URTEKO HOGEITA HAMARGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Behartsuaren otoitza Jainkoak entzuten )

Zirak zuhurraren liburutik 35, 12-14 . 16-18

12 Jauna juje da, eta ez du behatzen nor nor den.
13 Ez du berexkuntzarik egiten behartsuaren kontra,
eta entzuten du lehertuaren otoitza.
14 Ez du mespretxatzen umezurtzaren galdea,
ez eta auhenka ari zaion alarguntsa ere.
16 Jainkoa bihotz guziaz zerbitzatzen duena onartua da,
eta haren otoitza zeruraino heltzen da.
17 Behartsuaren otoitzak hodeiak zilatzen ditu,
eta ez du onik bere helmugarat heldu arte.
18 Ez du etsitzen, Goigoikoak behatu arte,
eta hobengabeari justizia egin arte.

Ben Zirak Jesu Kristo aitzineko 180 inguruan bizi izan da Jerusalemen. Zuhurtzia handiko
gizona. Paleztina Grekoen menpean bizi da. Ez da oraino pertsekuzionerik. Bainan, hain zuzen,
hortako bereko Juduen fedea hirriskuan da. Grekoen filosofiarekin eta mitologiarekin nahasketak
egin dezazkete. Gaurregun gauza bera egiten da : erlisioneen eraskustokian bakotxak bere hautua
egin dezake : huntarik puxka bat, hartarik beste puxka bat. Ben Siraken helburua da 180 inguruko
judu fedea argi eta garbi zer den erakustea : ez da pentsaketa filosofiko bat, baizik Jainkoarekin
bizitzen den esperentzia. Jainkoaren ekintzek dute haren agiazko aurpegia lanbroetarik ateratzen, ez
gizonen ideiek. « Jainko da, eta ez gizon » dio Oze profetak.
Oroz gainetik -eta hau dio gaurko irakurgaiak- Jainkoak ez du itxuretarik jujatzen. Samuel
profetak David artzain gaztearen aitari errana zion : “Gizonek itxureri so egiten diote, Jainkoak
berriz bihotzari “(1 S 16,7). Ez du berexkuntzarik egiten behartsuaren kontra, eta entzuten du
lehertuaren otoitza. Ez du mespretxatzen umezurtzaren galdea, ez eta auhenka ari zaion alarguntsa.
Behartsua, lehertua, umezurtza, alarguntsa : horra pobreziaren lau aurpegi, Biblian agertzen
direnak, eta Jainkoaren Legeak gerizatzen dituenak. Gaurko gure gizarteak ere baditu bere
behartsuak : bereziki behin-behineko egoeran bizi direnak, dudazko biharamunaren mehatxupean.
“Jainkoa bihotz guziaz zerbitzazen duena onartua da, eta haren otoitza zeruraino heltzen da.”
Ben Zirakek ez du erraiten, halere, behartsuak nahiago dituela Jainkoak! Amodio beteak ez du
preferantxarik. Bainan egia da, anitzetan gure pobretasun egunetan girela egoera hoberenean otoitz
egiteko : « Behartsuaren otoitzak hodeiak zilatzen ditu, eta ez du onik bere helmugarat heldu arte .»
Horra, beharbada, otoitzaren gakoa : ez dugu egiazki otoitz egiten guhauren pobretasunari ohartzen
girenean baizik. Egiazki beharrean girelarik, beste aterabiderik ez denean otoitza baizik, Jainkoari
buruz itzultzen gira, gure bihotza idekitzen da eta Jainkoa sar daiteke.

Salmoa 33

Leloa: Dohakabeak dei egin du, eta Jainkoak du lagundu.

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila:
Bihotz apalak pitz ditela.
Dena begi da Jauna zuzenen zaintzen ari,
Dena beharri oihueri.
Zuzenek oihu eta Jainkoak entzun ditu,
Hersturetarik berak hartu.
Bihotz errautsi, apaldueri hurbil Jauna:
Zaintzen du zaintzen apal dena.
Bere gizonen zaintzale hor da hor Jainkoa:
Hari dagona ez da joa.

