Urteko 26. igandea C 2019-09-29

HOMILIA

Anai-arrebok!

Lerro hauek idazten hasi aurretik irakurri dut: amerikar batek idatzi du, Jainkoa ideia huts bat dela; pertsona bakoitzak bere kaskoan eratu duen ideia huts bat. Idazle horren arabera, Jainkoa ez da inor, ez da ezer, ez du errealitaterik.

Hala al da? Zuetako bakoitza, nik bakoitzaz kaskoan dudan ideia huts al da; zuetako bakoitzak ez al du errealitate bat nire ideiaz aparte?

Jesusek agertu digu Jainkoa ideia huts bat baino gehiago dela. NORBAIT dela. Maite gaituen NORBAIT. Eta NORBAIT delako, eta maite gaituelako, ezin geratu dela axolagabe gutako bakoitzari dagokionez. Lotura bizi bat duela gutako bakoitzarekin.

Gaurko ebanjelioan, beste behin, Jesusek agertu digu, Jainkoak nola ikusten gaituen: ez gara bizi NOR bezala. EGOISTA bizi gara. Jainkoa guretzat IDEIA huts bat da. Lagun hurkoa guretzat IDEIA huts bat da. Eta gehitu dezagun: natura, mundua, gure planeta IDEIA huts bat da. Hori atera daiteke munduan bizi dugun bizierari begira jartzen bagara.

Hona nola agertu digun Jesusek munduan bizi dugun biziera. Parabola baten bidez, ipuin baten bidez hitz egin digu Jesusek.

Bi pertsona elkarren ondoan bizi dira. Bat, aberatsa. Bestea, pobrea. Bat, egunero jai eta otordu handi. Bestea, aberatsaren atarian, gosean hiltzen. Aberatsak ezikusia egiten dio pobreari. Pobreak ezin jan du aberatsaren mahaitik eroritako apurrik ere.

Baina hil da pobrea. Hil da aberatsa ere. Pobrea Abrahamen altzora joan da. Aberatsa hondamenera.

Aberatsa Abrahami mesede eske hasi zaio. Lazaro bidal diezaion ur pixka batekin. Hori ezin bada, munduan bizi diren bere bost anaiengan bidal dezala, konberti daitezen.

Eta esanguratsua da Abrahamen erantzuna: beren aurrean duten Jainkoaren hitzari kasu egiteko gai ez badira, berpiztu den hildako bati ere ez diote kasurik egingo.

Esan bezala, parabola bat da, ipuin bat. Jesusek mezu bat eman nahi du horrekin. Zein da mezua? Zein dela mezua uste dugu?

Hasteko, Abrahamen munduaren eta hondamendiaren munduaren artean ez da posible harremanik. Infernurik baldin badago, infernuko batek ezin hitz egin du zeruko batekin. Bigarren, infernurik baldin badago, eta norbait infernuan badago, ezin ardura daiteke munduan dituen bere senideen konbertsioaz.

Baina zein da mezua? Predikari askok uste izan du, parabola honekin hau agertu duela Jesusek: Jainkoak jende ona saritzen duela eta jende gaiztoa zigortu. Fariseuen ustea zen. Hori al da mezua? Ez. Jainkoa ez da zigortzailea. On eta gaizto guztiok maite gaitu.

Askotan uste izan da, parabola hau pobreari ematen zaion kontsolamendua dela: mundu honetan zoritxarreko izan zara, baina beste munduan zorioneko izango zara. Hori al da mezua? Ez. Kontsolamendu kaskarra izango litzateke. Zer Jainko-mota da hori? Zertarako kreatu nau? Mundu honetan zoritxarreko izateko?

Beste bat da parabola honen mezua. Aberatsa jabetu da, uste erabat okerra izan duela munduan. Jabetu da, beraren atarian bizi zen pobrearen bidez hitz egiten ziola Jainkoak. Jabetu da, erabat zoro izan dela. Jabetu da, ez duela jakin pobrearen bidez hitz egin Jainkoari entzuten.

Orduan konturatu da aberatsa, bizi diren bere anaiei begiak ireki beharra duela. Nola irekiko die, ordea? Uste izan du, bide egokia hildako bat piztu eta haiengana joatea izango litzatekeela. Beste behin, uste okerra izan du aberatsak. Baina, gutxienez, bidearen erdia egin du: anaiei lagundu beharra ikusi du, konberti daitezen.

Horra, beraz, mezua. Ez gara konbertituko hildako bat etorrita ere. Jesus jauna hil eta piztu zen. Zer kasu egin dio munduak?

Aberatsa orduan hasi da bere burua aztertzen: berak ezikusiarena egin dion pobrearen zoria ikusi duenean. Orduan jabetu da, anaien konbertsioaz arduratu beharra duela.

Horra guretzat gaurko parabolaren mezua: ondoan pobre bat ikusteak, begiak irekitzera eragin behar digu; ondoan pobre bat ikusteak, munduan diren anai-arrebei konbertsiora dei egitera eragin behar digu.

Eta konbertsioa, barne-barnetik hau sinestea da: batetik, Jainkoa ez dela IDEIA huts bat, baizik eta Aita dugula; bestetik, lagun-hurkoa ez dela IDEIA huts bat, baizik eta anaia edo arreba dugula; hirugarren, mundua, natura, planeta ez dela IDEIA huts bat, baizik eta geure bizilekua dugula. Hitz batean esateko, konbertsioa hau sinestea da: Jainkoa eta ni, lagun-hurkoa eta ni, planeta eta ni bat garela, lotura estua dugula, eta, horrenbestez, ezin bizi garela axolagabe, ez Jainkoari dagokionez, ez lagun-hurkoari dagokionez, ez planetari dagokionez. Izan ere, geure bizitzan, eta adibide bezala, axolagabe bizi al gara geure gorputz-atal bati dagokionez?, eskuari, hankari etab. dagokionez.

Gaurko parabola egun-egunekoa dugu gaur egun. Datu soil hau kontuan hartzea aski genuke: munduko jendetza osoaren %1a munduko aberastasun osoaren %50aren jabe da; agian, hori baino handiagoa da aldea. Gaur egungo munduko sistemak jendearen arteko desparekotasuna, desberdintasuna, faboratzen ari da.

Inguruan pobreak ikusteak lagun gaitzala begiak irekitzen. Andre Mariak, Mikel goiaingeruak lagundu gaitzatela Jesus eta beronen hitza aintzat hartzen.

Dionisio Amundarain