amets ederrik, inspirazio bikainik, Josek bezala.

Bukatzeko, familia da fedea transmititzeko baliabiderik jakintsuena. Familia izan daiteke fedearen mintegia. Familian erne, handitu eta sendotu daiteke fedea. Vatikano II.a kontzilioak «etxeko Eliza modukoa» deitzen dio familiari; etxeko Eliza txikia da.

Jose lagun handia izan genezake, familian nola jokatu jakiteko jakiteko. Familiari eusteagatik, ez zuen beldurrik izan bere proiektuak alde batera uzteko. Etxean norbait larri eta luzerako gaixotzen edo elbarritzen denean, gai izaten al gara gure planak edo egitasmoak berraztertzeko?

Familia santua etsenplu handia izan genezake, isiltasunak eta barne bizitzak nolako garrantzia duten jakiteko. Nazaret, garai hartan, gaur egun ez bezala, herrixka txiki bat zen. Zarata handirik atera gabe bizi izan zen han gure hirukotea: Jesus, Maria eta Jose. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak geure barneko ametsak eta inspirazioak onartu, aztertu eta haien arabera bizitzen.

Dionisio Amundarain