Salmo alfabetikoa da, erran nahi baita bertset bakotxa alfabetako letra batetik hasten dela :
lehen bertseta Atik, bigarrena Btik eta aitzina hola. Erraiteko manera bat da zorionaren bidea,
zuhurtzia bakarra, Jainkoari konfiantza egitea dela, gure bizi osoa haren eskuetan ezartzea, A-tik Zra. Lehen irakurgaiaren oihartzun bat badugu beraz hemen, Ben Ziraken liburuaren helburua
bigarren mendeko Juduen fedearen akulatzea zenaz geroz, Grekoen zuhurtzia bazterturik.
Bigarren oihartzun bat : sofritzen duen gizakitik hurbil da Jainkoa : « Bihotz errautsi,
apaldueri hurbil (da) Jauna .» Bibliaren aurkikuntza handi bat dugu hau : Jainkoak gizakiaren
zoriona nahi duela, gizakiaren sofrikarioak ez duela hotz uzten. Oroit gaiten nun sortu den Moisen
fedea : Mesopotamiako nehori ez zitzaion gogoratzen jainko bat onginahiz betea izan zitekeenik.
Elgarren bekaizti bai, eta bereziki gizakien bekaizti. Hasiera liburuan sugeak hori dio sinetsarazi
nahi Ebari : Jainkoa zutaz bekaizti da. Izpiritu Sainduak bibli-idazleari erakusten dio Jainkoa
bekaizti delako ideia hori tentaldia dela. Mendeen joanean, Izrael herriak -profeteri esker- hobeki
konprenitu du Jainkoak gizakia maite duela, aitak bere semea bezala, Jainkoa bide-lagun duela.
Fededunak aitortzen du : Jainkoa Emmanuel (hebrearrez : Jainkoa-gurekin) da.
Salmoak dio : “Zuzenek oihu egin eta Jainkoak entzun ditu, hersturetarik berak hartu .»
Aise da hori erraitea bide guziak ordoki direnean, bainan zenbait aldiz, zein neke den ! Oihu egiten
bai Jaunari, bainan harek elkorrarena egiten, iduriz. Fedearen ilunpea.
Izrael herriak -eta hura da salmo huntan mintzo- sofrikarioaren, oihuaren, otoitzaren
esperientzia ardura egin du; eta beti Jainkoak eman diozka behar zituen profetak eta buruzagiak,
bere bidean laguntzeko. « Jaunari beti esker emaiten nagokio, hari nik beti laudorio », gorespen
kantu hori esperientziaren gainean finkatua da. Zenbait lerro barne, salmo huntan, Jainkoaren
egintza salbatzaile guzia laburbildua da : “Jauna “dena begi”, “dena beharri”, Jaunak
“hersturetarik ateratzen”, “Jauna hurbil”, Jaunak “zaintzen”.
Salmo hunek baitio fededunak oihu “egiten” diola Jainkoari…83. salmoak gehiago dio “Ene
gorputz eta arima oihu bat dira Jainko biziari”.

Bigarren irakurgaia

( Paulo xaharra mintzo )

Jondoni Paulok Timoteori 4, 6-8 . 16-18

6 Ni, jadanik oparitan eskainia nago,
gainean dut joaiteko tenorea.
7 Borroka ona egin dut, lasterketa bururatu, fedea begira
8 Orai, nere beha dago garailearen korona :
Jaunak, Juje zuzenak, emanen daut egun hartan,
eta ez neri bakarrik,
bainan ere haren aintzazko etortzea
maitasunez igurikatu duten guzieri.
16 Nere burua xuritu behar izan nuen auzian
ez zen nehor atera nere alde: bakarrik utzi ninduten denek;
Jainkoak ez diezotela kondurik eska.
17 Bainan Jauna nerekin izan nuen, eta indar eman zautan,
nere bidez bururaino iragarria izan zadin Ebanjelioa,
eta pagano herri guziek entzun zezaten.
Lehoinaren ahotik atera naiz.
18 Jaunak aterako nau gaitz guzietarik.
Salbatuko nau eta zeruan, bere Erreinuan , sarraraziko.
Hari aintza menderen mendetan. Amen.

Lerro hauek Jondoni Pauloren testamendua dira, Timoteori egiten dion azken agurra. Paulo
Erromako presondegi batean da ; badaki joaiteko tenorea etorria duela. Jainkoaren aitzinean
agertuko da, eta konduak egiten ditu. Kiroldegiko hitzak derabiltza : gudua, lasterketa…Erraiten
duelarik : « Orai, neretzat apailatua dago justuen korona » ez da espantuka ari, deneri nagusi balitz
bezala. Lasterketa hortan, lasterkari guziek -erran nahi baita apostolu guziek- korona merezi dute.
Jainkoaren baitan fidantzia hori badu Paulok.
Ez du ikusten zergatik espantu egin lezaken : lasterketaren egiteko indarra Jainkoak eman
dio :« (Jaunak) indarrez bete nau nere bidez bururaino predikatua izan zadin Berri Ona . ”
Jainkoak emaiten du indarra eta Jainkoak ere saria. Aski dugu Kristoren etortzea gutiziatzea,
amodioz. Kristoren etortzea maiz aipu du apostoluak. Hari buruz laster egin du Paulok bere bizi
guzian.
Paulok dena Jainkoaganik igurikatzen zuen ; gizonenganik gauza handirik ez : « Neure
burua xuritu behar izan dutan lehen auzion, etzitzaitan nehor alde atera : denek utzi nunduten. »
Bainan Paulok barkatzen du. Gizonek utzi dutela ? Hortako bereko du Jainkoaren indarra bere
baitan senditu.
Azken lerroek ez gaituzte enganatu behar : Paulok badaki joaiteko tenorea dela. Halere
idazten du : « Jaunak aterako nau gaitz guzietarik eta zeruan, bere Erreinuan, sarraraziko. » Ez da
bere heriotzeaz ari, baitaki egun batetik bestera hilen dutela. Beste hirrisku bat du gogoan, eta
Jainkoa eskertzen du hartarik begiratu baitu. « Borroka ona egin dut, lasterketa bururatu, fedea
begiratu .» Ez du bidean etsitu, ez du lasterketa utzi bainan badaki ere hori Jainkoari zor diola, eta
ez bere buruari. Indarra, Jainkoak eman dio. Eta oraidanik haren ospea kantatzen du : « Hari aintza
menderen mendetan. Amen .»

