ABENDUKO LAUGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Dabiden seme den Mesiasen agintza )
Zamuelen bigarren liburutik 7,1-5 . 8-12 . 14. 16
1 Dabid erregea bere etxean bizi zen, Jerusalemen.
Jaunak inguruko etsai guziekilako bakea emana zion.
2 Erregeak orduan erran zion Natan profetari:
“ Beha: ni zedrozko etxean bizi naiz,
eta Jainkoaren kutxa oihal-etxolan dago.”
3 Natanek ihardetsi zion erregeari:
“ Zoaz eta egizu gogoan duzuna, Jauna zurekin baita.”
4 Bainan gau hartan berean Jaunaren hitza etorri zitzaion Natani:
5 “ Zoaz eta errozu Dabid nere zerbitzariari:
Hau dio Jaunak:
Zuk eraiki behar ote dautazu etxea, nere bizileku izan dadin?
8 Nik atera zintudan zure larreetarik, artaldeen gibeletik,
nere herri Izraelen buruzagi izan zintezen.
9 Zurekin izan nauzu ibili ziren alde guzietan,
nik suntsitu dauzkitzut aitzinean jarri zaizkitzun etsai guziak.
10 Nik emanen dautzut lurreko handikiena bezalako izen handia.
11 Leku bat emanen diot nere herri Izraeli,
han landatuko dut, han biziko da,
ez du gehiago hersturarik izanen,
eta gaizkiegileek ez dute apalduko, lehen bezala,
Jujeak nere herriaren gidari ezarri nituenean bezala.
Bakea emanen dautzut etsai guzietarik.
Jaunak jakinarazten dautzu, berak eginen dautzula etxe bat.
12 Zure egunak bete eta zure arbasoekin atseden hartuko duzunean,
ondoko bat emanen dautzut zure ondorean, zureganik sortua,
eta sendotuko dut haren erregetza.
14 Harek aita izanen nau ni, eta seme izanen dut nik hura.
16 Zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti nere aitzinean,
eta zure errege-alkia sendo izanen da betikotz.”
Jesu Kristo aitzineko hamargarren mendea. Dabid errege da Jerusalemen, berak eraiki jauregi
ederrean. Bainan kezka bat badu : Jainkoari ez ote dio tenplo bat eraiki behar, oihal-etxola batean uzteko
partez ordu arte bezala. Natan profetak berehala baietz. Bainan lasterregi mintzatu da. Ondoko gauean
Jainkoak hitz egiten dio. Profetak berriz Dabiden ganat joan behar du Jainkoaren bi pundutako mezuarekin :
lehenik “ez”, gero promesa bat.
Zuk, David, ez dautazu tenplorik altxatuko :
Bat : ez baitauzut deusik galdegin. Oihal etxola edo tenplo eder, Jainkoaren handitasunari ez zaio
deusik eransten : ”Gizonak Jainkoarentzat egiten duen guzia gizonaren onetan da, ez Jainkoaren” dio San
Agustinek. Betleemeko harpeak ez du Jesus batere izitu.
Bi: uste ote duzu nunbait ohatzen ahal dela naizen Jainkoa? Egiptotik atera eta, herria berrogoi urtez
basamortuan ibili delarik, Elkargoaren kutxa oihal-etxola batean egona da, herria norat, hura harat. Orai,
herria Lur Hitzemanean sartua izanik ere, Jainkoari berdin zaio haren egoitza holakoa edo halakoa izan
dadin. Jainkoa libro da, ez da preso sartzen. Harek dauku eskaintzen gure artean bizitzea, hura ukan dezagun
lagun gure bidean.
Hiru : Bakotxak bere egitekoa. Nor da ongi-egilea : Jainkoa ala Dabid ? Dabid adixkide, ez zaitela
tronpa : Jainkoak du eraikitzen, harek bizia emaiten. Bestela erran : Dabid da Jainkoaren eskuan eta ez
alderantziz. Jainkoak nahi duena hau da : bere herria eraiki, ez tenplo bat. Erregea xede horren betetzailea
da. Jainkoak erregea sustatzen du, erregea herriaren artzain ona izan dadin.
Horra gero promesa. Jaunak dio : Nik dauzut etxe bat eraikiko. Dabidek Jainkoari eraiki nahi zion
etxea harri, zur eta urrezkoa izanen zen, erregearen jauregia bezalako zerbait. Jainkoak Dabidi hitzemaiten
dion etxea, errege familia da. Jainkoak dio Dabidi : Zuk bizitegia eskaintzen dautazu. Nik ondokoak emanen
dauzkizut, zure familiako errege saila : “Jaunak jakinarazten dauzu berak eginen dauzula etxe bat…ondoko
bat emanen dauzut zure ondorean, zureganik sortua…zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti…”
Ordutik dago Izrael Mesias baten beha, erran nahi baita olioz gantzutu errege baten haiduru.
Salmoa 88
Leloa: Zure betiko bihotz ona, dut aipatuko beti, Jauna.
Zin egin duzu: Dabidekin naiz bat egina
Hura da hura nik hautatua den gizona.
Sekulako naiz zure semeen Jainko Jauna;
Zure alkia menderen mende dirauena.
Deituko nauzu : Zu, nere Aita, nere Jauna,
Nere harroka, beti nere zain bazaudena!
Izanen da bai hortakotz premu nik egina,
Eta lurreko jaun erregetan handiena.
Harentzat dutan amodioa betikoa,
Harekilako batasun hura berme doa.
Izanen duen ondorengoa betikoa,
Haren alkia iguzkiaren parekoa.
Erran daiteke salmo zati hau irakurgaia bera dela, otoitzerako moldatua : ”Dabidekin naiz bat egina…zure
alkia menderen mende dirauena.” Harrigarri ere da : Jainkoak zin egin dio Dabidi! Dabidek Jainkoa ukanen
du aita :”Zu, nere Aita.” Orduko mintzamoldean “aitak” erran nahi zuen “nausi”, eta “semeak”
“zerbitzari.” Orduan ez zen pentsatzen ahal Jainkoarekilako beste harremanik. Jesusen mezua besterik
izanen da geroago.
Bigarren irakurgaia
( Jainkoaren mixterioa Jesusen baitan agertua )
Jondoni Paulok Erromanoeri 16,25-27
25 Aintza Jainkoari!
Harek fedean azkartzen ahal zaituzte,
Jesu Kristo iragarriz, predikatu dutan Ebanjelioaren arabera.
Horra orai agertua den mixterioa:
Betidanik gordea egona zen,
26 bainan orai agerian emana da.
Betiereko Jainkoaren erabakiaren arabera,
eta profeten idazkieri esker, herri guzieri adiarazia zaiote,
sinestera erakarriak izan daitezen.
27 Zuhur bakarra den Jainkoari aintza
Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan. Amen
Horra Jondoni Paulok Erromanoeri idatzi zioten gutunaren azken lerroak : goresmen luze bat da, hats
bakar, erranaldi bakar emana (grekaz). Larri-larria gizonen historia guzia kurritzen du, hortan agertzen baita
Jainkoaren betidanikako xede gordea. Xede hori Pauloren gutun hunen bihotza da, betidanik Jainkoak
asmatua eta emeki-emeki agertua : “Horra orai agertua den mixterioa : betidanik gordea egona zen,
bainan orai agerian emana da…herri guzieri adiarazia zaiote, sinestera ekarriak izan daitezen.” “Herri
guzieri” : Jainkoaren asmoa denentzat da. Testamendu Zaharrak ez du besterik erraiten. Jainkoak Abrahami
: « Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak. » (Has 12,3) « Ni, Jauna, bizidun guzien Jainkoa.
» (Jr 32,27) Eta beste…
Paulo ideia ber-beretan da : « Jesu Kristoren bitartez eta berrionari esker, paganoek juduen
ondoretasun bera dute, Kristorekin gorputz bat egiten dute eta agintza beraren partaide dira. » (Ef 3,6)
Ikusten da Paulok berritasun bat ekartzen duela, xehetasun xoila ez dena : paganoek ere juduen
ondoretasun bera dute, bainan Jesu Kristoren bidez, Berrionari esker. Jesus aro berri baten hastapena da.
Historia bi partetan ikus daiteke : Jesus aitzin, Jesus ondo. Jainkoaren mixterioa historia osoan hedatzen da
ixilean eta gordean bezala ; Jesus agertzearekin aldiz, argi osoa zabaltzen da. Begiak idekitzea aski da.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Huna Jaunaren neskatoa,
Bai, egin bekit zure hitzaren arabera.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 26-38
26 Jainkoak Gabriel aingerua
Nazaret deitu Galileako herri baterat igorri zuen
27 birjina batenganat;
hau ezkontzaz hitzemana zen
Dabiden etxetikako Josep deitu gizon bati;
eta birjinaren izena Maria.