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jainkoak ez dio itxurari behatzen,
gizonek bezala, bainan bihotzari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 18, 9-14

9 Jesusek parabola hau erran zioten beren buruak zuzentzat hartzen
eta besteak gutiesten zituzten batzueri:
10 “ Bi gizon Tenplurat igan ziren otoitz egitera.
Bat farisaua zen, bestea zergalaria.
11 Farisauak, xutik, hunela otoitz egiten zuen bere baitan:
‘ Ene Jainkoa, eskerrak emaiten dauzkitzut ez naizelakotz
besteak bezalakoa : ohoina, zuzengabea, adulteriogilea
ez eta zergalari hori bezalakoa.
12 Astean bietan barur egiten dut,
eta irabazi guzien hamarrena emaiten.’
13 Zergalaria, aldiz, urrun zagola,
ez zen zeru alde begien altxatzera menturatzen;
bainan bularra joz erraiten zuen:
‘ Ene Jainkoa, urrikal zaite naizen bekatoreaz!’
14 Nik diozuet: etxerat itzuli zenean, azken hau zuzen egina zen,
eta bestea ez.
Bere burua goratzen duena, apaldua izanen da;
bere burua apaltzen duena, aldiz, goratua.”

Hastean ohar bat : Lukek erraiten dauku parabola bat emanen duela. Ez dezagun pentsa
beraz, Jesusen denboran farisau guziak parabola huntan erakusten dena bezalakoak zirela, ez eta
zergalariak ere hoin apalak eta gisakoak. Guhauren buruaz pentsaketak eginarazi nahi dauzkigu.
Ohartuko gira bat eta bestea girela, noiz nola.
Pasarte hunen funsezko gaia otoitza da. Horra aberats bat eta pobre bat tenploan. Aberatsa
zerga-biltzailea da. Fama zen jendea larrutzen zutela, zuzen zen baino gehiago kenduz. Gainera
arrotzendako, Erromanoendako ari ziren lanean. Etsaiaren lankideak eta beren herriaren
zapatzaileak. Bekatore handitzat ekarriak ziren. Ez zen heiekin kurutzatu behar. Oro har,
mespretxatuak eta hastiatuak zirelakotz, pobreak ziren nahiz-eta diruz aberatsak. Parabolako
zergalariak erraiten duelarik “Ene Jainkoa, urrikal zaite naizen bekatoreaz” egia baizik ez du
erraiten. Eta guri ere gauza bera galdegina zaiku : egia aitortzea Jainkoaren aitzinean. Hori da
otoitza. Zen bezala, urrikitan sartu zelakotz, Jainkoak barkatu zion : “Zuzen”, “justu” itzuli zen
etxerat.
Farisauek zuten fama, aldiz, on baino hobea zen. Legea ximenki begiratzen zuten, obra onak
betetzen, otoitz anitz egiten. Jendeen errespetua berekin zuten. Jainkoak bere onespena zor zioten.
Bainan parabolako farisauak ez du egiaz otoitz egiten, bere burua goresten bai. Ez du deuseren
beharrik, bere buruari so dago. Mereximenduak badituela uste du, bainan Jainkoaren aitzinean ez du
mereximendurik. Pobre bat da. Dena emana zaiku, kitorik, urririk. Jainkoaganik dugu dena.
Kasetari bat izan balitz tenploko atean, eta zergalariari galdegin ukan balio :
– Zerbaiten eskatzera etorria zinen hunat ? – Bai .
– Galdegina ukan duzu ? – Bai, eta aise gehiago.
– Eta zuk, farisau Jauna ? – Nik ez dut deusik ukan…ez nintzan deuseren beha ere.
Farisauak uste du denak baino gehiago dela. Bainan bihotza besteeri eta Jainkoari hetsia du.
Jainkoak ez dio atea bortxaz idekiko. Gure libertatearen errespetua badu. Beraz jin bezala joanen da
farisaua, bere “justiziarekin”, Jainkoarenarekin deus ikusterik ez duena.
“Bere burua goratzen duena, apaldua izanen da; bere burua apaltzen duena, aldiz,
goratua.” Apaltzea, biziki ttipiak girela onartzea da, eta hori egia da. Jondoni Paulok idazten du :
“Pentsa zazue besteak zuek baino gehiago direla”. Hori ez da guhauren burua ezartzea den baino
apalago. Denek gure on-gaitzak baditugu. Eskatzen zaukuna da, bakarrik, den bezala ikustea
guhauren burua, egia osoan. Orduan gira argian, eta orduan gaitu Jainkoak goratzen.