28 Aingeruak Mariaren etxean sartu eta erran zion:
“ Agur , graziaz betea, Jauna da zurekin.”
29 Hitz horiek entzutean, ikaratu zen Maria,
eta bere baitan ari zen zer zitaken agur hori.
30 Aingeruak erran zion:
“ Ez beldur izan, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.
31 Hara: sabelean sortu eta semea izanen duzu,
eta Jesus emanen diozu izena.
32 Handia izanen da, Goi-goikoaren Seme deituko dute;
Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-alkia emanen dio;
33 Jakoben etxearen errege izanen da betiko,
eta haren erregetzak ez du azkenik izanen.”
34 Mariak erran zion aingeruari:
“ Nola gerta daiteke hori, birjina naizenaz geroz ?”
35 Aingeruak ihardetsi zion:
“ Izpiritu Saindua jautsiko da zureganat,
eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu;
horrengatik, zureganik sortuko dena saindu izanen da,
eta Jainkoaren Seme deituko dute.
36 Eta huna non Elixabet zure ahaidea ere
seme baten beharretan den bere xaharrean,
eta agorra omen zena seigarren hilabetean da;
37 ezin eginik ez baita Jainkoarentzat.”
38 Orduan Mariak erran zuen:
“ Huna Jaunaren neskatoa.
Gerta bekit zuk erran bezala.”
Eta aingeruak utzi zuen.
Nehor gutik ezagutzen zuen Nazaret. Herri ttipi bat, han nunbait Galilean. Eta ttipi bezala
mespretxatua. «Deus onik atera ote daiteke Nazaretetik?» (Jn 1, 46). Bizkitartean han da aingerua mintzatzen nexka gazte bati: “Graziaz betea”. Eta errepostua :”Huna Jaunaren neskatoa. Gerta bekit zuk erran bezala.” Hitz xoil horiekin, gizonen historia uzkali da. Ez da gehiago deus lehenago bezala.
Testamendu Zaharreko promesa guziak hitz horietan betetzen dira. Mendeetako Mesias, hasperenka berantetsia, atean da.
Dabiden ondoko errege baten beha zauden juduak. Bainan askoz gehiago emaiten zaiote orai :”Goigoikoaren Seme deituko dute; Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-alkia emanen dio; Jakoben etxearen errege izanen da betiko, eta haren erregetzak ez du azkenik izanen.” Hitzetan, iduriz, Izraeleko erresuma ttipia aipu da, eta hango errege ttipi baten, Dabiden, erregetza. Bainan Jainkoaren asmoak muga hertsi horiek porroskatzen ditu eta mundu zabalerak hedatuko da Maria ganik sortuko denaren erregetza.
Mariak ez du ikusten nola gerta daiteken holakorik. Aingeruak deusezten diozka duda guziak
:”Izpiritu Saindua jautsiko da zure ganat…horrengatik, zure ganik sortuko dena saindu izanen da eta Jainkoaren Seme deituko dute.” Izai profetak, besteak beste, errana zuen Dabiden ondoko errege bat Izpiritu Sainduak argituko eta indartuko zuela. Bainan aingeruaren mezua askoz urrunago doa : sortuko den haurra egiazki Jainkoaren Seme izanen da. Nola pentsa ziteken munduak oha ez dezaken Erregea Judako muga hertsietan itotzeko sortu beharra zela ? Eta uste baitugu mundiala, globala guk pentsatua dugula!
Handia bezain miresgarria den Jainkoaren asmo hori Mariak lañoki onartzen du :”Huna Jaunaren neskatoa.” Ez nausiaren aitzinean apaltzen den sehi beldurtia, bainan gogoz eta gorputzez amatzea onartzen duen emazte librea eta maitekorra.
Sofoni profetaren kantua entzuten dugu : “Egizu kantu, Sion hiri! Irrintzin egizu, Izrael ! Bozkaria zaite, Jerusalem, alai bihotz-bihotzez!…Jauna, Izraelgo erregea zure baitan dago.” (So 3,14-15) Bainan dena, pentsa ziteken baino ederrago da. Fededun orok, Mariarekin kanta dezake :”Kantuz ari zait nere arima Jainkoari, haren goresle kantuz ari…” (Lk 1,46)